Siriako armadak hegoalde osora hedatu du alde bakarreko menia

mikel rodriguez
2017ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Siriako armadak etzi arteko su-etena eman du Quneitra probintzian, eta, horrela, herrialdearen hegoalde osora hedatu du alde bakarreko menia. Hego-mendebaldean dago Quneitra, eta probintziaren mendebaldea Israelek okupatuta dauka 1967az geroztik. Hain zuzen, joan den astetik Israelek hainbat eraso egin ditu artilleriarekin Siriako armadaren aurka. Matxinoek joan den astean erasoaldi bat hasi zuten Baath hiria hartzeko, baina armadak gibelera eginarazi zien. Aitzineko alde bakarreko meniarekin bezala, armadaren buruzagitzak oraingoan ere erran du «adiskidetze nazionala laguntzeko» eman duela su-etena.

Hain zuzen, gaur hastekoa baita bakea lortzeko elkarrizketen bertze bilera sorta bat Astanan. Errusia, Iran eta Turkia dira bultzatzaileak, eta Nazio Batuen Erakundearen babesa dute. Siriako Gobernuak eta haren aurka borrokan ari diren talde armatuen ordezkaritza batek baieztatu dute Kazakhstango hiriburura joanen direla. Aitzineko bilerak maiatzaren hasieran egin zituzten, eta hitzartu zuten borrokarik gabeko «eremu seguruak» sortzea.

Mendebaldea ez zaio batu Astanako prozesuari, baina AEBek Siriako Gobernuaren aldeko indarrei leporatu diete hego-ekialdean «eremu seguruak» ez errespetatzea, eta, hargatik, liskar batzuk izan dituzte azken asteotan. Alemaniak eta Frantziak, berriz, Siriako Gobernua mintzakidetzat onartu behar dela erran zuten joan den astean. Sigmar Gabriel Alemaniako Atzerri ministroak Moskura egindako bisitan adierazi zuen hori, eta Jean-Yves Le Drian Frantziakoak jakinarazi zuen Errusiarekin solasean ari zirela gatazkaren jarrerak hurbiltzeko asmoz.

Siriaren armategi kimikoa

Hala ere, Mendebaldearen eta Siriako Gobernuaren arteko harremanak hagitz gaiztotua daude oraindik; azkenaldian, batez ere,Mendebaldeak Damaskori leporatu diolako eraso kimikoak egitea. OPCW Armak Kimikoak Debekatzeko Erakundeak ikerketa batean baieztatutzat jo du apirilaren 4an Khan Xeikhunen sarin gasa erabili zela, baina ez du argitu nork erabili zuen. Faisal Mikdad Siriako Atzerri ministrordeak atzo berretsi zuen Siriak armategi kimikoa suntsitu zuela 2013ko akordioaren ondoren.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.