Gaurkotasuna galtzeke

Walter Benjaminek literaturaz, arteaz eta gisako gaiez idatzitako saiakera laburrak kaleratu ditu, euskaratuta, Sans Soleil argitaletxeak

Walter Benjamin, bere argazkirik ezagunenetako batean.
Juan Luis Zabala
2015eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
«Walter Benjamin XX. mendeko pentsalari garrantzitsuenetakoa da, eta, filosofia, historia, artea edota halako alorretan egin zuen ekarpena hain handia izanik, ezinbestekoa iruditzen zitzaigun euskal irakurleei haren artikulu nagusiak irakurtzeko aukera eskaintzea». Hitz horiekin arrazoitzen du Iraitz Urkulo Sans Soleil argitaletxeko Txinpartak bildumaren arduradunak Walter Benjamin idazle eta pentsalariaren (Berlin, 1892-Portbou, Herrialde Katalanak, 1940) bederatzi saiakera labur hautatu euskaratuta jasotzen dituzten bi liburu argitaratu izana: Literatura oharrak eta Denbora, historia eta artearen inguruko testuak.

Itzultzaile talde handi batek egin du euskaratze lana, eta Garazi Ugalde arduratu da testuak zuzentzeaz. Horrez gain, liburuekhitzaurre bana dute, biak ere Benjaminen lana ondo ezagutzen duten adituek idatzitakoak: Bernat Padro eta Jose Luis Delgado.

«Benjaminek landu zuen alor bakoitzean idatzitako artikulu nagusiak» aukeratzen saiatu dira argitalpenaren arduradunak, Urkulok adierazi duenez. «Euskal irakurleek Benjamin euskaraz irakur dezaketen lehen aldia izanik, erreferentziazko artikuluetatik hastea komenigarria izango zela pentsatu genuen. Testuak bi liburukitan banatzearena ordena kontua da gehienbat. Literatura oharrak antologiak literaturaren inguruko artikuluak biltzen ditu; Denbora, historia eta artearen inguruko testuak, berriz, zabalagoa da, filosofia, historia eta arteari buruzkoak jasotzen baititu».

Gaurkotasunik galdu ez duten gaiei gaurkotasunik galdu ez duten ikuspuntuetatik begiratzen die Benjaminek bere lanetan, Urkuloren iritziz. «Oso ikuspegi kritikoa erakusten du, bitxia dirudien arren, egun dugun egoerarekin, hots, gaurko testuinguru kultural eta politikoarekin guztiz bat datorrena. Benjaminen artikuluetan irakur daitezkeen ideia eta aldarrikapen askok egungo gatazketan bere horretan diraute. Haren garaitik gure egunetara igarotako denbora alde batera utzita, haren planteamenduek ez dute gaurkotasunik galdu; oraindik ere oso baliagarriak gerta dakizkiguke».

Inprenta eta bidalketa gastuei aurre egiteko, finantzaketa kolektibo bidezko kanpaina bat jarri zuten abian, baina ez zuten behar adina diru bildu. Kanpainan parte hartu zuten 18 lagunen ekarpena jaso dute. 120 aleko tirada egin dute, eta liburu dendetan nahiz Txinpartak bildumaren webgunean (www.sanssoleil.es/txinpartak) daude salgai.

Sans Soleil argitaletxea 2013an sortu zen, eta Txinpartak bilduma iaz jarri zuten abian, Aby Warburg arte historialariaren Sandro Botticelliren 'Venusen jaiotza' eta 'Udaberria' liburuaren argitalpenarekin. Kasu hartan, bildumaren arduraduna izan zen itzulpenaren egilea ere, Iraitz Urkulo. Liburuak «harrera xumea» izan du orain arte, baina hori aurretik ere espero izatekoa zela uste du. «Artearena bezalako esparru espezializatu batean euskaraz testu kritikoak eskaintzea, erreferentziazko autoreen ekarpen garrantzitsuak badira ere, zailtasunez beteriko bide bat da». Txinpartak bildumaren proiektuarekin aurrera jarraitzeko asmoari tinko eusten diote hala ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.