Donostiako Nazioarteko 64. Zinemaldia. Zinemira. Patxo Telleria. Zinemagilea

«Gidoiak idazten sentitzen naiz askeen»

Etxegabetuen auzia mahai gainean jartzen du Patxo Telleriaren 'Igelak' filmak; komedia tonua eta ipuin distopiko baten moldea darabiltza norberaren hautuen inguruko gogoeta planteatzeko

gorka erostarbe leunda
Donostia
2016ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Donostiako Viktoria Eugeniako antzokian zuten galako estreinaldia, atzo iluntze aldera. Aurrez, ordea, Principe zinema aretoan izan zen lehen emanaldia, arratsaldez, 16:00etan. Jendeak gogo onez hartu zuen filma; ilara luzeak izan ziren, eta, ondoren, filmaren orduan, barreak sarriak eta ozenak. Patxo Telleriari (Bilbo, 1960) urduri igartzen zitzaion, jendearen erreakzioak jakiteko irrikaz. Igelak-ek azken urteotako errealitate gordin bat azalaratzen du, komedia sozialaren lengoaiarekin. Pello (Gorka Otxoa) da protagonista, banku sukurtsal bateko zuzendaria. Delitu ekonomikoengatik atxilotu egingo dute, baina, patuaren kapritxoz, etxegabetuen elkarte batek okupaturiko eraikin batean aurkituko du babesa...

Gaia gaur-gaurkoa eta unibertsala da. Horizontes Latinosen aurkeztu dute Era o Hotel Cambridge Brasilgo dokumentala ere, etxe desjabetuen ingurukoa. Zuk garbi zenuen fikzioa egin nahi zenuela?

Zein testuingurutan kokatuko nuen erabaki aurretik garbi nuen komedia bat egin nahi nuela, baita komedia soziala izango zela ere bai. Askotan galdetu izan didate gai sozial hauek komediaren bidez jorra ote daitezkeen, eta erantzuten diet baietz, jakina. Ingelesak oso abilak dira komedia soziala egiten, adibidez. Mila adibide daude, eta ildo horretatik jo nahi nuen.

Erreferentzia jakinen bat izan duzu?

Ez, zehatz bat ez, baina bere garaian Monty Pythonek egindakoak edo azken urteetako Pride, zeinetan Thatcherren garaian gay eta lesbianak meatzarien alde jarri zirenekoa kontatzen duen... asko daude. Eta niri gustatzen zait ingelesek nola erabiltzen duten umorea gai serioak jorratzeko ere. Askotan pentsatzen da komedia egiten duzunean gauza hutsalak edo arinak kontatzen dituzula derrigorrean, eta ez da egia; sarri, halako sailkatze erraz bat egiten da komedia hitza entzun orduko.

Ondoren etorri zen, hortaz, gaia aukeratzea: krisia, bankuen gehiegikeriak, desjabetzeak ...

Bai, hori da; zein izan da azken urteotako errealitate sozial nabarmenena, bada krisi egoera larria. Nik pixka bat muturrerago eraman dut eta distopia moduko bat sortu dut. Errealitatean oinarritu naiz, baina zentimetro batzuk gorago egin dut, bai estetikan, bai testuinguruan... Istorioa igelaren eta eskorpioiaren fabulan oinarritua dago. Eta, horregatik, filmak berak ere fabula ukitu bat dauka.

Komedia beti izan duzu bidelagun, baina modu desberdinetan landua. Esaterako, Bypass-ekoa eta Igelak-ekoa desberdinak dira.

Bai, desberdintasun nabarmenak daude. Protagonistarena egiten duena bera da [Gorka Otxoa] baina rola erabat desberdina: Bypass-en ogi puska bat zen, eta Igelak-en kabroi bat.

Filmak planteatzen duen gaietako bat da pertsonak maltzurrak jaiotzen diren, zirkunstantziek egiten duten...

Erantzuna ez da unibertsala; animaliek ez bezala, pertsonek hautuak egiteko gaitasunak dituzte, eta hautuak egiten dituzte. Protagonista jarri dut egoera jakin batean, bera bankaria da, eta atxilotu egiten dute.

Filmean azaltzen den gune autogestionatu horren tankerakorik izan duzu buruan?

Ez da gauza bera, hura ez baitzen izan etxegabetuen gune bat, baina Bilboko Errekalde auzoko Kukutza izan liteke erreferente bat. Gune kultural bat izan zen. Halako espazio bat bilatu nahi genuen eszenografiarako ere, filmaren gune zentrala delako. Hasieran Bilbo inguruan hasi ginen bilatzen, printzipioz Bilbo inguruan egitekoak ginelako. Halako gizarte postindustrial bat irudikatzeko Bilboko ezkerraldea-edo datorkizu berehala burura, baina ez genuen gure gustuko eraikinik topatu, nortasun berezi bat izango zuena. Donostiara etorri eta Artelekurekin topo egin genuen. Gidoia nahiko aurreratua genuen, nahiz eta gidoia ez den sekula amaitzen. Artelekuko eraikina ikustean, pentsatu nuen ez zela izango soilik etxegabetuentzako espazio bat, baizik eta baita sortzeko gune bat ere, eta, zentzu horretan, Kukutzaren adibidea etortzen zitzaidan.

Zer moduz aritu zara zuzendaritza lanean; oraingoan, bakarrik egin duzu; aurrekoa, Bypass, Aitor Mazorekin zuzendu zenuen. Hari eskaini diozu filma.

Nik bakarrik egingo nuela erabakia genuen Aitor hil baino lehenago ere, norberak bere ibilbidea egitea, alegia. Berak aktore gisa parte hartu behar zuen, hori bai. Ni neu nahiko modu naturalean aritu naiz lanean.

Musikaren garrantzia oso nabarmena da, ez soilik kantu asko entzuten delako, baizik eta musikariak beraiek azaltzen direlako.

Bai, oso gauza kalekoa egin nahi nuen. Eta, horregatik, musikariak ere kalean jarri nituen, eta jotzen edo kantuan gainera: Ainhoa Arteta, Gatibu, Gari, Gose, Natxo De Felipe... Musika ez da soilik girotzekoa.

Lehen ere egona zara Zinemaldian. Filmari lagunduko dio?

Bai, erakusleiho oso egokia da filmari bultzada emateko. Film guztiek dute bokazio unibertsala berez, eta gureak ere badu, eta euskaraz eginda, gainera. Filmaren eremu naturala hau da, Euskal Herria, eta Zinemaldian estreinatzeak ba esanahi berezia du.

Euskarazko produkzioa, tantaka bada ere, sendotzen ari dela dirudi...

Euskarazko zinema hasiberri bat da oraindik, eta horrek alde on bat dauka, beti hobera goazela eta hazten ari garela; beste industria sendoago batzuek ezin dute esan hori, iritsiak direlako heldutasun batera, baina gu ume moko bat gara, gehienera ere nerabezaroan sartzen hasi dena. Dena berria da, eta sortzen den film orok zerbait ekartzen du berria.

Ikusten duzu zeure burua zuzendari modura aurrerantzean ere?

Bai, beste gauza batzuen artean zuzentzen ikusten dut neure burua; antzerkian ere aritzen naiz, aktore lanetan, baina erosoen gidoiak idazten sentitzen naiz. Hor sentitzen naiz askeen sorkuntzari dagokionez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.