Pobrezian, gehiago eta denbora luzeagoan

2013ko txostenak aurkeztu ditu Caritasek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.Emendatu da laguntza behar izan dutenen kopurua.Pobreziaren arazoa «betikotzeko» arriskuaz ohartarazi dute

gotzon hermosilla
Bilbo
2014ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Laguntza behar duten herritar gehiago, egoera horretan denbora luzeagoa ematen dutenak. Emakume gehiago. Familia gehiago, guraso bakarrekoak batez ere. Eta Euskal Herrian jaiotakoak ere gero eta gehiago, premia larrian dauden etorkinen kopuruaren pare iritsi arte ia-ia.

Horiexek dira Caritasek emandako datuetatik atera daitezkeen ondorio nagusiak. Atzo, agerraldiak egin zituen Caritasek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, nork bere herrialdearen datuak emateko, 2013. urteari dagokionez. Kasu batzuetan, zaila da herrialde guztietako datuak erkatzea, zenbaketak egiteko erabilitako irizpideak aldatzen direlako herrialde batetik bestera, baina joerak behintzat nahiko antzekoak dira guztietan: pobreziak eta bazterketak hor diraute, gizartearen sektorerik ahulenei egiten diete eraso eta, gainera, arazoa betikotzeko bidean dago.

Gutxienez, 46.000 laguni eskaini zion zerbitzua Caritasek 2013an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurreko urtean baino 6.000 gehiagori —Nafarroako Caritasek ez du horren inguruko daturik eman—. Benetako kopurua handiagoa izan daiteke, ordea; izan ere, Ramon Ibeas Gasteizko Caritaseko idazkari nagusiak adierazitakoaren arabera, Araban eta Bizkaian Caritasen programetan sartuta daudenak zenbatu dituzte, eta Gipuzkoan, berriz, horien pentzuan dauden senitartekoak ere hartu dituzte aintzat. Benetako kopurua 70.000 lagunetik gertu egon daiteke, hortaz.

ARABA. Emakumea eta gaztea

Arabako Caritasek 5.107 laguni eskaini zion zerbitzua 2013an. Ramon Ibeasek azaldutakoaren arabera, 31 eta 50 urte bitarteko emakumeak izan ziren horietatik %60, normalean bikotekiderik gabeak, eta haurrekin. Gainerako herrialdeetan ere, gehiago dira Caritasera laguntza eske jotzen duten emakumeak gizonezkoak baino. Horrek adierazten du «pobreziaren feminizazioa» gero eta ageriagoa dela, Ibeasen esanetan.

Arreta jaso zutenen %60 lanik gabe zeuden, eta %47k senitartekoak zituen euren gain. Ibeasek esandakoaren arabera, eskaera horietako askoren atzean etxebizitzaren arazoa dago. «Familiek ez dute bizilekua galdu nahi», adierazi du, «eta hori lortzeko beste zenbait kontu sakrifikatzeko prest daude». Horren zuzeneko ondorioa da familia horien «prekaritatea eta babesgabetasuna» asko larritzen dela.

BIZKAIA. Bost urte baino gehiago

Bizkaian, Caritasek 12.084 pertsona lagundu zituen 2013an. Datuak aurreko urtekoen antzekoak dira, baina, Carlos Bargos zuzendariak eta Ana Sofi Telletxea azterketa eta garapen saileko arduradunak esan dutenez, badago azaldu beharreko xehetasun garrantzitsu bat: lehen, lan arloko arreta ere eskaintzen zuen Caritasek, baina Lanbidek eginkizun hori hartu zuenetik, programa horiek desagertu dira Caritasen eskaintzatik. Gizarte ekintzako arloan, 10.860 lagun artatu zituzten 2013an, aurreko urtean baino 561 gehiago.

Lehen, premian zeudenek Caritasera jotzen zuten laguntza bila, eta programa uzten zuten lana aurkitutakoan. Hori erabat aldatu da. Bost urte baino gehiago eman dutenen kopurua etenik gabe igo da azken urteotan, eta 2013an, lehenengo aldiz, horien ehunekoa handiagoa izan da estreinakoz izena eman dutenena baino: laguntza jaso dutenen %31k bost urte edo gehiago zeramatzaten egoera horretan, eta lehenengo aldiz izena eman dutenak %30 ziren.

Horrek agerian uzten du «arazoa betikotzeko arriskua». Arrazoiak ere azaldu dituzte: lehen, lana tresna indartsua zen bazterketa egoeratik ateratzeko. Orain ez da hala gertatzen.

Beste aldetik, laguntza eskatzen dutenen artean, etorkinen kopurua eta Euskal Herrian jaiotakoena parekatzen ari da. Bizkaian, %48 ziren Euskal Herrian jaiotakoak, eta %52 etorkinak.

GIPUZKOA. Soslai berria

Bizkaiko antzeko joera sumatu dute Gipuzkoan, Caritasek iaz lagundutako 29.306 pertsonak aztertuta: gero eta gehiago dira Euskal Herrian jaiotakoak, etorkinen kopuruaren pare iristeraino ia. Jose Ramon Aramendi Gipuzkoako Caritaseko zuzendariak «laguntza eskatzen dutenen soslai berriaz» ere hitz egin du: bikote gazteak, etorkinak zein ez, seme-alabak dituztenak, biak lanean ari zirenean etxebizitza erosi eta geroago lana galdu dutenak, eta gainerako baliabide guztiak agortu dituztenak. «Familia horiek ezin ditugu bazterketan erortzen utzi», esan du Aramendik.

Gainerakoan, Gipuzkoan Caritasera laguntza eske jo dutenen ezaugarriak nahiko antzekoak dira beste herrialdeetako datuekin alderatuta, eta han ere «pobrezia emakumezkoa da», Aramendiren esanetan. Caritasek Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan laguntzetara bideratutako bost milioi euroetatik, 1,8 milioi euro Gipuzkoan gastatu zituzten.

NAFARROA. 110.000 herritar baztertuak

Elkartearen jardueraren datuak eman ordez, herrialdearen egoera orokorrari so egitea hobetsi du Nafarroako Caritasek bere agerraldian, eta azaldu du populazioaren %17,2 baztertuta dagoela; hots, 110.000 lagun —edo 42.000 familia—. Horietatik ia erdiak, %43,6, «bazterketa egoera larrian» daude.

Nafarroako Caritaseko zuzendari Angel Iriartek zehaztu du datu horiek bazterketaren ingurukoak direla, eta ez soilik pobreziaren ingurukoak, diru sarrerez gain bestelako adierazleak ere aztertu dituztelako ikerketa egiterakoan.

«Nafarroan badugu oso integraturik dagoen gizartearen zati bat, baina baztertuta dagoen beste zati hori beste leku batzuetan baino bakartuago dago», gaineratu du Iriartek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.