Brasilgo Munduko Kopa

Frantziak eta Suitzak E multzoko lehen postua dute jokoan

Imanol Magro Eizmendi.
2014ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Frantziak eta Suitzak E multzoko lehen postua izango du gaur jokoan Salvador de Bahiako Fonte Nova estadioan (21:00, Cuatro, Gol TV eta TF1). Bi selekzioek lehen jardunaldiko euren partidak irabazi zituzten, eta, bietako batek gaur garaipena lortzen badu, ia matematikoki sailkatuko da final-zortzirenetarako. Hori multzoko beste partidaren araberakoa izango da, Hondurasek eta Ekuadorrek gauerdian Curitiban jokatuko dutena (Gol TV).

Frantzia eta Suitza berdinduta daude, baina lehen partidan itxura ezberdina eman zuten. Frantziak, Benzema buru zuela, nagusitasunez irabazi zion Hondurasi. Suitzak, berriz, 2-1 irabazi zion Ekuadorri. 0-1 galtzen hasi zen, eta Haris Seferovic Realeko aurrelariak sartu zuen 2-1ekoa 93. minutuan. Ekuador, berez, Honduras baino aurkari ahaltsuagoa da; baina, hala eta guztiz ere, Frantzia da gaur faborito.

Suitzak jokalari guztiak ditu erabilgarri; Frantzian, Cabayeren parte hartzea kolokan dago. Erdilariak ezingo balu jokatu, Rio Mavubak ordezkatuko luke. Litekeena da hasieratik Realeko bi jokalari egotea. Lehen partidako golak Seferovici ateak ireki dizkio, eta Antoine Griezmannen parte hartzea ziurra dirudi. Ez da Suitzak eta Frantziak Munduko Kopa batean elkarren aurka jokatzen duten lehen aldia. 2006an jokatu zuten azkenekoz, eta hutsean berdinduta bukatu zen lehia.

Ekuador, faborito

Hondurasek eta Ekuadorrek helburu berdina izango dute euren arteko partidan, bigarren porrot batek final-zortzirenetarako sailkatzeko aukerarik gabe utziko lituzkeelako. Ekuadorrek beharko luke faborito, jokalari hobeak baititu. Partidako bitxikeria, dena den, aulkietan dago. Bi taldeek hautatzaile kolonbiarrak dituzte: Luis Fernando Suarez Hondurasek eta Reinaldo Ruedak Ekuador. Kontua da Ruedak Honduras zuzendu zuela 2010eko Munduko Kopan, eta Fernandezek, Honduras 2006koan. Sekretu gutxi daude, beraz, bi taldeen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.