Espainiako Konstituzioaren eguna. Independentziaren aldeko martxa

Carod-Rovira: «Kataluniak etorkizunaz erabaki nahi du, baina aniztasunez»

Independentziarako bidean, abertzaleen arteko indar metaketa nola gauza daitekeen eztabaidatu dute

Plateruena kafe antzokian egin zioten kazetariek elkarrizketa Carod-Rovirari. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Durango
2012ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Honezkero eztabaidaren muina ez da independentzia bideragarria den ala ez, baizik eta independentzia nola lor daitekeen eta, batik bat, nortzuek urra dezaketen bidea. Hala azaleratu zuen atzo Josep Lluis Carod-Rovira ERCko idazkari nagusi ohiak, Kataluniako Generalitateko presidenteorde ere izandakoak, azaroaren 25eko hauteskundeen irakurketa egitean: «Argi geratu da Kataluniako herriak etorkizunaz erabaki nahi duela, baina ez alderdi edo lider bakarraren bidez, baizik eta herri gisa, aniztasunez». Horrek, ordea, baditu oztopoak ere. «Ezkertiar eta independentistek bost aukera izan dituzte bozkatzean. Ezker gehiegi dugu hain herri txikia izateko. Hori sinplifikatu beharko genuke: ezker nazional indartsua sortzeko, bat egite prozesua abiatu behar dugu».

Durangoko Plateruena kafe antzokian (Bizkaia) esan zituen hitzok, Info7 irratiak antolatutako Independentzia olatua saioan. Artur Mas Generalitateko jarduneko presidenteari buruz esan zuen «asmo independentista zintzoa» duela baina akatsa egin zuela irailaren 11ko manifestazio jendetsuaren ondorengo estrategian: «Beti anbiguotasunean mugitu den alderdi bat ezin da hiru hilabetean aldatu».

Kataluniako eta Euskal Herriko egoerak erkatu zituzten, ezinbestean, Carod-Roviraren elkarrizketaren ostean egindako mahai inguruan. Eusko Legebiltzar berriaren argazkia hartu zuen abiapuntu Iñaki Petxarroman BERRIAko zuzendariordeak, jeltzaleen balizko proiektu independentistaz jarduteko: «EAJren oinarriak eta boto-emaileak independentziaren aldekoak direla konbentzituta nago, baina ez dut hain argi ikusten aparatuak berak norabide horretan eraman nahi duenik ontzia».

Ideia horrekin bat egin zuen Gara-ko zuzendari Iñaki Sotok: «EAJ ez da independentista bihurtuko prozesu arrazional baten bidez; presio sozialak behartuko du, hegemonia eta lidergoa mantendu ahal izateko». Ildo horretan, gizartea mobilizatzea ezinbestekotzat jo zuen Petxarromanek, epe laburrean bi indar abertzale nagusien arteko elkarlana bidera daitekeen argitzen joateko: «EAJn ikusten ditut zailtasunak; PPri begira dago, ezker abertzaleari bainoago».

Antzeko jokalekua azaldu da Katalunian, bozen ostean. Carod-Rovirak esana zuen ERC eta CiUren arteko akordioa nahiko lukeela: «Kontsultaren agintaldia izango bada, batasun nazionaleko gobernua eratu beharko da, helburu nazional hori partekatzen duten indarrek osatuta». Petxarromanek zail ikusi zuen: «Ez da egingarria, kontuan izanda egoera ekonomikoa eta CiUk mozketak egiten segituko duela».

Kataluniako ispiluari begira, aldiz, «itxaropenaren kudeaketarekin» kezkatuta agertu zen Arantzazu Zugasti Noticias de Gipuzkoa-ko zuzendaria: «Sortutako espektatiben ostean, nola kudeatu behar da porrota? Politika gauza ukiezinez beteta dago». Independentziaren inguruan ilusioa sortu beharraz jardun zen, baina epe luzera begiratuta eta Carod-Roviraren mezua gogora ekarrita, honako hau gaineratu zuen: «Independentziak ez dira inprobisatzen». Sotok zehaztu zuen Euskal Herria «historiako momenturik onenean» dagoela independentziaren bidean, baina gizarteak ez duela antzematen: «Ez gara ilusioa kudeatzeko gai izaten ari».

Ilusio hori, halere, Carod-Rovirak agertu zuen: «Lehendakari independentista bat baino, nahiago nuke lehendakari soilik izango litzatekeen lehendakaria, Euskal Herria independentea zatekeelako». Eta baimena eskatuta, erantsi zuen: «Espetxean dagoen Arnaldo Otegi adiskidea agurtu nahiko nuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.