Argazkien atzean zegoena

Orain ia hilabete, Sortuk eta Donostiako Piratek jakinarazi zuten militante ezagun bat egotzi zutela, «emakumeen kontrako abusu praktika bategatik». Erasook jasandako zazpi andrek BERRIArekin hitz egin dute, gertatutakoa azaltzeko. Bereziki minduta agertu dira zurrumurruekin.

Maite Asensio Lozano.
Donostia
2017ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Arazoa ez daukagu guk. Arazoa ez da proiektu baterako biluzik argazkiak atera ditugula, baizik eta hori aitzakia hartuta gezurra esan digula, eta bere boterea eta posizioa erabili dituela horretarako. Arazoa da tuntuntzat hartu gaituela emakumeak garelako». Mirenen hitzak dira —izen guztiak asmatuak dira—, baina datozen lerrootan agertuko diren beste sei emakumeen hausnarketak laburtzen dituzte. Uztailean Sortutik eta Donostiako Piratetatik kanporatutako gizon militanteak eraso egindako andreak dira. Bide juridikoa aztertzen duten bitartean, bide soziala jorratu nahi dute: BERRIAra jo dute, botere harremanez hausnartzeko, gertatuakoaren irakurketa eraikitzaile bat egiteko, eta zurrumurruak eteteko.

«Bere militante kondizioa aprobetxatuta —eremu eta afera batzuetan erreferentziala zena— engainua eta manipulazioa erabili ditu emakume gazteen argazkiak biluzik lortzeko», adierazi zuen Sortuk prentsara igorritako oharrean, A. V. kidea kaleratu eta gutxira. Hala berretsi dute hainbat urtez haren proposamenak jaso dituztenek: gehienek militantzia esparrutik ezagutzen zutela —ekitaldiak antolatzen jarduten zen—, konfiantzazkoa zela, eta ez zitzaiela arraro egin eskaintza. Gutxi gorabehera, denek jaso zuten mezu berdina, Mirenek azaldu duenez: «Argazki batzuk atera nahi zizkigun, Tximeletaren Metamorfosia izeneko proiektu baterako. 25 bat lagun atera behar zituen, neska-mutil eta adin guztietakoak, gero horrekin body painting birtual bat egiteko».

Sare sozialen bidez jarri ohi zen haiekin harremanetan; proiektuarekin lotuta, Iparraldeko ikasle batzuk aipatzen zituen batzuetan, eta publizitate enpresa bat beste batzuetan. Neskak eta mutilak eskatzen zituen, baina gero zehazten zuen mutilak lotuta zituela jada. 200 eta 300 euro artean eskaintzen zizkien emakumeei. «Pentsatu nuen egitasmo interesgarria zela, baina une hartan ez nuen neure burua hor ikusi, ez nengoen indartsu, ahaldunduta; beste une batean onartuko nukeen», kontatu du Lorek. «Nazka pixka bat eman zidan gure solasaldiak: esan nion ez neukala gorputza hor egoteko, eta erantzun zidan kristoren gorputza nuela, horretarako balio nuela».

Ez da solasaldi deseroso bat izan duen bakarra. Nagorek ere ez zion irudirik bidali, baina atzetik izan zuen: «Esan zidan agobiatuta zebilela, ez zituela modeloak aurkitzen, eta galdetu zidan nola kalkulatzen zen bularretakoaren neurria, eta nirea zein zen. Galdera pertsonalekin harritu nintzen, baina sinetsi nion egitasmoa egiazkoa zela. Erreferentea izan da herri mugimenduetan; fabore handiak egin izan dizkit, konfiantza handia nuen harengan».

Erantzunik gabe

Izarrek, berriz, ez zuen zuzenean ezagutzen, baina egitasmoan parte hartzea ebatzi zuen: «Whatsapp bidez informazioa lortzen saiatu nintzen: ea argazkilari profesionala al zen, blogik ba al zuen... Elkarrizketa arraro samar joan zen, errezelo moduko bat piztu zitzaidan, baina konfiantzazko gune batetik etorri zen eskaintza, eta aurrera jarraitzea erabaki nuen». Izarrek berak igorri zizkion argazkiak: «Hasieran, arroparekin. Hark insistitu zuen arropa gutxiagorekin hobe zela helburua lortzeko; azkenean, bularretako eta kulerotan bidali nizkion. Hilabete batzuetara erantzungo zidala esan zidan, eta argazkiak borratuko zituela, kezka azaldu bainuen horren inguruan. Hori urtarrilean izan zen, eta oraindik ez dut erantzunik jaso».

Antzeko jarduna deskribatu du Ainarak: konfiantzazko eremu batetik jaso zuela mezua, eta zazpi lagunek interesa agertu zutela. «Esan zidan zazpietatik bat edo bi aukeratuko zituela; pentsatu nuen ea gure artean lehiatzen jarriko ote gintuen 300 euroren truke». Whatsapp bidez helarazi zizkion argazkiak; hark eskatuta, azpiko arroparekin. «Diruagatik egin nuen, baina deseroso nengoen. Duda nuen mundu horretan normala ote zen eskatzen zuena, ni ez bainago ohituta halako tratuak egitera. Harremana horrela amaitu zen: erantzunik ez nuen jaso». Dirurik ere ez. Hainbat andreri gerora esan zien proiektuak porrot egin zuela azkenean.

Pauso bat harago egin zuen Alaitzekin: duela bospasei urte, Madrilen prostituzio lan bat egitea proposatu zion. «Hasieran ezetz esan nion, baina buelta asko eman nizkion: 5.000 bat euro ziren, eta nire lagun batek diru asko behar zuen. Hura laguntzeko onartu nuen, eta gizon hau konfiantzazkoa zelako. Bermatu zidan sexu harremanik ez zela izango: artista batekin egotea izango zen, jakinda hark ez zuela sexu harremanik nahi izaten. Eguna iritsi aurretik atzera egin nuen». Lan horretarako, baina, argazkiak egin zizkion, artistaren enpresari bidaltzeko. «Gogoratu nahi ez dudan zerbait da».

Mireni ere erasotzaileak berak egin zizkion fotoak. Oroitu du lagun batekin joan zela; dirua aurretik eman zien, eta «giro lasaian» hasi ziren: «Bular politak genituela esan zigun, eta horien argazkiak erabiliko zituela publizitaterako. Krema marroi bat eman zigun bularretan, eguzki marka ezkutatzeko: lagunak eta biok elkarri eman genion krema, ustez berak ez zuelako eskua sartu nahi, baina gero azken ukituak ematera hurbildu zen».

Une zail gehiago izan zen. Hankarteko ileak moztu zizkien, ile askorekin argazkia ilun aterako zelakoan. «Guraizeekin moztu zizkidan hark zuzenean, bitartean elkarrizketa banalak izanez: herriko festetara al gindoazen...». Tartean, behin baino gehiagotan galdegin zien titiburuak gogortzea: «Esan zigun argazki hori behar zuela, eta gure bularrak egokiak zirela. Saiatu ginen, baina ezin izan zen. Diru gehiago eskaini zigun, ea berak ukituz lor genezakeen. Insistitu zuen, baina ezetz esan genion, eta hark ere erdi brometan bota zuen: 'Ez dizuet berriz esango, bestela beste gauza bat pentsatuko duzue'. Eta bai, beste gauza bat zen».

Lotsatik ahalduntzera

Engainuaren berri izan zutenean, antzeko erreakzioa izan zuten guztiek: lotsa eta errua sentitu zuten. Izar: «Hasieran pentsatu nuen: 'Nola izan naiz hain inozoa?'. Gero, kezka bat etorri zitzaidan: non daude argazkiak? Nik ez baititut nire irudiak Interneten zabaltzen. Horrek amorrua sortu zidan. Eta, azkenean, hausnartzen hasi nintzen: zergatik izan behar dut lotsa, gorputza erakutsi dudalako?». Erantsi du engainuak egin diola min, eta biluztasunaz gogoeta egin beharko litzatekeela: «Biluztasunaren konotazio guztiek mila sentimendu sortzen dizkigute: hauskor sentitzen gara, intimidatuta. Baina horri buelta eman behar zaio. Nik nire gorputza erakustea erabaki nuen, 300 eurogatik eta proiektu bategatik, eta berriz egingo nuke. Ez dut tapatzen jarraitu nahi».

Argazkirik bidali ez zietenentzat ere ez da samurra izan. Ainhoa, esaterako, ez zen gertatutakoaz gogoratzen: «Ez nintzen kontziente ni emakume horietako bat nintzenik, baina bururatu zitzaidan mezuen historiala berrikustea, eta han aurkitu nuen bere proposamena, duela bost urte». Ohartu zenetik, lo egiteko arazoak ditu: «Kontu horiek une oro etortzen zaizkit burura, eta inguruarekiko konfiantza falta sentsazio bat pizten ari zait».

Bere buruari buruzko zalantzak ere eragin dizkio Loreri: «Hauskor sentitu naiz: pentsatu dut ahul ikusi ninduela, eta horregatik proposatu zidala argazkiak egitea. Izaera leuna daukat, eta askotan sentitu dut gehiago errespetatzen direla pronto handiagoa duten pertsonak. Iruditu zait berak sentitu zuela ahalmena niri proposamena egiteko, otzan ikusi ninduelako». Dena den, buelta eman dio: «Beste hausnarketa bat egin dut orain: gure izaera militanteaz eta konpromiso ahalmenaz aprobetxatu dela. Are, emakumeen ahalduntzeaz aprobetxatu da: euren gorputzen gainean duten indarraren seinale da argazkiak bidali izana».

Alaitzek badu beste min bat, gertukoa baitzuen erasotzailea. Eta kulpa bat: «Nirea duela bospasei urte izan zen: lehenago zerbait esan izan banu, igual beste asko ez ziren hortik pasako».

Zurrumurruei aurre

Auzia uztailean azalera atera zenetik, ez da beste hizpiderik izan Donostiako eremu batzuetan. Eta hor hasi da emakumeentzako beste prozesu bat: zurrumurruak kudeatzearena. «Jendea hitz egiten hasi zenean hasi nintzen ni gaizki pasatzen», azaldu du Nagorek. Jendaurrean gaiaz hitz egin ezinik dabil, parranda giroan entzundakoen ostean: «Jendeak arintasunez hitz egiten du: 'Hainbeste izan badira, zergatik ez dute ezer esan?'. Nik ez diet ingurukoei esan eskaintza jaso nuenik, beraz, ni bezala, beste asko egon daitezke talde solasaldi batean halakoak entzuten. Aurrekoan, lagun batek hiru neskaren kasuak bota zizkidan, izen eta guzti, nik ezer galdetu gabe. Asmo txarrik gabe, baina diskrezio gabe».

Eta izan dira iruzkin ezegokiak: «nola bururatu zaie argazkiak bidaltzea?» eta antzekoak ohikoak izan dira. «Tuntunak bagina bezala», deitoratu du Lorek. «Diskurtso horrek min handia ematen du, eta erantzukizuna emakumeen gainean jartzen du. Eta zentratu gaitezen: errua ez da gurea». Irmo mintzatu da Ainara: «Ez da zilegi gu epaitzea argazkiak bidaltzeagatik; ez dut onartuko zentralitatea gugan jartzea. Nire gorputzaren jabe ni izanik, nahi ditudan aukerak egin ditzaket».

Horrelako solasaldietan esaten direnez kontziente izateko eskatu dute, eta, bide batez, harago joateko, eta erasotzailearen jokabidea aztertzeko. Alaitzek azaldu du gizonek ere jasan dutela engainua: «Batzuk hasi dira hausnartzen eurei ere zer gertatu zaien; azken batean, engainuak jende askorekin erabili ditu, eremu askotan».

Emakume guztien errelatoan ageri dira antzeko kontzeptuak erasotzailearekin lotuta: konfiantza, boterea, manipulazioa, xantaia emozionala... Izar: «Bere militante izaera erabili zuen engainuaren euskarri gisa, botereak ematen zizkion pribilegioez baliatu zen». Lore: «Jendeak dio gaixo dagoela, baina ez: bere boterea erabiltzea gustatzen zitzaion, gure gainetik zegoela sentitzea». Ainhoa: «Botere handia zuelako ezagutzen genuen; bagenekien gure proiektuetan lagundu ahal zigula. Militantzian ere, ordu pila bat egin ditugu txandetan, lan mordoa egin dugu elkarrekin... Kausetara hain entregatuta ikusten nuen, ez zitzaidan burutik pasatu halako zerbait egin zezakeenik. Agian beste pertsona bat izan balitz, lehenago frenatuko nizkion jarrera batzuk».

Ildo horretan, andre askok aitortu dute deseroso sentiarazi zituela, baina argitu dute ohikoa dela gizonekiko solasaldietan, eta horrek ez duela esan nahi atzean halakorik dagoenik. Nagore: «Guk ez dugu jakin erasotzen ari zitzaigunik, ez dugulako gaizki hartu bere proposamena. Ez daukat zertan gaizki pentsatu konfiantzan argazki batzuk eskatzeagatik». Alaitz: «Proposamenak bere lanarekin lotuta zeuden, egia izan zitezkeen. Zergatik pentsatu behar nuen gezurra zirela?». Ainhoa: «Zergatik ibili behar zara dudan jartzen konfiantzazko pertsona batek esaten dizuna?».

Emakumeetako batzuek bereziki gaitzetsi dute feminismoa baliatu izana hurbiltzeko. Izatez, eragile feminista baten bidez iritsi zen Ainararengana: «Guretzat seguruak ziren espazioak eta harremanak erabili ditu». Miren: «Diskurtso ustez feminista erabili zuen argazkiak ateratzean. Feminista balitz bezala hitz egiteko zuen lasaitasuna grabatuta geratu zait burmuinean».

Aldaketa sakonagoak

Kaltetuak pozik daude Sorturen eta Piraten erantzunarekin, baina erasotzailea kanporatzeaz gain, beste neurri batzuk ere hartzeko premiaz mintzatu dira. Erantzun publiko sendoagoa falta izan dela dio Lorek: «Ondo dago erasoa jasan dugunongan arreta jartzea, galdetzea guk zer egin nahi dugun, baina erantzukizuna ez da gurea, baizik gizarte osoarena».

Ildo horretan, beste gai bat jarri du Ainhoak mahai gainean: erasotzaileekin nola jardun. «Kolektiboetatik kanporatu dugu, baina gero zer? Pertsona hau gizartean dago. Ez dakit zein interbentzio egin behar den halakoetan, baina agian konpromiso batzuk eskatu behar zaizkio». Taldeen barruan ere lantzekoa da auzia: «Erasotzailearen jarrera patologizatzeko eta indibidualizatzeko joera dago, baina jarrera matxistak oso errotuta ditugu: dinamika berdinekin jarraitzen dugu. Kezka sortzen dit halako zerbait gertatzeak eta ezer ez egiteak. Sentsazioa daukat jendeak ahaztu egin duela jada: tipoari X bat jarri diogu, eta kito».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.