Argantzun ikastola, 'Irrikitan' Araba Euskaraz ospatzeko

Datorren urteko ekainaren 17an egingo dute. Lehen Hezkuntzako zikloa eskaintzeko baliatu nahi dute festan bilduko duten dirua

Argantzun ikastolakoek hirugarrenez antolatuko dute Araba Euskaraz. BERRIA.
Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2017ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Apurka ari da gorpuzten datorren urteko Araba Euskaraz. Ikastolen festa hartzeko «irrikan» daude Argantzun ikastolako kideak, eta, hain justu, mezu bihurtu dute gogo hori: Irrikitan lelopean egingo dute jaia 2018ko ekainaren 17an, atzo Gasteizen iragarri zutenez. Ateratako dirua Lehen Hezkuntzako zikloa eskaintzeko baliatuko dute, egun soilik Haur Hezkuntza eskaintzeko baliabideak dituztelako. «Lehen Hezkuntzarena gurasoen eskakizun bat da, hemen euskaraz ikasten jarraitzeko aukerarik ez dutelako», azaldu du Ekaitz Lotina Argantzun ikastolako irakasleak.

Argantzun Trebiñuko konderrian dago. «Euskaraz irakasten dugunez, Burgosko Diputazioak ez digu laguntzarik ematen. Eusko Jaurlaritzak ere ez, haien eskumenetatik kanpo gaudelako. Ondorioz, baliabide murritzak ditugu», salatu du Lotinak. Ikasturte honetan 0 eta 6 urte bitarteko 50 bat ikasle dituzte, baina Lehen Hezkuntzako zikloa zabaltzean kopurua bikoiztea espero du ikastolako zuzendaritzak.

Hartara, Araba Euskaraz festa baliatuko dute egoerari buelta emateko. «Irrikitan leloa aukeratu dugu, gure nahiak ongi biltzen dituelako. Irrikan gaude euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko, irrikan gaude Lehen Hezkuntza martxan jartzeko, irrikan gaude Trebiñu Araba dela esateko...», adierazi du Maite Fernandez Argantzun ikastolako lehendakariak. Aldarrikapenen eguna izango dela gaineratu du: «Alde batetik, euskara eta euskaltzaleen eskubideak errespeta daitezen nahi dugu, eta, bestetik, egunero modu lazgarrian eragiten digun Trebiñuko konderriaren afera konpontzearen aldeko aldarria plazaratu».

Eguna borobila izan dadin, jada hasi dira lanean. Langile, familia zein herritarrez osatutako batzordeak eratuta daude dagoeneko, ibilbidea ere «ia-ia» finkatua dute, eta materiala salgai dago. Datozen egunetan Internet bidezko denda bat ere zabalduko dute, nahi duen orok edozein txokotatik lagundu dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.