PPk eta UPDk diote «ezjakinak» direla senideekin bildu direnak

Erredakzioa
2015eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Etxerat Europako Parlamentura joateagatik eta europarlamentariek horiei egin dien harreragatik haserre agertu dira PP eta UPD; minduta. Desadostasuna adierazteko agerraldia egin dute Teresa Jimenez Becerril eta Maite Pagazaurtundua PPko eta UPDko europarlamentariek Bruselan, parlamentuaren egoitzan. Presoen senideekin bildu direnak «ezjakinak» direla esan dute; haien kontakizunekin «engainatu» egin dituztela europarlamentariak. Horien artean aipatu dute Frank Engel, Luxenburgoko PPren ordezkaria dena. Europako PPko kideak eta ALDEkoak Etxerateko kideekin egon izana kritikatu dute. Lehen taldeko kide da PP, eta bigarrenekoa UPD. Engelek, sakabanaketa mantentzea ulertezina dela adierazi zuen, eta espetxe politika aldatu beharra aldarrikatu zuen.

Etxerat «giza eskubideen sehaskara» joan izana gaitzetsi du agerraldian Jimenez Becerrilek. Hori egiteagatik «lotsagabeak» izatea leporatu die. Pagazaurtunduak, berriz,«terrorismoaren biktimen sufrimendua eta hiltzaileen senideena berdindu nahi izatea» salatu du, eta, senideak «pena ematera» joan diren arren, preso horien «atzean» ETA dagoela ohartarazi du.

Quiroga kontu eske

Arantza Quiroga PPren EAEko presidentearen esanetan ere, Etxerat-ek erabili egin du europarlamentarien «borondate ona». Engelek bilera horietan «ezjakintasunagatik» parte hartu duela seguru agertu da, eta esan du senideek «bere pena» kontatu arren ez dutela «pena horren sorburua» aipatu. Eta, horren guztiaren oinarrian, ETA dagoela ohartarazi du.

Europako PPren europarlamentariak gatazkaren konponbidean laguntzeko espetxe politika malgutzeko eskatu izanaren inguruan, PPko kideek kontu hartuko zioten esperantza azaldu du Quirogak: «Pentsatzen dut dagoeneko Carlos Iturgaizek eta PPren Europako talde parlamentarioko bozeramaileak berak izango zutela elkarrizketa bat Engelekin eta azalpenak eskatuko zizkiotela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.