Gerrak deseginda eta kolerak hartuta

Duela bi urte pasa hasi zen gerra Yemenen, eta 20.000 bat pertsona hil dira jada. Azpiegiturak hondatuak egotearen ondorioz, azkeneko ia bost hilabeteetan 500.000 pertsona baino gehiago kutsatu dira koleraz, eta 2.000 inguru hil.

Emakumezko bat Sanako ospitale batean (Yemen), alboan semea koleraz kutsatua daukala. YAHYA ARHAB / EFE.
Ricard Gonzalez.
Tunis
2017ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Koleraren beldur, ez dut edaten iturriko urik, eta jana ere ontziratua bakarrik jaten dut. Baina mundu guztiak ez dauka horretarako modurik. Kolera izurriteak ez du errukirik pobreenentzat». Hala azaldu du, telefonoz, Murad Subay artista gazte yemendarrak; Sanan bizi da, herrialdeko hiriburuan. Duela bi urte baino gehiago hasi zen gerra, eta martirizatua du herrialdea; 20.000 pertsona inguru hil dira jadanik. «Gerra dela eta, ezinezko bihurtu zaigu bizimodua. Prezioak astero aldatzen dira, ezpada egunero. Ez dago lanik, eta badira hamaika hilabete funtzionarioek kobratzen ez dutela»; etsipenez mintzo da Subay, eta, herritarrik gehientsuenak bezala, egunean ordu batez edo biz izan dezake argindarra.

Azpiegiturak —batez ere, osasun alorrekoak— hondatuak egoteak ekarri du herrialdea astintzen ari den kolera izurrite larri hau; gaitz sorta andana baten azkenekoa da, eta, horien guztien eraginez, XXI. mendeko giza krisirik latzenetako baten gertaleku bihurtua da Yemen. Martxoaren amaieratik 500.000 pertsona pasa kutsatu dira koleraz, eta horietatik 2.000 inguru hil dira, OME Osasunaren Mundu Erakundeak emandako datuen arabera. Koleraren agerraldia ezin kontrolaturik dabiltza, eta, egunero-egunero, beste 7.000 kutsadura kasu agertzen dira. Urte bukaerarako 600.000tik gora izango dira kutsatuak.

«Zerbitzu publikoak kolapsatuta daude, eta ezin diote aurre egin izurriteari, nahiz eta baldintza normaletan aise hartuko luketen mendean». Iruzkin horixe egin du Roger Gutierrezek, ekainera arte Mugarik Gabeko Medikuen koordinatzaile zenak Abseko ospitalean; eskualde hori zigortu du gehien izurriteak. Koleraren kontrako tratamendua hartzen duten gaixoetarik %1 inguru bakarrik hiltzen da. Kolera bakterioak deshidratazio larria eragiten du, gorputzari 20-24 litro ur galaraz baitiezazkioke. Osasun artarik gabe, ordea, %55 da heriotza tasa. «Higienerik ezak eta, batez ere, edateko urik ez izateak lagundu egiten du gaixotasuna hedatzen, uraren bidez kutsatzen baita; ia probintzia guztietan agertu da», erantsi du Gutierrezek.

Gosez hiltzeko arriskuan

Oraingo hau, ordea, ez da Yemenen 2005az geroztik izan duten lehen kolera agerraldia, eta bestelako gaixotasunen kasuak ere ugaritu egin zaizkie azken hilabeteetan, hala nola malaria eta kukutxeztula. Ikaragarriak dira giza krisiaren inguruan NBE Nazio Batuen Erakundeak eman dituen datuak: hamar minututik behin, 5 urtetik beherako haur bat hiltzen da, saihets zitezkeen arrazoiengatik; biztanleen erdiak baino gehiago goseak hiltzeko arriskuan daude, eta 26 milioi yemendarretatik hogei inguru elikadura eta osasun laguntzaren beharrean dira. Biztanleen artean, sektore bereziki ahula osatzen dute lau milioi bat barne desplazatuk. Gutierrezen arabera, gainez eginda dabiltza GKEa gobernuz kanpoko erakundeak.

Gaur egungo gerra, zibila ez ezik nazioartekoa ere badena, 2015eko martxoan hasi zen. Bando batean daude milizia huthiak, gutxiengo erlijioso xiita bat eta armadako hainbat unitate Abdallah Saleh presidente anbiziotsuari leial zaizkionak —Udaberri Arabiarrak kendu zuen hura boteretik—. Beste bandoan, berriz, hauek: Mansur Hadi presidentea, huthien hegemoniaren kontrako talde tokian tokikoak eta nazioarteko koalizio bat —eskualdeko dozena bat herrialdek osatua, Saudi Arabia buruzagi duena, eta AEBek babesten dutena—.

Borrokak eta istiluak, hain zuzen, huthiek Sana indarrez hartu eta Hadiren kontrako estatu kolpe bat eman orduko sortu ziren; hilabete batzuk lehenago amaitua zen haren agintaldia. Riadek asiloa eman zion presidenteari, eta bere burua eskaini zion huthien kontrako indar ahulduak sostengatzeko. «Saudi Arabiak arriskutsutzat dauka huthiek kontrolatzea auzoko herrialdea, zeina Iranen agentetzat baitaukate, eskualdean duten etsairik handienarena», azaldu du Atiaf Alwazir analista eta katedradunak. «Hala ere, esajeratu egiten da Teheranek huthiak babesteak duen garrantzia. Babes politikoa ematen die, ezen ez militarra; izan ere, Riaden koalizioak irmoki blokeatua du herrialde osoa, airez eta itsasoz, eta horrek zeharo zailtzen du armak bidaltzea», ohartarazi du.

«Yemengo klase politikoa ez dago batere prestatua. Oraindik bide luzea dago ibilkizun amaiera negoziatu bat erdiesterako», adierazi zion BERRIAri NBEk babesturiko negoziazio oraindik ere antzuen gertuko iturri batek. Bakearen oztopo dira, besteak beste, Mohamed Bin Slaman printzegai saudiarabiarraren egoskorkeria —gerraren arkitektoa izaki, ez du onartzen garaipenaz besteko amaierarik— eta nazioarteko komunitateak presio egin ez izana. Hain zuzen ere, Mendebaldeko hainbat herrialdek negozio biribila egin dute Saudi Arabiari eta haren aliatuei armak saltzearen kontura, EB Europako Batasunaren arauak urratuz. Riad da arma inportatzaile nagusietako bat munduan, eta, joan den maiatzean, Donald Trumpek zenbait kontratu lotu zituen, 100.000 milioi euro baino gehiagorenak.

«Gerra honek ez du inolako zentzurik. Jendea nazkatuta dago bando guztiez, bati ere ez baitzaio axola herriaren sufrimendua… Lau milioi haur baino gehiago ez doaz eskolara. Hurrengo gerra bateko kanoi bazka izango dira. Oraina ez ezik, etorkizuna ere ostu diote nazioari», adierazi du, haserre, Muradek. «Gerra ez dute guztiek jasaten. Batzuen batzuk urrez okitzen ari dira, batez ere kontrabandoaren bidez. Orain artean ez ziren sekula ikusi luxuzko hainbeste auto Sanan», azpimarratu du. Azkenean, gerra guztiak dira antzekoak. Gaitz unibertsala da miseria morala.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.