Polizien Legea hitzartzeko borondaterik eza egotzi die Beaumontek sindikatuei

Martxotik irailaren 15era arte izandako negoziazioen berri eman du. Ahal Dugu «baikor» azaldu da akordioa lortzeko aukerari buruz

Agustin Gastaminza Foruzaingoko zuzendaria eta Maria Jose Beaumont Barne kontseilaria, atzo. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2017ko urriaren 4a
00:00
Entzun
«Zer gehiago egin dezaket?». Galdera hori egin zien alderdietako ordezkariei atzo Maria Jose Beaumont Nafarroako Gobernuko Barne kontseilariak. Martxotik hona Foruzaingoko sindikatuekin izandako negoziazioen berri eman zuen atzo parlamentuan, baina, haren hitzetan, «negoziatzea gauza bat da, eta akordioa lortzea, beste bat». Beaumontek Polizien Legeari buruz hitzartzeko borondaterik eza aurpegiratu zien: haren esanetan, ELAk, CCOOk eta UGTk «ez dute proposamenik egin»; SPF eta APF sindikatuak, berriz, hitz egiteko prest azaldu dira, baina legearen ondoren garatu beharreko kontuak edo legearekin zerikusirik ez dutenak aldarrikatu dituzte. «Horrela adostu daiteke ezer? Iradokizunik baduzue egiteko, esan eta kontuan hartuko dut», esan zien alderdietako ordezkariei, ironikoki.

Haren porrotaren zain daude oposizioko hiru alderdiak. Ahal Dugu-k eta Ezkerrak osoko zuzenketa aurkeztu diote Polizien Legeari, eta urriaren 19an eztabaidatuko da osoko bilkuran. Bi alderdi horiek behin eta berriz gogorarazi dute sindikatuen gehiengoarekin ados jartzen ez diren bitartean atzera botako dutela lege proiektua. Egoerak bere horretan jarraitzen duenez, gaur-gaurkoz lege proiektua ez dela aterako ematen du. Haatik, Ahal Dugu-ko Ruben Velasco «baikor» azaldu da. «Urriaren 19ra bitarte, aurrerapausoak egongo direla uste dugu».

Beaumonten arabera, martxoaren 10ean Foruzaingoko sektore mahaia bildu zen, eta lege aurreproiektuari buruzko negoziazioa prestatzeko egutegia zehaztu zuten. Legez, hilabeteko epea zuten hitz egiteko, baina Foruzaingoko bost sindikatuak ez ziren eseri. «Martxoaren 21ean pertsonalki bildu nintzen sindikatu bakoitzeko bi ordezkarirekin. Helarazi nien guztia zela negoziagarria eta prest geundela proposamenak jasotzeko». Apiril hasieran onartu zuen gobernuak lege proiektua, eta hasierako proposamenetik «38 artikulu eta lau xedapen» aldatu zituen.

Parlamentura heldu zen, eta oraingo egoera bera izan zen. Denbora irabazteko asmoz, osoko zuzenketa aurkezteko epea luzatu eta Beaumonti sindikatuekin negoziatzeko bigarren aukera eman zion laukoak. Kontseilariaren arabera, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek negoziatzen hasi aurretik errespetatu beharreko gutxieneko printzipioak bidali zizkioten, eta Beaumontek erantzun zien baldintza horiek betetzen zirela. «Ez genuen proposamen gehiago jaso».

SPFk eta APFk 18 orrialdeko dokumentua igorri zioten, eta ekainaren 1etik abuztuaren 31 arte bost bilera egin zituzten. Beaumonten arabera, gobernuak azken proposamena egin zien, eta proiektuaren bederatzi artikulu moldatu eta hainbat xedapen gehitu zizkion. Besteak beste, prest zegoen 2015eko legetik kendutako ordainsariak berreskuratzeko edo proba fisikoak egiteagatik kendutako osagarrien truke diru saria %17 handitzeko. Konpentsazio ekonomikoek 4,3 milioi euroko kostua dute guztira.

Irailaren 14an azken bilera egin zen, eta han sindikatuen ezezkoa jaso zuen. «SPF eta APFrentzat ez zen nahikoa, eta UGT eta CCOO sindikatuentzat langileen eskubideak urratu ziren. ELA ez zen bertaratu». Beaumontek amaitutzat eman zuen negoziazioa.

Kontseilariaren argudioak

Maria Jose Beaumontek ukatu egin du hasierako proposamena inposatu nahi izan duela: «Edukia landu dugunok ez dugu inondik inora pentsatu parlamentura igorritako eduki bera onartuko dela». Era berean, Beuamonten arabera, APFk eta SPF sindikatuek jarritako azken baldintzek ez dute legearekin zerikusirik edo ondoren garatu beharreko kontuak dira. Adibidez, foruzainei geratuko zaien soldata argitzeko eskatu diete, eta gobernuak gutxi gorabeherako kopurua eman die. «Ezin dugu soldata erabat zehaztu, horretarako Foruzaingoaren postuen azterketa egokitu behar delako, eta dekretua garatu. Azterketa egiteak denbora eskatzen du, eta dekreturik ezin da egin legea onartu gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.