Herrialde buruak hautatu ditu EAJk

Suso izango da Arabako buru, Hualde Nafarroakoa, eta Arizmendi Iparraldekoa

EAJ.
Hodei Iruretagoiena.
2016ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Abenduan hasitako barne prozesuari amaiera eman, eta datozen lau urteetarako lurralde batzarrak berritu ditu EAJk, denak babes zabalarekin. Araban bakarrik aurkeztu zituzten bi hautagaitza, eta bien arteko akordioa lortu dute azkenean han ere. Unai Grajales hautagaiarekin ados jarri ondoren, Jose Antonio Suso izango da Araba Buru Batzarreko buru. Hala, Xabier Agirreren lekua hartuko du Susok, aurrez Arraia-Maeztuko udalean, diputazioan eta Eusko Jaurlaritzan aritutakoak.

Nafarroan ere izan da aldaketa: Unai Hualdek hartu du 2012tik Manu Aierdik betetako kargua—Nafarroako Gobernuko Ekonomia kontseilari da orain Aierdi—. Hualde Altsasuko alkate izan zen 2007-2011ko agintaldian Nafarroa Bairekin, eta Geroa Baiko parlamentaria da gaur egun. Azaldu duenez, «aldaketaren gobernua indartzeko» ekarpena egiten jarraitu nahi du.

Ipar Buru Batzarrean, berriz, Pako Arizmendik hartu du Txaro Goikolearen lekua. Hala, Euzkadi Buru Batzarreko kide izango dira aurrerantzean Suso, Hualde eta Arizmendi. EBB berritzeko bozketak ere egin dituzte lurralde batzarretan; otsailaren 13an eta 14an egingo dute Biltzar Nagusia Iruñean, eta han berretsiko dute Andoni Ortuzar alderdiko buru.

BBBn, andreak gehiengo

Bizkaian, aho batez hautatu dute Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko buru. Zuzendaritzan sei burukide berri sartu ditu, eta lehen aldiz, emakumeak gehiengo izango dira. BBB berritua «gizarte plural eta irekiaren ispilu» dela nabarmendu du Atutxak.

1987tik da Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko buru —2000-2004 artean Juan Mari Juaristi izan zen—, eta hala segituko du beste lau urtean. Denera, mende laurden egin du kargu horretan. Zuzendaritza, ordea, dezente berritu du: GBBko hamalau burukideetatik bederatzi berriak dira. Egibarrek esan du «ardura handia» daukatela, kudeaketan ez ezik, «herri honentzako ildo estrategikoak finkatzeko lanean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.