Buruko osasuna. Bazterkeriaren aurka

Bidean aske sentitzeko ametsa

Gaitzaz gain, gizartearen uste ustelen zama jasan behar dute buruko gaixoek.Gero eta gehiago ausartzen dira ozen jardutera: dagokien tokia aldarrikatzera

Agifes elkarteak Donostiako Loiola auzoan duen elkartearen hainbat erabiltzaile, aste honetan, sukaldaritza tailerrean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
2014ko urriaren 11
00:00
Entzun
Gaiztoak sentitzen garen pertsona onak gara. Buruko gaixotasuna duten pertsona eta senideen EAEko elkarte Fedeafesek eritasun horien inguruan zabalduta dagoen «estigmari» buruz txosten bat kalean du, iaz egina. Testu hasieran jasotako esaldiaren antzeko hitz gordinez josita dago, gaitz horien inguruko mesfidantza eta beldurren erakusgarri. Buruko eritasunaren inguruko hainbat eragilek —berrehun pertsona inguru izan dira denera— hartu zuten parte txostenean, tartean gaixoak ere bai. Lehen pertsonan.

Nitaz mintzo dira, eta ez naute aintzat hartzen. Bazter utzita sentitzen dira usu gaixoak. Txostenean, bazterkeria hori saihesteko hainbat iradokizun ematen dira. Eta ahaleginik ez da falta. Yolanda Iglesias, esaterako, Agifes Gipuzkoako gaixoen eta senideen elkarteko profesional bat da, psikologoa. Fedeafesek gaiari buruz plazaratutako txostenean parte hartu duten adituetako bat da, eta Donostiako Loiola auzoan Agifesek gaixoentzat duen aisialdi zentroko arduradunetako bat. Eriei autonomia emateko aparteko ahaleginak egiten dituzte; haien nahi eta desioak aintzakotzat hartzea da haien helburu nagusia. «Hona datorren pertsona izen eta abizenekin dator, ez gaixotasunaren ondorioz jarritako etiketekin etenik gabe egotera», ohartarazi du. Aisialdiarekin lotutako hainbat jarduera lantzen dituzte, eta beraiek erabakitzen eta zuzentzen dituzte: gaixoek.

Tratuan, gaixoa naiz jendearentzat, arraroa... Estigmaren ondorioak usu ikusi ditu Iglesiasek; erien bihotzetan, begietan. Eta bazterkeria horren kontra ari dira, batez ere, eriekin antolatzen dituzten jardunbideetan. «Buruko erientzako zentro bat da hau, baina beraien gaitasunei erreparatzen diegu, batez ere, eta ondo pasatzeko gogoari. Urte asko daramatzate buruko gaitzarekin, eta diagnostikoari besterik ez zaio erreparatzen sarri. Eta, bale, gaitz bat dute, baina beste gauza asko ere badira». Hori indartzen dute. «Adituekin nazka-nazka eginda daude, hemen adituak gaixoak dira: beraiek». Kontzeptu aldaketa bat aldarrikatzen dute. «Ez gara buruko eriei buruz mintzo:zentroaren erabiltzaileak dira».

Gehiegi babesten ditugu, umeen moduan tratatzen ditugu buruko eritasunak dituzten gure senitartekoak. Erien senitartekoen kezkei ere erreparatu diete Fedeafesen txostenean. Asko dira; besteak beste, gehiegizko babesa. Beren eguneroko jardunean ere, askatasunerako bidean ematen dieten bultzadan, Iglesiasek aitortzen du nekeak izan dituztela usu erien etxekoekin. «Niri, esaterako, ama batzuk etorri zaizkit: 'Nola, nire alabak erabakiko duela halako tokitara joango den edo ez den joango?'». Baina argi du: «Hau helduen zentro bat da».

Lanik ez dut aurkitzen. Aisialdiko zentro bat dira, eta bertara doazen eriek bertako jardueren inguruan antolatzen dute, oro har, eguna. Eri askok inoiz lanik egiteko modurik ez dute izan, eta horren ondorioak jasaten ari dira. Askotan egoera zailak izaten direla dio Iglesiasek: «Elbarrien artean, lanerako aukera urrienak dituztenak buruko eriak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.