Aurrera begirako defentsa

Ehunka lagun bildu dira Iruñean, abokatuen aurkako polizia operazioa salatzeko.Bakea lortzeko, euskal presoen auziak «konponbide integrala» behar duela aldarrikatu dute deitzaileek

Martxara deitu zuten talde eragileen ordezkariak, Giza eskubideak, konponbidea, bakea zioen pankartari heltzen, atzo, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Lohizune Amatria.
Iruñea
2015eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Kalera atera da berriz euskal gizartea: euskal presoen eskubideen alde lan egiten duten abokatuen eta eragileen aurkako polizia operazioa salatzeko eta atxilotutako hamasei pertsonei babesa adierazteko. Mila lagun inguru bildu ziren atzo Iruñeko kaleetan egindako manifestazioan; giza eskubideak aldarrikatu zituzten, eta konponbidea eta bakea lortzeko aurrera egingo dutela oihukatu zuten.

Martxara deitu zuten talde eragileek azpimarratu zutenez, Mate operazioa oinarrizko giza eskubideen aurkako eraso larria da; besteen artean, defentsa juridikorako eskubideak eta bermeak izanen dituen prozesu judizialerako eskubidearen aurkakoa. Sasoiako Candido Errok eta ESK-ko Iratxe Alvarezek irakurri zuten agiria, martxara deitu zuten eragile denen izenean: EH Bildu, Ezkerra, Iruñeko Ahal Dugu, LAB, ELA, ESK, EHNE, EILAS, CGT, Etxerat, Sasoia, Ernai eta Gazte Abertzaleak. Haien iritziz, «dena da ETA aurreiritzi faltsuan» oinarritu da operazioa, eta «herritarren eskubideak urratzeko eratu den salbuespenezko estatu politikan». Gogoan izan zituzten, halaber, operazio berean atxiki eta espetxeratu dituzten hiru lagunak; eta azaldu zuten presoen auziak «konponbide integrala» behar duela normalizazio politikoa eta bakea lortzeko: «Bizikidetza egonkor eta iraunkor baterako baldintzak sortzeko, ezinbesteko osagaia da konponbidea».

Espetxe politika ere izan zuten mintzagai, eta gaitzetsi egin zuten Auzitegi Gorenak urtarrilaren 13an emandako epaia; izan ere, Gorenak ebatzi zuen Frantzian zigorra bete duten eta Espainiara eraman dituzten presoei ez zaiela kontuan hartuko aurrez bete dituzten espetxealdiak. Presoen aurka berariaz ezartzeko asmaturiko neurria dela uste dute: «Bidegabeki luzatu nahi dituzte dozenaka euskal presoren espetxealdiak, Europan indarrean dagoen araudiaren interpretazio interesatu bezain partzialean oinarrituta».

Bakearen oztopo

Ehunka lagun bildu ziren Giza eskubideak, konponbidea, bakea leloa zuen pankartaren atzean. Hotza ez zen aitzakia izan aldarrikapenerako; eta txalo artean abiatu zen martxa Bakearen plazatik. Aurreko lerroetan manifestaziora deitu zuten talde eragileetako ordezkariak joan ziren: besteak beste, EH Bilduko hautagai Adolfo Araiz, Sortuko Txelui Moreno eta Juan Kruz Aldasoro, Bilduko parlamentari Koldo Amezketa, Iruñeko Ahal Dugu-ko Laura Perez, PSNko Jose Luis Uriz, ELAko Mitxel Lakuntza eta LABeko Igor Arroyo. Haien artean ziren, halaber, Amaia Izko eta Jaione Karrera, iragan asteko operazioan atxilotutako abokatuetako bi.

Ordu bat behar izan zuten manifestariek Bakearen plazatik Sarasate pasealekurainoko bidea egiteko. Aurrera begiratzeko manifestazioa izan zen; eta hala adierazi zuten zenbait eragilek martxa hasi aurretik. Espainiak iraganeko egoerara itzuli nahi duela salatu zuen, esaterako, Adolfo Araizek, EH Bilduko hautagaiak: «Estatuaren eraso honek erakusten du ez dagoela eroso bake eta konponbidearen esparruan». Espainiak mendeku politika erabiltzen duela iritzi dio; baina, nabarmendu zuen, herritarrek horregatik ez dutela atzera egingo: «Herritarrak zentzuz jokatzen ari dira, eta lasai erantzuten ari dira. Bitartean, estatu espainiarra gotortuta dago presoen eskubideen urratzeetan. Adierazi nahi dugu aurrera joko dugula».

Antzera mintzatu zen ELAko Mitxel Lakuntza ere. Atxiloketak sarekada politikoa izan zirela uste du: «Euskal Herriarentzat PPk prestatuta daukan agenda politikoak zerikusi handia dauka estatu osoan bere miseriak estaltzeko dituen asmoekin. Inkesten eta egunero agertzen diren ustelkeria kasuen eraginez egiten du, eta ikuspuntu horren barnean ulertu behar dira». Espainiako botere judizialaren eta politikoaren arteko independentzia falta agerian geratu da, haren ustez: «Espainia mugitzen ari da, baina kontrako bidean. Bake, konponbide eta normaltasun demokratikoaren agertokiari sabotajea egin nahi dio». Euskal gizartea aktibatu behar dela iritzi dio, giza eskubideen defentsaren, normalizazio politikoaren eta askatasunaren alde.

IruñekoAhal Dugu-ko Laura Perezek ere egin zuen adierazpenik. Bere taldea giza eskubideen defentsaren alde dagoela esan zuen: «Aurreko asteko gertaerek guk defendatzen dugun bake prozesua oztopatzen dute. Aurrerantz joko dugu». Bakea lortzeko aurrera egingo dutela esanez amaitu zuten ekitaldia Alvarezek eta Errok ere: «Giza eskubideak, konponbidea, bakea» oihukatuz. Eta martxaren hasieran bezala erantzun zuten manifestariek: txaloka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.