Iñaki Alonso. Save The Children

«Adingabeek badute egoeraren berri; komunikatzen dira»

Etorkin adingabeek babesa eskatzeko dituzten arrazoiak ikusaraztea «funtsezkoa» dela iritzi dio Save The Childreneko bozeramaileak. «Adingabeak dira ororen gainetik; legearen babesa behar dute».

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
aitor biain
2018ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Save The Children erakundeak argitaratu duen txostenaren arabera, 2014az geroztik %127 igo da erakunde publikoen babesean dauden adingabe atzerritarren kopurua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iñaki Alonso (Barakaldo, Bizkaia, 1974) da erakundearen bozeramaile eta txostenaren egileetako bat. Azpimarratu du «modu batera edo bestera» bat egiten dutela Arartekoak edota Foru Aldundiek egiten duten irakurketekin. Ohartarazi du, ordea, txostenak ez dituela babes programak aztertzen.

Zergatik iritsi dira hainbeste adingabe EAEra ?

Alde batetik, [Espainiako] estatura iritsi den etorkinen kopurua hazi egin da azken urtean: 2017an, 27.000 pertsona baino gehiago iritsi ziren Espainiara; beraz adingabeen kopurua ere handitu egin da. Bestalde, adingabeen migrazio prozesuek eta erkidegoen babes programek ere badute loturarik horrekin. Adingabeek gutxieneko babes maila eskaintzen dieten lekuak dituzte helmuga, eta erkidego gutxi batzuetan baino ez dute aurkitzen hori.

EAE da etorkin adingabe gehien dituen lurraldeetako bat. Zergatik? Zer dute hemen beste tokietan ez dutenik?

Etorkin adingabe gehien jasotzen dituen hirugarren autonomia erkidegoa da EAE Espainian, Andaluzia, eta Kataluniaren ostean; laugarrena da, Melilla kontuan hartuz gero. Aurrez aipatu moduan, babesa ez da berdina toki guztietan: arazo larriak dituzte Melillan edota Madrilen. EAEn, berriz, babes ona eskaintzen diete. Adingabeek badute egoeraren berri, komunikatzen dira haien artean, eta norako edo helmuga horiek saihesten saiatzen dira. Halere, hemen aurki daitekeen profila heterogeneoa da. Araban eta Bizkaian, esaterako, bizi proiektua bertan garatzeko asmoa dutenak dira gehienak. Gipuzkoan, ordea, Europako beste toki batzuk helburu dituzten gazteak aurki daitezke. Kopuruak aldarazten ditu horrek, ondorioz.

Harrera, babes eta integrazio programen akatsak salatu dituzue txostenean. Zeintzuk dira akats horiek?

Espainiako Estaturako sarreretan daude akatsik larrienak, batez ere hegoaldeko mugan. Zenbait egoerak giza eskubideen urraketekin dute zerikusia, eta larriak dira hainbatetan. Arazo oso larriak daude, esaterako, itzultze beroekin: giza eskubide urraketak dira. Gazteak adingabe gisa identifikatzeko ere arazoak izaten dituzte, adina zehaztea ez baita erraza izaten askotan, eta adingabeak heldutzat jotzen dituzte. Eragin nabarmena du horrek gazteak ondoren jasoko duen babes motarekin. Adina zehazteko protokolo jakin bati jarraitu behar zaio, eta orain ez dute halakorik egiten. Zenbait babes gunek oso baldintza eskasak dituzte. Errealitate horren berri badute Espainiako erakundeek; ez dituzte aintzat hartzen, ordea.

Diputazioek salatu dute EAEko harrera etxeak gainezka daudela. Gaitasun eta baliabide mugez ere ohartarazi dute, halaber.

Bai, eta jakitun gara horretaz. Txosten honekin, Save The Childrenek adingabeen eskubideentzat erronka izan daitezkeen kasuetan jarri du fokua. Baina kasu horiek ezagunak dira aspaldidanik; ez ditugu guk bere horretan esaten. Arartekoak ere aipatu izan ditu. Guk salatzen duguna zera da: arazoa estatu osokoa dela, eta konponbideak ere maila horretakoa behar duela izan. Erkidego orori etorkin adingabeei babesa emateko dagokien ardura exijitzen diegu; haien eskumena da. Bakoitzak berea eginez gero, gutxi batzuk egiten ari diren gehiegizko ahalegina nola banatu aztertuko genuke.

Koordinazio arazo bat al da, baliabide falta bainoago?

Zalantzarik gabe. Kopuruak gora egin du azken urteetan, eta horrek baliabideak egokitzea eskatzen du, saturatzea ekidin eta dagokien arreta eman ahal izateko.

Adingabe horietako askok egoitzetatik ihes egiten dutela ere ohartarazi duzue. Zergatik egiten dute hori?

Hainbat dira. Hala ere, gazteen prozesu migratzailearekin du lotura. Alde egiten dute, ustez babesean dauden egoitzetan ez dituztelako behar bezalako tratua jasotzen, baldintza eskasetan daudelako, edota eskubide urraketaren bat jasan dutelako. Horrek beste babesgune batzuk bilatzera behartzen dituzte.

Asilo eskaera eta onarpen kopurua txikia izateak ere badu horrekin loturarik?

Ez dakit lotura zuzenik duen ala ez, baina ezagutarazi egin behar da, ikusarazi, gazte adingabe horiek asiloa eskatzeko dituzten aukerak zeintzuk diren, eta prozesua bera nolakoa den. Funtsezkoa da jakitea zer baldintzatan iritsi diren hona, eta zergatik egiten dituzten babes eskari horiek. Erraztasunak eman behar zaizkie baldintza objektibo batzuk dituztenei, eta ez zaizkie ematen. Saharaz hegoaldeko herrialdeetako gazteak dira gehienak; bada, badakizkigu nazioarteko babesa eskatzeko zer baldintza duten. Asiloa eskatzeko erraztasunik eman ezean, babesgabetasun larria sor daiteke.

Hain zuzen, harrera familiak sustatzeko kanpaina abiatu duzue. Hori da konponbidea?

Gure nahia ez da auzia konponduko duen neurri bat mahai gainean jartzea. Kolektibo horren egoera ikusarazi nahi dugu. Adingabeak dira ororen gainetik, etorkinak izanda ere, eta legeak ematen dien babesa behar dute. Horrez gain, uste dugu harrera familiak sustatzeak auzia ez instituzionalizatzea ekar dezakeela. Tresna eraginkorra izan daitekeela ikusarazi nahi dugu, gazteei gizarteratzea eta erakundeei lana erraztuko dizkien tresna, aldi berean. Izan ere, oraintxe bertan erakundeen esku dauden egoitzak dira ditugun tresna bakarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.