Euskal presoak

Pozoia gaixo dagoenarentzat

Euskal presoen egoera muturrekoa dela, baina gaixo daudenena «jasanezina» dela azaldu dute egoera horretan egon diren Lopez de Luzuriagak, Bigurik, Errok eta Mendinuetak. Mobilizatzeko eskatu diete herritarrei, gaur arratsaldean Bilbon egingo den manifestazioa babestuta.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Gaixotasun larriren bat dutela sentitu arren urteak eta urteak diagnosirik lortu ezinik ematea. Edozein proba egin ahal izateko urteak ere itxaron behar izatea. Sendagilea eta gaixoa barroteez banatuta egotea eta artatze lanak burdina artetik egitea. Ospitalera joateko espetxezainen zein polizien irainak, bultzadak, tratu txarrak esposatuta jasan behar izatea. Sendagilearen kontsultan polizia begira-begira izatea, biluzi behar izatekotan ere, ginekologikoki artatu behar izatekotan ere. Gaixotasunak jota erabat indarge egon arren ezin ohean egotea. Ebakuntza gogor batetik esnatzen hasi berritan zutik jartzeko gai ez den gaixoa presaka itzultzea espetxera. Gaitz larri eta mingarria sentitzean ziegako txirrina ez jotzeko erabakia hartzea, horrek ekar ditzakeen ondorioengatik. Tratamendua ezin medikuek agindu bezala hartzea. Presoaren osasuna espetxezain eta polizien menpe egotea. «Gaixo dagoen pertsona ezin da espetxean egon». Argi dute espetxealdi luzeen zati handi bat gaixotasun larriekin bete duten lau kidek.

BERRIArekin egon diren lau preso ohiek hogei urte baino gehiago egin dituzte kartzelan. Minbiziak izan dituzte Gotzone Lopez de Luzuriagak eta Jose Angel Bigurik; bihotzeko gaixotasuna Iñaki Errok; eta oinarrian erreuma degeneratiboa duen gaitz mingarria Jesus Mari Mendinuetak. Horietako bat ere ez zuten askatu gaixotasunagatik. Zegozkien zigorrak baino gehiago beteta askatu zituzten, Estrasburgok 197/2006 doktrina indargabetu zuenean.

Latzak igaro dituzte laurek. Eta, kartzelatik atera zirela urtebete igaro den astean, presondegian bizirik irauteko hogei urte baino gehiagoz bere egin dituzten defentsa mekanismoei eusten diete, konturatu ere egin gabe. Kosta egiten zaie kontakizun mingarrienak plazaratzea, ohikoegi egin zaizkielako. «Eta badakizulako kartzelan ahuldadeak erakusten badituzu zure aurka erabiliko dituztela xantaia egiteko», azaldu du Bigurik. «Zenbat eta datu gutxiago eman, hobeto; zauriak ezkutatu behar dituzu, bestela hor joko zaituztelako».

Antzera mintzo da Lopez de Luzuriaga. Onkologoarenetik itzultzean ere, «zalantzaz beteta» bueltatzen zen espetxera bularreko minbizi gogorra igaro duen gasteiztarra: «Ez nizkion zalantzak galdetzen medikuari; ez nengoen prest polizien aurrean ezer esateko, banekielako gero nire aurka erabiliko zutela».

Bere bizipena kontatzeko beharra du, hala ere, Lopez de Luzuriagak, espetxeetan gertatzen ari dena ezagutaraztea ezinbestekotzat duelako. Gogorra da, oso, jasan izan duena. 2007an bularreko minbizia atzeman zioten.

Jaeneko ospitalean operatu zuten. Ez du ahaztekoa egun hura. Ebakuntza egin eta anestesiatik esnatzen hasi zenean, senda-agiria berehala emateko agindu zion poliziak sendagileari. «Medikuak esan zuen ezin zela oraindik senda-agiria eman. Halere, tutu guztiak kendu, zaintza berezietatik atera, anbulantzian sartu eta beste ospitalera eraman ninduten».

Hangoek ez zekiten zer zuen ere, eta erizainak ez zuen jakiteko ahaleginik egin, poliziek sortutako liskarrarekin aztoratuta. «Mina banuen berehala kenduko zidala esaten ari zitzaidan bitartean, nolotil bat sartu zidan ahoan, eta irentsarazi. Bi egun neraman ezer jan gabe eta urik ere edan gabe!». Gau osoa igaro zuen botaka, ziegan, bakarrik, itxita. Operatu zutenetik 24 ordu igaro aurretik espetxean zen, oraindik ebakuntzako adabakiak soinean zituela. Bakartze ziegara sartu zuten zuzenean berriz.

Erradioterapia eta hormonaterapiaren tratamendua ez zen xamurragoa izan. Hiru tratamendu elkartzearen gogortasunak lur jota uzten zuen; oso ahul, zutik egoteko gai ez zela. Tratamendutik bueltan ziegan egoteko baimena zuen, «baina funtzionarioaren arabera». Batzuetan patioan geratu behar izaten zuen, eta afalondora arte ezin zen joan ziegara. «Ezin nuen neure buruarekin. Gainera, han egoten den zarata jasangaitza da. Lasaitasuna behar nuen; etzan eta isilean egon. Baina hori ezinezkoa da».

Damutzeko eskaera

Haren ustez, halere, «miserableena» ahulen zegoenean gertatutakoa da. Ohetik altxatu ezinik zegoela, damutzeko eskatu zioten. Birritan eskatu zioten. «Sinatu edo hil», dio. Ez zuen onartu. Eta hasieran gaixotasunagatik askatuko zutela ziurtatu bazioten ere, ez zuela sinatuko esan zuenean, kartzelan mantentzea erabaki zuen espetxeak.

Tratamendua ezin izan du behar bezala bete. Liskar handiak izan ditu etengabe poliziekin, oso bortitz eramaten zutelako, min egiten ziotelako, batzuetan biluzarazi nahi zutelako eta, ospitalean egonik, medikuaren gelan sartu eta begira-begira egoten zirelako. Gehiegizko intimitate urraketa haiengatik hainbat kontsulta galdu zituen. Beste batzuetan, poliziak ez ziren gaixoaren bila joan ere egin, «ez zegoelako horretarako libre zegoenik». Halakoen ondorioz, bi urte izan zuten mamografiak egin gabe.

Ebakuntzaren ondoren egin beharreko berrikustea ere ezin izan zuen garaiz egin. «Onkologoarengana eraman beharrean ginekologoarengana eraman ninduten, eta urtebete galdu nuen oker hori egin zutelako».

Kartzelatik atera eta urtebetera, ospitalerako joan-etorrian dabil oraindik Lopez de Luzuriaga. Tratamendu gogorrak eragindako hainbat gaitz agertzen ari zaizkio oraindik. «Baina behar dudanean joan naiteke ospitalera neure kabuz, bakarrik edo senideekin. Eta sendagileei zalantza guztiak galdetu ahal dizkiot. Ez du zerikusirik», dio, gustura.

Mendinueta ere mediku artean dabil oraindik, eta bere egoerak hobera egingo duen esperantzarik ez du. Espondelitis ankilosantea du, erreuma degeneratibo mota bat. 1996. urte inguruan hasi zen min eta desorekekin, baina, espetxetik atera den arte, ez diote diagnostiko argirik egin. «Edozein proba egiteko itxaron zerrenda hamarkoiztu egiten da espetxean». Hainbat gaitz diagnostikatu zizkioten kartzelan, baina konfiantzazko medikuek horien atzean gaitz larriagoa zegoen susmoa zuten. Kalean baieztatu du susmoa, duela zortzi hilabete.

Espetxeak berez gaixotu egiten duela seguru dago Mendinueta: «Kartzela estresagarria da, eta jendea desegiteko prestatua dago». Are gehiago «militantzia politikoagatik» daudenen aurka. «Pertsona deseginda, borrokatu duzun horretan amore ematea da haren helburua». Sistema osoa horri begira prestatuta dagoela ziurtatu du, adibide bat jarrita: «Malagako espetxean jipoitu nindutenean, kartzelako sendagile batek ere parte hartu zuen jipoian».

Beharra duzunean sendagilearengana joateko dauden zailtasunen berri eman du Errok. «Almeriako kartzelan, esaterako, astean birritan dira medikuaren kontsultak. Aurrez eman behar duzu izena. Eta bat-batean zerbait gertatzen bazaizu, espetxezainari esan behar diozu. Espetxezainaren esku geratuko da zure osasuna, baina espetxezainek ez dakite ezer medikuntzari buruz!».

Ezustekoa ziegan itxita izatekotan, areagotu egiten da arazoa. «Zenbat aldiz entzun ote dut funtzionarioa txirrina jo duen presoari esaten ez badago hilzorian jipoitu egingo duela!», dio Mendinuetak. Gainera, espetxezainak zuzendariari eman behar dio abisua, horrek Madrilen baimena eskatu, eta gero sendagileari deitu. Denbora eta tentsio gehiegi premia larria duenarentzat.

Ondorioa argi dute preso ohiek: espetxea jasangaitza da edonorentzat; gaixotu egiten du, eta pertsonak suntsitzea du helburu. Are gehiago preso politikoen kasuan. Gaixo dauden preso politikoen egoera muturrekoa da. Kaleratzea premiazkoa dela baina horretarako gutxiegi egiten dela diote, eta inplikazioa eskatu dute hargatik; bai politikariena presoen korapiloa askatzeko, bai herritarrena horretarako presio egiteko. Mobilizatzeko gonbita egin diete herritarrei. Presoen alde antolatzeko eskatu diete, eta gaixo dauden presoak askatzeko gaur Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.