Artigas zabortegi inguruko lurrak garbi daudela dio Bilboko Udalak

BERRIAk jakin duenez, urtarrilean plastikoz beteta agertu zen ingurua ez dute garbitu; Arraiz mendialdeko kalteak bere horretan jarraitzen du

Duela hilabete BERRIAk Artigas inguruan hartutako irudia. A. LASKIBAR LIZARRIBAR.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2015eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
«Udalaren mendiak egoera onean daude. Garbi daude». Hitz horiekin erantzun dio Jose Luis Sabas Bilboko Obra eta Zerbitzuetarako zinegotziak Aitziber Ibaibarriaga Bilduren zinegotziari, Artigas zabortegiaren ondoko mendialdearen egoerari buruz galdetu dionean. BERRIAk urtarrilaren 30ean kaleratu zuen informazioaren harira eskatu zuen udaleko ordezkariaren agerraldia Bilduk. Artigas zabortegiaren ondoko mendialdea plastikoz beteta zegoela berri eman zuen, orduan, egunkari honek. Haizeak zabortegitik eramandako milaka eta milaka plastikozko poltsak mendiaren zati bat janda zuela jakinarazi zuen, eta egoeraren larritasunaren testigantza ematen zuten argazkiak eta bideoa erakutsi zituen.

Albiste hura ez duela zertan zalantzan jarri esan du Obra eta Zerbitzuetarako zinegotziak, gaiari buruzko azalpenak emateko agerraldian. Baina jakinarazi du udalak bere mendi inguruak hamabostero ikuskatzen dituela, eta adierazi du Artigasko zabortegia dagoen Arraiz mendian ez dagoela plastikorik. Argazkiak erakutsi ditu hori ziurtatzeko. Garbi dauden mendialde batzuetako argazkiak. Sabasen esanetan, Arraiz mendiaren bi behe ibarretan ateratakoak dira argazkiak, otsailaren 2an egindakoak.

BERRIAk egun gutxi lehenago plastikoz lepo ikusi zuen eremua, ordea, ezin liteke egun batetik bestera garbitu. Plastikoek erabat janda zuten zabortegiaren albo bateko mendialdea. Milaka eta milaka plastikozko poltsa zeuden lurrean, errekatxoan, zuhaixketan eta adarretan trabatuta.

Gainera, BERRIAk jakin duenez, bere horretan jarraitzen du inguruak. Inork ez du garbitu, eta hilabete eta erdi darama plastikoen pean. Hain zuzen, egunkari honek triskantzaren berri eman zuenerako, hamabost egun zeramatzan egoera horretan.

Udalaren lurrak garbi badaude, zikinduta dagoen lur eremua norena den zehazteko eskatu du Bilduren zinegotziak, eta, hori argitzeko, inguruko planoa igortzeko eskatu dio Sabasi; udalaren lurrak noraino iristen diren zehazteko. Edozein kasutan, lurrak udalarenak izango ez balira ere, Bilboko mendi guztiak garbi daudela ziurtatu behar lukeela aurpegiratu dio Ibaibarriagak Sabasi.

Horiek horrela, eremua garbitu dadin hartu beharreko neurriak hartzeko eskatu dio Bilduko ordezkariak udalari, eta Artigasko tratamendu mekaniko biologikoko plantaren arduradunei egindako kalteagatik isuna jarri diezaiela galdegiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.