Ohe hotz batean sartzearen pare

Izaskun Gracia Kintanak 'Ohe hutsetan' poema liburua plazaratu du. Berlinen bizi da idazlea, eta han sortutako poemak bildu ditu liburuan; nongotasunari, identitateari eta harremanei idatzitakoak

Izaskun Gracia Kintana, bere poema liburu berria eskuetan zabalik, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Bilbotarra da sortzez, baina Berlinen bizi da Izaskun Gracia Kintana, duela zazpi urtetik. «Atzerrian bizi zarenean, dena ezberdina da, ez bakarrik hizkuntza: eguraldia, argia, janaria, ohiturak... Egunero erabiltzen ditugun kodeak guztiz desberdinak dira; hutsetik ikasi behar duzu guztia. Identitatea galtzeko arriskua dagoenik ez dut esango, baina sentitzen duzu. Aldatzen zara, eta, oro har, neure burua ulertzeko idazten dut». Aspalditik idazten du Graciak, eta plazaratuak ditu zenbait poema bilduma eta ipuin bilduma bat ere. Gaztelaniaz argitaratu du gehienetan, eta euskaraz aurkeztu berri du orain Ohe hutsetan, Balea Zuria argitaletxearekin.

Etxetik kanpo etxea bizitzeko moduari idatzi dio Graciak; harremanei, maitasunari, nongotasunari, identitate bilaketari. Liburuaren tonua «etsia» da, Aritz Gorrotxategi argitaletxeko kidearen hitzetan. Eta badu «poesiaren funtsezko elementu bat» ere, Gorrotxategirentzat: «Galdetzearen langintza. Liburuak galdetu egiten du; poemak ez dira baieztapenak: planteamenduak dira».

Gizakia ziurtasun bila aritzen dela baina haren bizitza «ziurtasunik ezak» markatzen duela dio Graciak. «Errealitatea zein den jakin nahi dut, ezagutu non bizi naizen, zentzu guztietan. Galdera pila bat egin ditzaket, baina erantzunik ez dut topatzen. Bilatzen jarraitzen dut». Atzerrian bizitzean, sorterriko harremanekin jarraitzeko moldatu beharra izan du idazleak, eta horri idatzitako poemek badute pisua liburuan. «Hori onartzea da gogorrena: horrekin bizitzen ikasi behar duzu; ahalegin handiak egin behar dituzu harreman horiek mantentzeko. Kanpoan egiten dituzun harremanak ezberdinak dira, beti interesgarriak, baina egunaren amaieran bakarrik zaude, eta bakarrik pentsatu behar duzu».

Berlin, gainera, etengabe aldatzen ari den hiri bat da idazlearentzat. Hari begira, denak aldakorra dirudiela iruditzen zaio, denak dirudiela «aldi baterakoa». Batzuetan «jolas parke batean» bizitzearen sentsazioa ere izaten du hargatik. «Orientazioa galtzea oso erraza dela uste dut, eta horretaz hitz egiten du liburuan».

Poetaren hitzak ez dira aldarrikapenezkoak, Gorrotxategiren esanetan, «aitorpenarenak» baizik. «Idazle guztiok bilatzen dugun hori du: ahots propio bat». Hori egin zitzaion deigarria argitaletxeari; «euskarazko panoraman ezohiko hizkera bat».

Irudien hizkuntzan

Graciak aitortu du bere buruarentzat oso garrantzitsua dela Berlinen bizita euskaraz irakurtzen eta sortzen jarraitu ahal izatea. Oro har, irudi bati jarraituz sortzen du poema, edo bururatutako bertso lerro bati segika bestela, baina zer hizkuntzatan emango dion forma ez du gero erabakitzen: «Jatorriz etortzen zait euskaraz edo gaztelaniaz». Eleak eta beleak euskarazko poema bildumarekin Ernestina de Champourcin sariketa irabazi zuen 2007an, eta Artikoa/Artica lan elebiduna kaleratu zuen 2012an. Horren harira, liburu elebidunek Euskal Herrian izan ohi duten oihartzun «txikia» aipatu du Gorrotxategik: «Liburu bat argitaratzen denean euskaraz eta gazteleraz, badirudi ez dela inorena; ez dela ez guztiz gaztelerazkoa, ez guztiz euskarazkoa, eta geratzen dela inorena ez den lur moduko batean». Gabriel Arestik Harri eta Herri edizio elebidunean argitaratu zuela ekarri du gogora.

Ohe hitza izenburura eramatean, «etxe zentzuan» erabili nahi izan du idazleak. «Guztioi gustatzen zaigu bidaiatzea, eta, nahiz eta oso ondo pasatu eta dena ondo atera, azkenean beti esaten dugu: 'Nire ohearen falta sumatzen dut'. Ez dugu ohearen falta sumatzen, etxea baizik, gure txoko txikia, gure lekuan daukagun guztia». Atzerrian egotea, gustura egonik ere, «ohe huts batean» sartzea bezala da Graciarentzat. «Hotza dago. Pozik egon zaitezke, baina zerbait falta da».

Poemek ez dute izenbururik. Ez dute inolako puntuazio markarik, ez eta letra larririk ere. Hala idaztea du gustuko, eta eman dio zentzu bat: «Idazten dudan guztia obra bat da, eta ezin du maiuskularik ez puntuaziorik izan. Puntu finala dagoenean, esan nahi du obra bukatuta dagoela, eta hau nire obraren zati bat da: ez dago amaituta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.