Bilbon eta Donostian behera egin du kalean bizi direnen kopuruak

Bizitegi bazterketa aztertu dute Gasteizen egindako jardunaldi batzuetan: beheranzko joera antzeman dute, Gasteizen izan ezik. Emakumeen egoerari erreparatu diote: babesgabeago daude

Sanzek eta Baptistak egoeraren erradiografia egin zuten atzo, 200 bat entzuleren aurrean. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2017ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bizitegi bazterketan bizi diren pertsonen kopuruak behera egin du azken urtean, nahiz eta adituek onartu duten zaila dela zehaztasun osoz jakitea. Atzo, Gasteizen jorratu zuten bazterketa mota hori, Europa jauregian egindako jardunaldietan. Gaiari buruzko hirugarren azterketa aurkeztu zuten, eta ondorioztatu zuten, oro har, beherakada ageri dela, batez ere Bilbon eta Donostian.

Jardunaldien aurkezpenean, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak gogora ekarri du bizitegi bazterketan bizi diren pertsonak ez direla soilik etxegabeak; kontuan izan behar dira bazterketan erortzeko arriskuan daudenak, abandonatuta dauden etxeetan bizi direnak, edo etxetik kaleratzeko arriskuan daudenak. Alkatearen hitzetan, halere, nabarmen murriztu da etxe kaleratze arriskuagatik bizitegi bazterketan daudenen kopurua.

Iazko urriaren 26tik 27rako gauean 24 udalerritan bildutako datuetan oinarrituta dago azterketa. Boluntarioek egin zuten: etxebizitza duinik gabe bizi den pertsonaren bat aurkitzean, galderak egin zizkieten, egoera hobeto ulertu eta irudikatzeko. «Kontaktatutako pertsonen %70k erantzun zuten galdetegia. Luzea da, galdera konprometituekin, eta batzuek ez zuten erantzun nahi izan. Baina egoera nolakoa den ikusteko balio digu», azaldu du Rakel Sanzek, SIIS dokumentazio eta ikerketa zentroko arduradunak. Ohartarazi du datuak ez direla erabat zehatzak, boluntarioek ez dituztelako pertsona guztiak ikusten: «Andreen egoera arriskutsuagoa denez, gehiago babesten dira».

2016ko datu horien arabera, 2.009 pertsona bizi ziren orduan bizitegi bazterketa egoera larrian Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. 274 lagun bizi ziren kalean, eta 1.735 aterpetxeetan. 2014an, 1.836 lagun zenbatu zituzten bizitegi bazterketa egoera larrian, baina orduan soilik hamar udalerrik hartu zuten parte zenbaketan.

Hirien bilakaerari begiratuz gero, Bilbon eta Donostian datuek hobera egin dute, baina Gasteizen zertxobait igo dira. Bizkaiko hiriburuan urtetik urtera pertsona gutxiago topatu dituzte kalean: 2016an 112 lagun aurkitu zituzten, 2014an baino 29 gutxiago, eta 2010eko lehen zenbaketan baino 93 gutxiago. «Arrazoi zehatzik ez dago. Asko, adibidez, joan egin dira Bilbotik», azaldu dute adituek. Donostian, goranzko joera eten, eta jaitsi egin da zenbatutako pertsona kopurua: 48 lagun 2016an. Gasteizen, 30 pertsona kontatu dituzte; inoizko daturik txarrena da, 2012an baino pertsona bat gehiago topatu baitute kalean.

«Askotan pentsatzen dugu bakarrik hirietako arazoa dela, baina herrietan ere badaude bizitegi bazterketan bizi diren pertsonak», gogoratu du Sanzek. Kalean zenbatutako pertsonen %9 30.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan izan dira. «Iurretan [Bizkaia] bi lagun zenbatu ziren, mila biztanleko 0,5. Bilbokoa baino dentsitate handiagoa da hori», esan du, atsekabez. Batez beste, 0,2 lagun bizi dira kalean mila biztanleko.

Andreak, kalteberago

Azken urteetan, arreta berezia eskaini diete adituek bazterketa egoeran dauden andreei, eta aurtengo jardunaldietan Isabel Baptista mintzatu da auziaz, Portugalgo Esku Hartze Sozialeko Ikerketa Zentroko kidea. Berretsi du emakumeak «ezkutuan» gelditzen direla gaiaz hitz egitean; baina gutxiago diren arren, haien egoera arriskutsuagoa da, lapurreta, irain eta eraso gehiago jasaten dituztelako: «Galdetutako andreen %20k salatu dute sexu erasoak jasan dituztela».

Baptistak metodologia berriak eskatu ditu, emakumeei lagundu ahal izateko: «Zenbatzeko moduak birplanteatu behar ditugu, orain ezkutuan gelditzen direlako. Datu zehatzagoak baldin baditugu, laguntza hobea eman diezaiekegu». Ezkutuan dagoen arazo bat ere jarri du mahai gainean: andre horien seme-alabak. «Askorentzat haurdunaldiak bultzatzen ditu kalera: gurasoek etxetik bota dituztelako, haurra senitartekoen eraso fisikoetatik babesteko... Halako kasuek lehentasuna dute gizarte zerbitzuetan, baina, topatzen zailak direnez, eta haurra kentzeko arriskua dagoenez, emakume askok ez dute laguntza nahi izaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.