Bigarren aukera bat

Jon Ariza de Miguelek lehen eleberria kaleratu du: 'Ohe hotzak'. Aurrez izandako harremana berreskuratzen saiatuko dira bi pertsonaia

Ihintza Elustondo
2016ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Harremanak hasi eta bukatu egiten dira. Baina badago atzera egiterik. Aspaldian urrundutako lagun bati bigarren aukera bat ematea erabakiko du Ohe hotzak (Elkar) eleberriko protagonistak. Jon Ariza de Miguelen (Portugalete, Bizkaia, 1979) lehen liburua da. «Bigarren aukerak posible dira, eta hirugarrenak eta laugarrenak ere bai. Baina kontua da egokiak ote diren edo ez. Eta horretarako erantzun orokorrik ez dago».

Nobelaren hasieran, protagonistak gutun bat jasoko du, eta zalantzak piztuko zaizkio barrenean. Gutuna bidali duenaren eta jaso duenaren arteko harremana aspaldi hoztu zen, ezin jakin ziur nola eta zergatik. Baina eskutitza irakurtzean, iraganaren inguruko dudak sortuko zaizkio protagonistari. Erlazio hura uzteko erabakia hartu izanaren inguruko zalantzak. Dagoeneko, ez du argi bere garaian ondo jokatu zuen edo ez. Eta, ondorioz, bigarren aukera bati atea zabalduko dio.

Ekintza gutxi, gogoeta asko

Bakarrik denbora asko pasatu du protagonistak, eta, haren ustez, gizakiak jakin behar du bakarrik egoten. «Berak esaten duen moduan, saiatzen da bakardadearen lagun izaten. Baina ikusten du askotan ezinezkoa zaiola, ez duela horretarako indarrik, edo ohitura galdu duela». Horregatik erabakiko du beste pertsona baten bidez aurre egitea bakardadeari, eta ez berak bakarrik, ohi duen moduan. Horrekin zerikusia du izenburuak: «Ohe hotzak deitzen da bakardade hori askotan ohean gaudenean sentitzen dugulako, eta pertsona bakar batek epeltzeko beste bat behar duelako».

Bizitza norbaitekin partekatuta atseginagoa izan ohi da, baina horrek nekea ere ekartzen du. Bigarren aukera baten alde egin arren ere, ez du argi izango hartutako erabakia ote den onena. «Eleberri guztian zalantza hori du. Ez dago ziur erabakia hartu aurretik, eta erabakiak dakartzan ondorioak ikusita ere ez».

Ezin jakin daiteke zein izan zen bi pertsonaien arteko harremana. «Ez dauka inolako garrantzirik zer izan ziren: lagunak, amoranteak...». Haien artean zer gertatu zen ere ez da ageri liburuan. «Ez delako beharrezkoa istorioa ulertzeko. Sobran dauden detaile asko —baina askorentzat beharrezkoak direnak— ez dira agertzen». Besteak beste, izenik eta generorik ez du protagonistak. Baina xehetasunak ezkutatzea ez da nahita egindako zerbait izan, idazlearen arabera. «Propio ezkutatu baino gehiago, beharrezkoak ez direnez, ez ditut jarri».

Angel Errok idatzi du hitzaurrea, eta, haren esanetan, nobelan gauza gutxi gertatzen dira; ekintzen ordez, gogoetak dira nagusi. «Esan izan didate eleberrian ez dela ezer gertatzen, asko pentsatzen dela baizik. Gertakizunak pentsakizun horien ondorio direla, eta ez alderantziz». Finean, gogoetak kontatzeko nahiak bultzatu du Ariza de Miguel idaztera.

Ez da idazle porrokatu horietakoa: «Ez daukat inolako ohiturarik idazteko. Ikastola garaian, denen moduan idazten nuen, baina, unibertsitatean hasi ostean, utzi egin nuen. Orain urtebete edo, nik ere ez dakit zergatik, berriro hasi nintzen idazten, eta hau da esfortzu horretatik atera dena». Ingeniaria ere bada: «Ez da hain arraroa. Ingeniari lanak astean 40 ordu bakarrik kentzen dizkit, eta beste denbora guztia beste edozertan eman dezaket».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.