Austriako gobernu berriko sei ministerio, eskuin muturraren esku

Barne, Atzerri eta Defentsa sailak gidatuko ditu. Kurz lehen ministro kontserbadoreak esan du Europaren aldeko jarrera»argia» dutela

Strache (FPO) eta Kurz (OVP), atzo Vienan. CHRISTIAN BRUNA / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Bi hilabete negoziatzen igaro ondoren, Austrian gobernu koalizioa osatzeko akordioa egin zuten, herenegun, OVP alderdi kontserbadoreak eta FPO eskuin muturrekoak. Beraz, 2000 eta 2006 artean bezala, elkarrekin gobernatuko dute. Koalizioari aurrera jarraitzeko baimena eman zion, atzo, Alexander Van der Bellen (Berdeak) presidenteak, eta gobernu berriak ministerioen banaketaren berri eman zuen. Horietako sei ultren esku geratuko dira: Barne, Atzerri, Defentsa, Gizarte gaiak eta osasuna, Azpiegiturak, eta Kirol ministerioak. 31 urteko Sebastian Kurz (OVP) izango da kantziler berria —datozen egunetan izendatuko dute—, eta gobernuko bazkideekin batera egindako agerraldian nabarmendu zuen Europaren aldeko jarrera «argia» dutela bi alderdiek. Herbert Kickl (FPO) Barne ministroa izango denak ere hartu zuen hitza, eta adierazi koalizioa dela eta «inork» ez lukeela eduki beharko «beldurtzeko» motiborik.

Izan ere, migrazioaren kontrako jarrera argia dauka FPOk, eta euroeszeptikoa da, berez. 2000 eta 2006 artean gobernuan egon zenean, EB Europako Batasunak Austriarekiko harremanak izoztu zituen, eta estatu kideetako batzuek zigor diplomatikoak ere ezarri zizkioten. Joerg Haider xenofoboa zen orduan eskuin muturrekoen liderra —2008an hil zen, auto istripu batean—, eta hura EBtik ateratzearen aldekoa zen. Diskurtsoa leundu zuen, atzo, Heinz-Christian Strache alderdiko liderrak: «EBtik ateratzeari buruzko balizko bozketa bat egitea debekatuta dago».

Tradizio handia du ultren alderdiak Austrian —II. Mundu Gerrako nazi batzuk zeuden sortzaileen artean, 1956an—, baina duela hamar bat urte, barneko ustelkeria kasuak direla medio, indarra galdu zuen. Errefuxiatuen krisia dela-eta Europa bizitzen ari den abagunea aprobetxatu du, ordea, haren betiko diskurtsoa hauspotzeko eta berrindartzeko.

Joan den urri erdialdean egin zituzten hauteskunde legegileak, eta horietan OVP nagusitu zen: 2013ko bozekin alderatuta, zortzi puntu gehiago eskuratu zituen (%31,5). SPO alderdi sozialdemokrata izan zen bigarren indarra (%26,9), baina ez zuen aurreko emaitza hobetzerik lortu. Eskuin muturreko alderdiak, aldiz, sozialdemokratek baino 40.000 boto gutxiago besterik ez zuen atera (%26).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.