Facebookek berriz zentsuratu du Chrysallisen kanpainako irudia

Gaztelerazko orriko irudiari baietza eman ostean, euskarazkoan kentzeko eskatu du. Elkarteak irudiko genitalak estali ditu, bi orrietan

Jon Rejado.
Gasteiz
2017ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Lau egunean bi aldiz zentsuratu du Facebookek Chrysallis Euskal Herria elkarteak abiarazitako kanpaina. Astelehenean hasi zuten Badira zakila duten neskak eta alua duten mutilak; horrelaxe da! lelodun egitasmoa; besteak beste, Facebooken jarri zuten kanpainaren marrazkia: lau haur biluzik, eskutik, korrika egiten. Irudian haurron genitalak ateratzen direla eta, Facebookek gaztelerazko leloa zuen irudia kentzeko eskatu zien astelehenean. Atzo, erabakia zuzendu, eta irudiari oniritzia eman zion; ordea, minutu batzuk geroago, euskarazko testua zuen irudia kentzeko eskatu zien: orria itxiko zietela, «garbitu» ezean. Hori ikusita, atariko irudien genitalak estaltzea erabaki du Chrysallisek, «arazoak saihesteko».

Oihartzun handia izaten ari da kanpaina. «Espero genuena aise gainditu du», adierazi du Bea Sever elkarteko kideak. Azaldu du Twitterren asko zabaldu dela, eta erantsi du Facebookeko gertakariak are oihartzun handiagoa eman diola. Ildo horretan, atzo bertan Nafarroako Parlamentuak babesa eman zion kanpainari, baita araudi «egoki» baten alde lan egiteko asmoa agertu ere. Severrek nabarmendu du egitasmoa aniztasunaren aldekoa dela: «Horrek denak ukitzen gaitu».

Kanpaina izaten ari den oihartzuna webgune berriari bultzada emateko baliatuko du elkarteak (chrysalliseh.eus). «Erreferentzia izatea nahi dugu, haurren transexualitateari buruz jakin nahi duen ororentzat: osasun arloko langileak, familiak...».

Horrez gain, administrazioekin lan egiten jarraitzeko beharra nabarmendu du. «Politikari askok lagundu dute kanpaina sare sozialetan zabaltzen; nahiko genuke babes hori gure aldarrikapenak aintzat hartzean ere islatzea». Eusko Jaurlaritzari eskatu diote familientzako arreta zerbitzu bat martxan jartzeko, eta hezkuntza protokoloaren barruan irakasleei prestakuntza emateko. «Paperean dago, baina ez dira egiten ari». Nafarroako Gobernua bi ildo horietan egiten ari den lanarekin «oso pozik» daude Chrysalliseko kideak, baina azaldu du osasun arloan arazo handiak dituztela.

Talde katoliko bat, aurka

Facebookekoa, ordea, ez da elkarteak jaso duen eraso bakarra. Madrilgo Centro Juridico Tomas Moro talde katolikoak eskaera bat egin dio Fiskaltzari: «adingabeak galbidean jartzeaz» akusatu dezan Chrysallis Euskal Herria. Talde katolikoaren hitzetan, kanpaina «gezurretan» ari da, eta «zientziaren aurka» egiten du. Interneten 5.000 sinadura jaso dituzte eskaera horren alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.