Katalunia. A-9ko prozesu parte hartzailea

Eskura du zirrikitua zabaltzea

Konstituzionalaren debekuari izkin egin eta A-9ari eutsi asmo dio Generalitateak.Gorenera ere joko du Rajoyren kontra.Aurrera jarrai dezala eskatu diote talde subiranistek; men egiteko gainerakoek

Oihan Vitoria.
2014ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Ailegatu da trenen arteko talka Kataluniara: Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu du Espainiako Gobernuak azaroaren 9ko prozesu parte hartzaileari jarritako helegitea, eta automatikoki aldi baterako indargabetu ditu egun horri begirako prestaketa guztiak. Kataluniako Gobernua, nolanahi ere, ez da kikildu, eta pauso neurtua baina garrantzitsua eman du igandean bozkatzeko. Ez arre, ez so. Zehaztasun handirik ez zuen eman atzo Francesc Homs Generalitateko eledunak, erabakiaren berri ematean. Mezu argia laga zuen, xehetasunetan askorik sakondu ez arren: «Eutsi egingo diogu prozesu parte hartzaileari. Aurrera goaz, ondorio ororekin». Generalitatea ez dago batere ados Konstituzionalak hartu duen erabakiarekin, eta ez dio men egingo prozesuaren behin-behineko debekuari. Oztopoak oztopo, prest ditu hautetsontziak, eta estaltzeko ez, bozkatzeko zirrikitua irekitzeko ordua iritsi zaio. Ertzetatik ihes egin ez diezaion, azken urratsa besterik ez du falta. Eskura du.

Konstituzionaleko hamabi magistratuek ontzat jo dute Madrilen helegitea, eta atzera bota dute aho batez A-9ko galdeketa. Hiru ordu baino gehiagoko bilkura egin zuten atzo goizean. Generalitateak hogei egun ditu orain alegazioak aurkezteko, eta auzitegiak, bost hilabete mamia aztertzeko. Baliogabetzea ostiraletik da indarrean; egun horretan ipini zuen Madrilek helegitea. Hortaz, ez dute balio juridikorik prozesuaren antolaketan geroztik eginiko urratsek.

Atzokoarekin, Generalitatearen kontrako bi helegite ditu mahai gainean auzitegiak. Lehenik, Artur Mas Kataluniako presidenteak dekretu bidez eta parlamentuak onartutako Kontsulta Legearen abaroan deitu zuen galdeketara joan den irailean. Orduan ere oraingoan erabili duen prozedura berdinari segitu zion Konstituzionalak. Historia errepikatu da: aldi baterako, baliorik gabe utzi zuen kontsulta, helegitea tramiterako bideratuz. Bien mamiaz erabakitzea dagokio auzitegiari, baina ez dago behartuta bost hilabete baino lehen ebazpen bat emateko. A-9rako lau egun baino ez dira falta. Horrela, ez dirudi epaia igandeko zitaren aurretik ailegatuko denik.

Prozesu parte hartzaile horrek «berme demokratiko askirik» ez duela argudiatu du PPren gobernuak helegitea jartzeko istantean. Zehaztasunik gabeko froga ahulak izanik ere, auzitegiak kontuan hartu ditu prozesua eteteko. Generalitateak herenegun jarritako helegiteari, ordea, ez dio jaramonik egin; konstituzionalari galdeketa galaraz ez zezala exijitu zion.

Adierazpen askea, urraturik

Ez du eskuak gurutzatzeko asmorik Generalitateak. Antolaketa lanei eta igandean bozkatzera joateko kanpainari eutsiko dio. Baina ez horri soilik. Izan ere, Masen gobernuak salaketa bat jarriko du Mariano Rajoy buru duen gobernuaren kontra, adierazpen askatasuna «urratzeagatik». Horretarako, Auzitegi Gorenera joko du egunotako batean. Homsek egin du iragarpena. Gorenak iganderako erabakiren bat hartzea espero du Generalitateko eledunak.

Prozesu parte hartzailea debekatzekotan, galdeketaren antolaketa ANC Biltzar Nazional Katalanaren eta Omnium Culturalen gisako eragile sozialen esku uzteko asmoak indartuta zirudien auzitegiaren erabakia jakin aurretik.

Homsek, baina, zalantza guztiak uxatu nahi izan ditu. Adierazi du Masek etzi elkartzera deitu dituela Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Hitzarmena babesten duten indar politiko zein erakundeak. Dena dela, argitu du bilera horren jomuga «bat egitea» dela, ez prozesuaren ardura ituna osatzen dutenen esku lagatzea: «Batuta egon behar dugu adierazpen askatasuna elkarrekin eta sendo defendatzeko». Generalitatearen bozeramailearen esanetan, inoiz baino beharrezkoagoa da bat egitea, «adierazpen askatasunaren gisako eskubide bat babesteko».

Salaketa kolektibo bat ere egitekoak dira, nazioarteari eskatzeko «presio» egin diezaiola Rajoyri. Itunaren parte diren erakundeak eta Kataluniako herrietako alkate zein zinegotziak atxikiko zaizkio Espainiako Gobernuaren kontrako manifestuari. Herritarrek ere bat egin ahalko dute salaketarekin, igandean bozkatzera doazenean dokumentua sinatuta. CUPeko kideek, esate baterako, bozkalekuetan sinatuko dute manifestua, herritarrekin batera.

Desobedientziarantz?

Bada desobedientziaren aurreneko pausotzat jo duenik ere. PSCk, PPk eta Ciutadansek Konstituzionalaren erabakiari men egin diezaiola exijitu diote Generalitateari. Ciutadanseko buru Albert Riverak, kasurako, «porrota» onar dezala eta bozetara lehenbailehen dei dezala esan dio Masi, «politikari zentzudunak» dituen gobernu bat hautatzeko asmoz. Konstituzionalaren erabakiak ez du ustekabean harrapatu. «Iruzurra eginez legediari izkin egiten saiatzen den orok zuzenbide estatuarekin eta demokraziarekin egiten du topo», ohartarazi du Riverak.

Antzerako bidetik jo du PPCren eledun Enric Millok. «Ondo baino hobeto» jaso du erabakia, uste duelako legediari «iruzur» egitea dela galdeketa. «Lege esparrutik at» dagoelakoan, prestaketa guztiak bazter uzteko eskatu du PSCko bozeramaile Maurici Lucenak. Hala ere, espero du lanari ekitea prozesu parte hartzailearen biharamunean, Kataluniako egoera aldatzeko; sozialistek astelehenean plazaratuko dute konstituzioa aldatzeko proposamena. Rajoy prest da horretarako, baina adostasuna zabalagoa behar dela dio.

Atzera egiteko eskatu diote horiek guztiek. Hain zuzen, kontrakoa galdegin diote hasieratik burujabetzari buruzko kontsultaren alde agertu diren alderdi subiranistek: ez dezala amore eman, aurrera segi dezala prozesuarekin. Horretarako, «eskura» daukaten guztia egiteko eskatu dio Generalitateari ERCko eledun Marta Rovirak. Igandean bozkatu ahal izateko baikor dago. Espero du Generalitateak «azkenera» arte eustea. Kataluniarren duintasuna jokoan dagoela uste du Rovirak. Horren haritik, CiUko Jordi Turullek ziurtatu du «zintzoak» izango direla herritarren nahiarekiko.

Debekuak debeku, ICV-EUiA ere galdeketari eustearen aldekoa da, baina «xehetasun gehiago» galdegin dizkio Generalitateari. Joan Mena diputatuak «ezkutaketara» ez jokatzeko exijitu dio Mas presidenteari. «Argi dezala zein eratan egingo duen galdeketa, horrek inorengan inolako eragin negatiborik eduki ez dezan». ICV-EUiAko koordinatzaile nagusi Joan Herrerak azaldu du, gainera, azkenean badaukala igandean bozkatzeko asmoa, eta kanpaina babestuko duela; Herrerak uko egina zion parte hartzeari, Masek lehenengo galdeketarako deialdia bertan behera laga eta «batasuna apurtu» zuelakoan.

CUPek, berriz, «babes juridikoa eta politikoa» eskatu du igandean bozkalekuetan egongo diren 40.000 boluntarioentzat. Haien beharra «arriskuan» ez jartzeko «ezinbestekoa» dela dio alderdiko bozeramaile David Fernandezek. Ez da dezente fio Generalitateak hartu duen hautuaz. «Bozkatzera irtengo gara, eta alde handiz irabaziko dugu, baina bozkalekuetan hautetsontziak ikusi arte, ez gara ezertaz ziur egongo», zehaztu du.

Talde subiranisten adierazpenen ildotik, Generalitatea «lasai-lasai» dagoela ziurtatu du Homs bozeramaileak. Esan du, orobat, ezin dutela estrategia oro publiko egin; horregatik eman dituztela behar baino xehetasun gutxiago.

Pauso bat independentziara

«Beste behin independentziarantz beste pauso bat ematen lagundu gaituzte». Pozik mintzatu da ANCko presidente Carme Forcadell Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaz, eta, batik bat, Generalitateak emandako erantzunaz. «Ez dute ezer lortuko A-9ko galdeketa bertan behera lagata. Herritarrak oldean joango gara bozkatzera. Indar erakustaldi bat izango da». Omnium Cultural elkartearekin lankidetzan sustatutako Ara es l'hora kanpainaren azken txanpan sarturik —etzi dute bukaera ekitaldia Bartzelonako Katalunia plazan—, dei maratoiari ekingo diote gaur kanpaina ixteko. Boluntario bakoitzak hamar laguni deitu beharko die bozkatzera joateko bultzatuz. Egitasmoaren jomuga da mezua milioika kataluniarrengana ailegatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.