ETAren kontrako polizia operazioa. Atxiloketak Baigorrin

Bideko hamaikagarren zangotraba

Brian Currin Harremanetarako Nazioarteko Taldeko buruak Euskal Herrian egin behar duen bilera sortaren bezperan gertatu dira atxiloketak.Jaurlaritza, Sortu eta EAJren ordezkariekin batzarrak egingo ditu

gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko irailaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Brian Currin HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko burua Euskal Herrian egongo da gaur eta bihar, eta bilerak egingo ditu zenbait eragilerekin «ETAren desegite eta armagabetze prozesuak aztertzeko», albiste agentziek adierazitakoaren arabera. Azken bolada honetan ohiko bilakatzen ari da bakegintza eta normalizazioaren esparruan garrantzitsua izan daitekeen edozein mugimendu denboran bat etortzea polizia operazioekin, eta Currinen bisita ez da salbuespena izan: bezperan gertatu dira ustez ETAren buruzagitza osatzen dutenen kontrako polizia operazioa.

Alberto Spektorowski HNTko kidearekin batera etorriko da Currin, eta, lehenbizi, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariarekin egingo du bilera. Arratsaldean Sortuko ordezkariekin batzartuko dira, eta geroago Andoni Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxea EAJko buruzagiekin ere bilera egingo dute. Bihar Ipar Euskal Herrian izango dira HNTko bi kideak, eta batzarrak egingo dituzte beste zenbait eragilerekin.

Joan den martxoan egon zen Currin Euskal Herrian azkenengo aldiz, publikoki behintzat, Lokarriren agur ekitaldian parte hartzeko xedez. Prozesuaz ezkor mintzatu zen orduan BERRIAri emandako elkarrizketan: «etsigarria» eta «harrigarria» begitantzen zitzaion ETAk jarduera armatuaren amaiera iragarri zuenetik gertatutakoa, batez ere, horri Espainiako Gobernuak emandako erantzuna, edo erantzun eza: «Ez zitzaidan burutik pasatu ere egin ezein gobernuk uko egingo zionik aukera hura baliatzeari eta biolentziaren ondorioei buruz hitz egiteari», esan zuen.

Etsipenerako arrazoiak

Bazituen Currinek horretarako arrazoiak. Laster beteko dira lau urte ETAk jarduera armatua bertan behera uzten zuela iragarri zuenetik. 2011ko urriaren 20an izan zen hori. Geroztik, Espainiako Gobernuaren jarrera bat eta bakarra izan da: ETArekin «hitz egiteko ezer» ez duela argudiatu, erakundeari «baldintzarik gabe desegiteko» exijitu eta polizia operazioen azeleragailua sakatu. Izan ere, 2011ko abenduaz geroztik eta gaur arte, 109 lagun atxilotu dituzte, ETAko kide izatea leporatuta, Espainiako berri agentziek emandako datuen arabera.

Armagabetzearen auzian gertatutakoa izan daiteke horren adibidea. 2014ko otsailean ETAk jakinarazi zuen armak indargabetzen hasia zela, eta bideo labur bat aurkeztu zuen horren froga gisa. Handik bost hilabetera, 2014ko uztailean, «borroka armatuaren praktikatik eratortzen diren egitura logistiko eta operatiboak» desegin zituela iragarri zuen erakundeak, eta armategien zigilatzea bururaino eramateko «egitura tekniko-logistikoa» osatzen ari zela jakinarazi zuen. Prozesu hori aurrera zihoala baieztatu zuen NEB Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeak abenduan, eta Frantziako eta Espainiako gobernuen parte hartzea eskatu zuen, prozesua burutzeko «nahitaezkoa» zelakoan.

Espainiako Gobernuaren erantzuna bost hilabete geroago iritsi zen, baina ez zen Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeak nahi eta espero zuena. Maiatzaren 28an, Miarritzeko etxe bat miatu eta jabeak atxilotu zituen Frantziako Poliziak, Espainiako Guardia Zibilarekin elkarlanean. Bi egun geroago, ETAk adierazi zuen operazioa «zigilatze prozesuaren kontrako eraso zuzena» zela, eta gertatutakoaren analisia NBEri helaraziko ziola iragarri zuen.

Hura ez zen izan armagabetze prozesua trabatzeko lehenengo saiakera, estreinako armen indargabetzearen ostean Espainiako Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitu baitzituen NEBeko kideak. Baina azkena ere ez zen izango: uztailaren 8 eta 9an beste polizia operazio bat jarri zuten abian Espainiako eta Frantziako gobernuek Ortzaizen (Nafarroa Beherea), eta bost lagun atxilotu zituzten. Horietatik bi —Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea— «armen zigilatzerako egitura tekniko-logistikoaren arduraduntzat» jo zituen Espainiako Barne Ministerioak. Hamaikagarren zangotraba, oztopoz beteriko bide batean

Bestelako mugimendurik ere egon da armagabetzearen esparruan. Iazko abenduaren 21ean, horren inguruko proposamena egin zuen Eusko Jaurlaritzak: gizarte, nazioarteko eta erakundeetako eragilez osatutako batzorde bat eratu, Eusko Legebiltzarraren babesarekin, eta horren esku uztea arma eta leherkarien gordelekuen zerrenda. Hasieran, ezker abertzaleak uzkur hartu zuen proposamena, nazioarteko egiaztatzaileek ordura arte egindako lana kolokan jartzen zuelakoan, baina maiatzean proposamenari erantzun zion ETAk, eta adierazi zuen prest zegoela armagabetzearen diseinua, nazioarteko egiaztatzaileekin ez ezik, Eusko Jaurlaritzarekin ere partekatzeko.

Geroztik, ezer gutxi. Jaurlaritzak jakinarazi du Espainiako Gobernuari ere helarazi diola armagabetzearen inguruko proposamena, horren inplikazioa bilatzeko asmoz. Baina Rajoyren gobernuaren jarrera alda daitekeela erakusten duen inolako zantzurik ez dago, eta norbaitek zalantzak balitu, atzoko polizia operazioak are nabarmenago uzten du burua lehengo lepotik segitzen duela Espainiako Gobernuak.

Hauteskundeen zain

«Udazkenera arte itxarotea» gomendatzen zuen Currinek lehen aipatutako elkarrizketan, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak gogoan. «Badakigu ez genukeela Madrilgo aldaketa politikoen menpe egon behar bake prozesu hau laguntzeko, baina hori egin behar dugu orain», erantsi zuen.

Horrek ez du esan nahi Harremanetarako Nazioarteko Taldea besoak antxumaturik egon denik denbora tarte honetan, hauteskundeen ondorioz Espainiako gobernuan gerta litekeen balizko aldaketaren esperoan. Ekainaren 11n Parisen egindako Bake Konferentzian parte hartu zuen Currinek, eta ehun bat politikari, bitartekari eta nazioarteko eragile ezagunekin batera agiria izenpetu zuen, Espainiako eta Frantziako gobernuei «zinez inplikatzeko» eta desarmatzea «molde adostu eta kontrolatuan burutuko dela bermatuko duen gune egokia» ezar dezaten eskatzeko.

Bide horretan urrats gehiago egiteko xedez iritsiko da gaur Brian Currin Euskal Herrira. Diskrezioa behar-beharrezkoa duen eremua izaki, ez da espero ezusteko berritasunik edo munta handiko iragarpenik. Nahiko lan izango dute Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideek bidean aurkitutako hamaikagarren zangotraba gainditzen eta itxaropenari eusten. Currinek martxoan esandako hitzak dira, baina atzokoak izan zitezkeen: «Gobernuaren jarrerak ikaragarri zailtzen du lana. Eta, aldaketarik egon ezean, oso sasoi zailak etorriko dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.