Kalamu elkarteak, kolokan

Kalamuaren gaineko gizarte eztabaida sustatzeko eta substantzia horren kontsumo segurua bultzatzeko egiten dute lan kalamu elkarteek. Legediak eskaintzen dituen abaguneak baliatu dituzte modu seguruan kontsumitzeko. Uztailetik aurrera, ordea, bidea itxi die epai batek.

BERRIA.
2016ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Ebers, Three Monkeys eta Pannagh. Hiru kalamu elkarte horien aurkako sententziak idatzi ditu Espainiako Auzitegi Gorenak uztailetik abendura. Lehena Bizkaiko Ebers elkartearen kontrakoa izan zen, eta beste bi auzietarako jurisprudentzia ezarri zuen. Hirurei osasun publikoaren aurkako delituak egotzi dizkiete. Aurretik, elkarteok errugabe izendatu zituzten beren lurralde auzitegiek —Bizkaikoak eta Bartzelonakoak—. Baina Gorenaren epaiek jurisprudentzia ezartzen dute, eta lurralde auzitegiek ez. Pannaghek helegitea jarriko du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Baina, Gorenaren bideari jarraitzen badio, kalamu elkarteek zaila izango dute kalamua landatu eta bazkideen artean banatzea.

Mende berriarekin, Euskal Herriko hamaika txokotan sortu ziren kalamu elkarteak. Substantzia horren inguruko eztabaida gizartean zabaltzeaz gain, auzitegiek markatutako jurisprudentzia baliatu dute jendeak kalamua kontsumi dezan merkatu beltzera jo gabe. «Legeak osasun publikoa babestu nahi du, eta plantazio partekatuek horren alde egiten dute. Kontrolatzen dira, besteak beste, ongarriak eta ureztatzeak. Substantziaren gaineko kontrol handia dago horrela. Bederen, merkatu beltzean erosten denean baino askoz handiagoa», esan du Ramon Morcillo Nafarroako Ordezkaritza Kanabikoko kideak.

Espainiako legeak ez du onartzen legez kanpoko drogarik hartzea. Baina ez du autokontsumoa zigortzen; bai, ordea, horren inguruan dauden jarduera guztiak, hala nola legez kanpoko kontsumoa sustatzea eta erraztea, landatzea, lantzea eta trafikoa. Elkarte horien kalamuarekiko jarduna, aldiz, «kontsumo partekatuan» oinarritzen da. Kontzeptu hori autokontsumoari lotuta dago.

Hain zuzen, Auzitegi Gorenak kontsumo partekatuaren inguruko jurisprudentzia ezarri zuen 2003ko sententzia batean. Haren arabera, kalamuaren kontsumoa ez da zigortuko lau baldintza betetzen badira. Hasteko, kontsumitzaileek ohikoak edo mendekoak izan behar dute; legeak salbuespen hori egiten du, ohiko kontsumitzaileak ez diren pertsonei eragiten ez badie. Bide beretik jarraitzen du bigarren baldintzak: kontsumoak leku itxietan izan behar duela zehazten du. Hirugarrenez, auzitegiak aipatu zuen kontsumo partekatuan beti pertsona berdinek parte hartu behar dutela, eta horiek identifikatuta egongo direla. Azkenik, epaileak zehaztu zuten eduki daitekeen droga kopurua momentuan bertan kontsumitzeko adina izango dela.

Baldintza horiek kontuan hartuta, han eta hemen eratu zituzten kalamu elkarteak. Horiek izena emana dute elkarteen erregistroan, eta legezkoak dira. Haien estatutuak publikoak dira, eta legez onartuta daude. Gainera, bazkide guztiak identifikatuta daude.

Baina Auzitegi Gorenak berak ezarritako jurisprudentzia murriztu du azken epaiketetan. «Areto honek, asmo onez, asko tenkatu du kontsumo partekatuaren soka, eta azkenean hautsi egin du», dio Pannaghen aurkako epaiak. Hau da, Gorenak uste du elkarteek doktrina horren mugak gainditu dituztela, hainbat arrazoirengatik: talde horiek kudeatzen duten kalamu kantitatea, kontsumoa hedatzeko arriskua, elkarteko kideak kontsumitzaileak direla egiaztatzeko zailtasunak, eta kalamua zertarako erabiliko den jakiteko oztopoak, besteak beste.

Osasun publikoa

Kalamu elkarteek legearekin dantzatu behar izan dute hasieratik. Kalamua «osasun publikoaren defentsan» legez kanpokoa baita Euskal Herrian. Baina hori erabaki politikoa da. «Osasun publikoa modu askotan defenda daiteke», adierazi du Xabier Arana Zuzenbideko doktore eta Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzaileak. Gorenaren sententziak berak onartzen du badagoela kalamuaren inguruko nazioarteko eztabaida, eta auzitegiak ez direla «eztabaida hori garatzeko esparrua».

Munduko herrialde gehienek kalamuaren aurkako zigor politikak dituzte. Baina Aranak gogoratu du badirela bestelako bideak hartu dituzten herrialdeak, hala nola Uruguai eta AEBetako lau estatu: Colorado, Washington, Oregon eta Alaska. «Uruguain baimenduta dago autolandaketa; kalamua farmazietan aurki daiteke, eta Membresia klubak daude. Horiek Euskal Herriko eta Kataluniako kalamu elkarteen esperientzietan oinarritzen dira».

Euskal Herrian ere pausoak eman dira kalamu elkarteak arautzearen alde. Nafarroako Parlamentuak iazko apirilean onartu zuen kontsumo partekatua eta autokontsumorako landaketa babesten zituen legea. Baina Espainiako Gobernuak helegitea jarri zion, eta legea etenda dago Auzitegi Konstituzionalak ebatzi arte. Lege proposamena herri ekinbide legegile baten bidez heldu zen parlamentura. Nafarroako Ordezkaritza Kanabikoa izan zen sustatzaileetako bat; legeak aurrera egingo duen itxaropena du Morcillok: «Urteetan auzitegiek arrazoia eman digute kalamu kontsumitzaileoi. Gu oso lasai gaude, ziur baikaude sustatu genuen legeak ez duela egiten konstituzioaren edo zigor kodearen aurka. Gobernuaren helegitea espero genuen».

Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren Adikzioen Legean ere elkarteak arautzea lantzen ari dira. Udal batzuek ere egin dituzte urratsak: Donostiakoak 2014an onartu zuen kalamu elkarteen kokalekua eta jarduera arautzeko ordenantza.

Auzi ekonomikoa

EAEko Arartekoak 2012an Kalamuaren erabilerak, segurtasun juridikoa eta politikak foroa antolatu zuen. Ondorioak Aranak idatzi zituen, eta han adierazi zuen historikoki droga gisa ezagutu diren gaiak ez direla modu berean arautu: «Araudiek ez dute harreman zuzenik substantziek osasunean dituzten ondorioekin, alderdi ekonomiko, politiko eta sozialekin baizik».

Bide beretik jo du Morcillok. Haren aburuz, kalamuaren aurka egiteko arrazoi nagusiak ekonomikoak dira. «XX. mendearen hasieran kalamua debekatu zuten petrolioari konpetentzia zuzena egiten ziolako. Bertatik hamaika produktu atera daitezkeelako, hasi erregaietatik eta ehunetaraino». Erabilera terapeutikoaren gatazka ildo berean kokatzen du Morcillok: «Kalamuak asko laguntzen ditu arazo fisiko eta psikologikoak dituzten pertsonak. Baina farmazia industriak ez du onartuko hura hedatzea, edonork bere etxean landatu dezakeen landare bat sendagai garestiekin lehia zuzenean jartzen badu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.