Rosa Cobo Bedia. Soziologia irakaslea eta teorialari feminista

«Neoliberalismoaren ondorioz, prostituzioa industria bihurtu zen»

Prostituzioaren eta kapitalismoaren arteko lotura aztertu du liburu batean. Aitortu du zaila dela sexuaren industria eraistea, «beste jarduera ilegalak bezala», baina borrokan segitu beharra aldarrikatu du.

Ion Orzaiz.
Iruñea
2017ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Prostituzioaren atzean dagoen industria iluna eta horrek sortzen dituen botere egiturak hizpide hartuta, La prostitución en el corazón del capitalismo saiakera (Prostituzioa kapitalismoaren bihotzean, Catedra, 2017) idatzi du Rosa Cobo Bedia eta teorialari feminista eta A Coruñako Unibertsitateko (Galizia) Generoaren Soziologia irakasleak. Iruñeko Katakrak liburu dendan aurkeztu du berriki.

Prostituzioa kapitalismoaren tresna dela diozu. Zergatik?

Prostituzioa, berez, patriarkatuaren egiturazko instituzioetako bat da, eta kapitalismoa bera baino zaharragoa da. Baina garai hartako prostituzioa ez zen gaur egungoa. Kapitalismo neoliberala deritzoguna abian jarri zenean, prostituzioa eraldatu egin zen: pixkanaka, eragin ekonomiko urriko fenomenoa zena botere itzeleko industria bihurtu zen. Zergatik? Kapitalismo neoliberalak ezinbestekoak dituelako legez kanpoko ekonomiak. Manuel Castells soziologoak ekonomia kriminala deritzona, alegia. Testuinguru horretan, sexu industriaren zati handiena ez dago agerian, legez kanpoko ekonomia da, eta negozioaren zati txiki bat besterik ez da legezkoa. Mundu osoan irabazi handienak dituzten industria ilegalen zerrendan hirugarrena da prostituzioa. Eta funtsezko bihurtu da metaketa kapitalistaren prozesuetan.

Feminismoaren barruan, badira prostituzioa emakumeen ahalduntzearekin eta norbere gorputzen jabe izatearekin lotzen duten diskurtsoak. Bat al zatoz interpretazio horiekin?

Ez. Ezin dut bat egin prostituzioa emakumeen askatasunetik jaiotako jarduera gisa ikusten dutenekin. Analisi okerra eta azalekoa iruditzen zait; arazoaren muinari heltzen ez diona. Egunero, pobrezia handiko herrialdeetatik ateratzen dira ehunka milaka emakume, eta ongizate handiko herrialdeetara etortzen dira, gizon autoktonoek haien gorputzak sexualki erabil ditzaten. Hori da benetako arazoa. Muturreko pobreziatik datozen emakumeak dira, kultur baliabide eskasekoak, egoera administratibo irregularrean dira, eta ez dute babes sarerik batere. Faktore horiek guztiek bat egiten dutenean, oso zalantzagarria iruditzen zait emakumeen aukera askatasunaz hitz egitea.

Prostituzioa eta giza trafikoa gauza bera al dira?

Ez, inondik ere. Baina egungo gizartean oso hedatua dago pentsamendu ildo bat esaten duena putazaleen eta prostituten artean harreman kontraktual bat dagoela, eta harreman hori berdinen artekoa edo, gutxienez, parekidea dela. Nik salatzen dudana da jarrera horrek lotura estua duela kapitalismo neoliberalaren tesiekin. Zergatik? Bada, enfasi osoa jartzen duelako norbanakoan eta ustezko askatasun pertsonalean; eta, aldiz, ez ditu identifikatzen botere eta jazarpen egiturak.

Administrazio publikoek prostituzioari emaniko erantzuna, orain arte, prostituten aurkako zigorretan oinarritu da. Ez al dago beste biderik?

Bai, egon badago, eta orain arte ez dugu behar bezala nabarmendu. Ikuspegi abolizionista izan eta prostituzioaren auzia politikaren nahiz ikerketaren esparruan jorratu dugunak oso kritikoak gara administrazioaren jarrerarekin eta, oro har, prostituzio egoeran diren emakumeak kriminalizatzeko edota zigortzeko edozein saialdirekin. Hori babesten dutenek aurrean izanen gaituzte beti. Arazoari heltzeko garaian, nahitaezko baldintza da emakumeen eskubideak errespetatzea. Hori da gure abiapuntua. Eta behin hori bermatuta, galdera nagusiari helduko diogu: posible al da sexuaren industria eraistea?

Zuk zeuk bota duzu galdera...

Zintzo erantzunen dizut: oso zaila da. Baina patriarkatuaren eta kapitalismo neoliberalaren barruko beste hainbat ekonomia eta jarduera ilegal eraistea ere oso zaila den bezala. Eta horrek ez du esan nahi borroka egin behar ez dugunik. Bada garaia sexu esplotazioaren eta gehiegikeria ekonomikoaren bidegurutzean dagoen instituzio erraldoi hori higatzen hasteko. Ez da bat-batean izanen, baina badago aukera higatze prozesu hori abiarazteko.

Nola?

Lehenik, zigor ekonomikoak ezarri behar zaizkio sexuaren industriari. Bigarrenik, proxenetak ere zigortu behar ditugu, baita enpresaburu gisa definituta beren burua zuritu nahi duten horiek ere. Hirugarrenik, ezinbestekoa da gobernuek prostituzioarekin duten konplizitatea agerian uztea eta jarrera kritikoa garatzea. Eta, azkenik, putazaleen arduraz ere hitz egin behar da: haiek mantentzen dute sexuaren industria. Dena den, aurreko neurri guztiek ez dute ezertarako balio ez badira prostituzio egoeran diren emakumeen aldeko politika integralak aplikatzen. Bizimodu berri baten bila dabiltzan andreei lan esparru alternatiboak eta bestelako aukerak eskaini behar zaizkie.

Prostituzioa arautzea ez da bide egokia, beraz?

Ez. Prostituzioa arautu duten herrialdeetan —Alemanian eta Herbehereetan, kasurako—, nabarmen egin du gora kontsumitzaileen kopuruak. Eta, horren ondorioz, prostituzioan diren emakumeak ere gehitu dira. Libreak nahiz behartuak. Borondatez prostituzioan jardun nahi duten andreak ez dira eskaria betetzeko adina; hortaz, emakumeen salerosketa ere ugaritu egin da; eta sare mafiosoak indartu.

Prostituzioa oso barneratua dago gizartean. Zaila izanen da ikuspegi hori aldatzea...

Arrazoi duzu, prostituzioa barneratua dugu. Naturalizatua dago erabat. Imajinario kolektiboan, inplikazio moralik gabeko kontsumo ekintza gisa ikusten dugu prostituzioa. Horri buelta emateko tenorean, berebiziko garrantzia izanen dute hezkuntzak eta hedabideek. Emakume baten gorputza erostea jertse bat edo liburu bat erostearen gisako zerbait dela ulertarazten duten ideiak baztertu egin behar ditugu.

Antzik ikusten al duzu prostituzioaren eta haurdunaldi subrogatuen auzien artean?

Ez dira berdinak, baina badituzte hainbat ezaugarri komunean. Bietan azaltzen da, adibidez, esplotazio ekonomikoa: prostituzioaren kasuan, sexu esplotazioarekin batera; eta alokairuko sabelen kasuan, berriz, ugaltze esplotazioarekin. Auzi batean zein bestean, zurrunbiloaren erdian daudenak emakume pobreak dira. Pobrezia eta bazterketa egoeran bizi diren emakumeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.