Bakea eta bizikidetza. Lokarri

Lokarri desegin egingo da martxoan, bere zeregina amaitutzat jota

«Bake prozesua atzeraezina da», argudiatu du erabakia.«Nazioarteko erakundeekiko konpromisoak» bete, eta «legatua» gordeko duen erakundea sortuko du hilotan

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Desegitea erabaki du Lokarrik. Bakearen eta bizikidetzaren aldeko herritar mugimendu gisara zuen egitekoa amaitu duela uste du, eta 2015eko martxoan bukatuko du bere bidea. Lokarri, bere sorreratik, «desagertzeko bokazioa duen gizarte mugimendua» izan dela azaldu du Paul Rios koordinatzaileak. Eta iritsi dela unea. «Aro bat» amaitzearekin batera amaitzen dela haren bidea ere. «Bake prozesua atzeraezina da», argudiatu du bere zeregin nagusia bete izana.

Herritarren sareko batzarrak irailaren 27an hartu zuen erabakia, aho batez ia. 80 bat parte hartzaileetatik bizpahiru pertsonak abstentzioaren alde bozkatu zuten; gainontzekoek, desagertzearen alde. «Badira 22 urte Elkarrik, Lokarriren aurrekoak, bakearen, elkarrizketaren eta bizikidetzaren aldeko ibilbidea hasi zuela. Eta aro hau amaitu dela ondorioztatu dugu», azaldu du Riosek, batzarreko beste zazpi kideren babesean egindako agerraldian.

Orain, 2015eko martxora bitartean, hiru erronka jarri dizkio bere buruari: «Bake prozesuan aurrerapauso berriak bultzatzeko azken esfortzu bat egingo dugu»; hala azaldu du lehen helburua. Prozesua «bide egokian» dagoela uste du; «baldintzarik onenak» esku artean dituela. «Trabatuta» dagoenik ere ezin dela esan; halazehaztu du. «Kontuan hartu 2009tik zenbat aurreratu dugun; ez zaio begiratu behar soilik azkeneko hilari». Edonola, bultzada behar duela, eta horretan saiatuko da desegin artean.

«Nazioarteko zein tokiko erakundeekin ditugun konpromisoak betetzeko bideak bilatuko ditugu»; hala azaldu du bigarren erronka. Harremanetarako Nazioarteko Taldeari zein konponbidea sustatzeko saioan ari diren nazioarteko beste hainbat eragileri laguntza eta babesa ematen aritu da Lokarri azken urteetan. Sarea desagertu ondoren ere babes hori izango dutela ziurtatu nahi du, eta martxorako hori «bideratuta» nahi du.

Beste zeregin bat ere jarri dio bere buruari: «Urte hauetan guztietan garatutako ideien eta proposamenen legatu osoaren gordetzaile izango den erakunde baten sorrera prestatuko dugu». Riosek azaldu duenez, oraindik ez dute erabaki erakunde berri horinolakoa izango den, baina zehaztu du ez dela izango herritarrenmugimendu bat izango; «ez luke zentzurik, zeren bestela ez genuke hau desegingo». Fundazio bat sortzeko aukera mahaigaineratu du.

«Lasai eta pozik»

Hartutako erabakiarekin «lasai eta pozik» dago Lokarri. Izan ere, seguru dago «bakeari eta bizikidetzari ekarpen garrantzitsua» egin zaiola ehunka herritarren laguntzarekin egin duen lanari esker. «Lasai eta pozik gaude bake prozesua atzeraezina delako, eta, euskal gizartea errespetuan eta elkar ulertzean oinarritutako bizikidetza bat errotzeko gai izango den uste osoa dugulako».

Eta hala izan dadin, aurrerantzean ere lanean jardungo dute Lokarri osatu dutenek, «beste gune batzuetatik» izan arren. «Bakearen eta bizikidetzaren aldeko konpromisoari bizirik eutsi diogu eta hala iraunaraziko diogu aurrerantzean ere. Zorionez, badira hainbat gune non parte hartu». Riosek ez du zehaztu berak zein gunetan lan egiteko asmoa duen, baina garrantzi berezia eman die Foro Sozialak eta Bake Bideak abiatutako dinamikei.

Hausnarketa sakona

Sarearen inguruan dabiltzan kideentzat Lokarri desegiteko erabakia ez da ezustekoa izan, urteetako eztabaida eta hausnarketa sakona baititu atzean. Are, historian idatzirik geratuko den eguna izango zela jakitun, leku berezian egin zuten irailaren 27ko bilkura erabakigarria: Donostiako Aiete jauregian, Lokarriren lorpen handiena irudikatu zen eta bake prozesuaren sinbolo bihurtu den leku berean.

Desegiteko data aurreikusia ere bazegoen; are, atzeratu egin zuten iaz. 2012. urte bukaeran amaitzekoa zuen ibilbidea. Lokarrik bere buruari ezarritako zereginak bete zituela argudiatuta, desegiteko proposatu zion zuzendaritzak batzarrari. Izan ere, 2006an, ETAren su-etenarekin «zabaldutako aukera garaia indartzeko borondatearekin» sortu zen herritarren sarea. Prozesu hark porrot egin, eta beste bake prozesu bat abiatzeko oinarriak sortzea hartu zuen erronkatzat.

Bi baldintza nagusi jo zituen prozesua abiatzeko beharrezkotzat: ETAren indarkeria amaitzea eta Sortu legeztatzea. «Bi helburu horiek bete dira, eta, hortaz, bake prozesua atzeraezina da», adierazi du Riosek.

Lokarriren zuzendaritzak horregatik zuen desegiteko asmoa 2012an. Baina 2013. urte hasieran Lokarriko batzarrak bere etorkizunari buruz erabakitzeko egin zuen bileran bi ikuspegi kontrajarri agertu ziren: desegitearen aldeko hautua egin zuten batzuek, eta Lokarriri helburu berriak eman nahi zizkioten beste batzuek. Hartu beharreko erabakia sakona zela eta, hausnarketa prozesu bat abiatu zuten. Bi urtez bizikidetzaren aldeko beste ahalegin batean iraun zuten, eta 2014. urtea amaitzearekin Lokarriren ibilbidea bukatzea adostu.

Erabaki hartatik dator oraingoa, eta oinarri horren gainean egin zuten irailaren 27an batzarra. Oraingoan, aho batez hartu dute erabakia, tarte horretan pauso garrantzitsuak egin direla nabarmenduta. EPPK-k etxeratze bidean legeak ahalbidetzen dituen zirrikituak baliatzeko erabakia hartu izana, presoen eskubideen alde Sare sortu izana eta ezker abertzaleak, presoek zein Eusko Jaurlaritzak biktimen aitortzarako pausoak egin izana dute horren froga.

Eta ukaezina da asko lortuta doala Lokarri. Asko aldatu dira gauzak sortu zeneko 2006 hartatik. Desegingo den hilabete berean jaio zen martxoaren 12an, ETAk Loiolako bake prozesuari bide emango zion su-eten iraunkorraren berri eman baino hamar egun lehenago. 1992ko abenduan sortu zen Elkarriren lekukoa hartu zuen. Akordioaren aldeko mezua eta balizko edukiak oso modu aktiboan landu zituen Elkarrik. Lokarrik, bake prozesurako oinarriak ahalbidetzea hartu zuen helburutzat. Denetariko eragile eta politikarien arteko zubi lan handia egin du urteotan, eta bake prozesuari bultzada, sinesgarritasuna eta prestigioa eman dizkio.

Esker oneko mezuak

Esanguratsuak dira berria zabaldu bezain laster bai sare sozialetan bai prentsa ohar bidez jaso dituen aitorpenak. Eusko Jaurlaritzak, esate baterako, «biziki estimatu eta eskertzen du Lokarrik Euskadiren bake eta bizikidetza aro berriari egindako ekarpena». Alternatibak nabarmendu du «bakea eraikitzen egin duen lana eskertu eta gatazkaren konponbidean euskal gizartea inplikatzea» lortu duela. Sortuko Pernando Barrenak «bakearen alde egindako lana» eskertu dio Twitter bidez, baita Etxerat-eko kideIñaki Landak ere. ELAk ohar bidez eskertu dio lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.