Albistea entzun

Batera. Mauleko manifestazioa

Bide «berri eta eraginkorrak» abian jarriko dituela jakinarazi du Baterak

Ezagupen instituzionala lortzeko bidean, borroka «ziklo berri bat» hasiko du Batera plataformak, beti konbentzitze lana segituz

Bateraren deiarekin bat eginez, 3.500 lagun batu dira Maulen egindako manifestazioan
Lau aldarrikapen luzatu dituzte: lurralde elkargoa, euskararen koofizialtasuna, bertako laborantza ganbera eta berezko unibertsitatea.
Lau aldarrikapen luzatu dituzte: lurralde elkargoa, euskararen koofizialtasuna, bertako laborantza ganbera eta berezko unibertsitatea. GAIZKA IROZ

Jenofa Berhokoirigoin -

2013ko abenduak 1 - Maule

Kexu handia dute baina determinazioa ere geroz eta handiagoa. Abisu hori argiki luzatu zioten Frantziako Gobernuari atzo Maulen bildutako 3.500 lagunek. «Momentuz ez gara entzunak izan, baina ezezko erantzunek ez gaituzte sekula desmobilizatu. Alderantziz, aitzina segitzeko gure gogoa azkartu dute», adierazi zuten Martine Bisauta eta Mixel Berhokoirigoin Batera-ren ordezkariek, manifestazio bukaeran. «Ziklo berri baten» abiapuntutzat jo zuten atzoko manifestazioa: «Azken urte hauetan jakin izan dugu borroka mota desberdin eraginkorrak asmatzen. Ondoko hilabeteetan horrela segituko dugu, gure borrokari perspektiba berrien emateko». Bertako problematikei erantzuteko tresnak eta egiturak denek elkarrekin eraikitzeko gaitasuna frogaturik dutela ohartaraziz zehaztu zuten mezua. «Gobernuak irakaspenak atera ditzala gure historiatik». Ikastolak edota Euskal Herriko Laborantza Ganberaren sorrera izan zituzten gogoan hori azaltzerakoan. Hizlariek eta funtsean manifestari guztiek zuten gogoan euskal lurralde elkargoaren beharra. «Lurralde kolektibitatearen borrokan segituko dugu bide berri eta eraginkorrak asmatzen. Gure mugimenduan konfiantza izan behar dugu: gaitasunak baditugu! Gogoa eta indarra baditugu!», Berhokoirigoinen hitzetan.

Hein berdinean, ziklo berri horretan ere haien mezua gizartean plazaratzen eta zabaltzen segituko dutela zioten.

Txalo beroz hartu zituzten bukaerako hitz horiek Maulen elkartu milaka lagunek. Makila eskuan hurbildu ziren andana bat, «eraman epe luzeko borrokaren sinbolo» eta horretarako beharrezkoa den «pazientzia» eta «determinazioaren» ikur bihurturik. Plataformaren lau aldarrikapenak oihukatzen egon ziren manifestazioan zehar: Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionala, euskararen koofizialtasuna, bertako laborantza ganbera ofiziala eta berezko unibertsitate polo baten sorrera. Eskakizun horiek geroz eta babes zabalagoa dutela ohartarazi zuten bukaeran, guztiei esker onak luzatuz.

Sostengu zabal horren isla izan zen atzokoa. Banderolaren gibelean Batera-ren ordezkariak egon baziren, ondotik zetozen hamarnaka hautetsi. Sylviane Alaux eta Frederique Espagnac parlamentari sozialistak ere ikusi ziren tartean. Jacques Pedehontaa Biarnoko Nabarrengoseko kontseilaria ere egon zen sostenguz, «hautetsien gehiengoak galdetutakoari begira ezin delako ez entzuna egin». Alderdi abertzale guztiak ere presente ziren: Peio Etxeberri-Aintzart (AB), Xabi Larralde (Sortu), Beñat Oteiza (EAJ), Xanti Kiroga (ezker abertzalea), Rebeka Ubera (Aralar) eta Pello Urizar (EA), besteak beste.

Eragile sozial, politiko, ekonomiko zein kultural andana bat ere bertaratu zen. Herritar ilara luze bat zuten gibeletik ; ume, gazte zein zahar, kostaldeko zein baserri munduko, aniztasuna ikusi zen multzo horretan ere. «Sekulan baino azkarrago» direla argi utzi zuten Batera-ko ordezkariek. Jean-Marc Ayrault Barne ministroak Hautetsien Kontseiluko eta Garapen Kontseiluko presidenteei igorri gutuna horren isla dela ohartarazi zuten. «Ez pentsa ez gaituztela entzuten, elkorrarena egin nahi badute ere! Hor dugu lekuko Lehen ministroaren gutuna».

«Mespretxuari aski»

Mespretxuak epe luzean ez duela deus onik ekartzen ohartarazi zioten Frantziako gobernuari Bisauta eta Berhokoirigoinek. Noski, euskal lurralde elkargoaren eskaerari eman erantzun ezkorra ukan zuten gogoan. Frantziako gobernuak «dosierra zikin ontzira bota izana» ezin onartuzkotzat jo zuten. Europako Hizkuntza Gutxituen Karta Frantziak oraindik ez berretsi izana eta laborantza ganbera ofiziala aitortu ez izana ere salatu zuten. Hori ez balitz aski bezala, hainbat tresna «mehatxaturik» direla ohartarazi zuten. Euskal Herrian posible ez dena beste eskualdeetan egingarri dela ere deitoratu zuten, pairatu «egiazko diskriminazioa» gogorki salatuz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...