Kataluniako hauteskundeak. Eremu unionista

Kataluniarik espainiarrena

Duela mende erdi Bartzelonara iritsitako etorkinak aterpetu zituen Nou Barrisek; PSCren gotorleku izan zen urteetan; 2015ean, Ciutadansek irabazi zuen.

Bandera espainiarrak eta independentisten kontrako mezuak, Nou Barriseko Verdum auzoan. ORIOL CLAVERA.
Igor Susaeta.
Bartzelona
2017ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Poliki-poliki dator, oinez, Alfonsok eta Manuelak osatutako bikotea. Katalunia bizitzen ari den abagune politikoaz galdetu, eta arlo ekonomikoaz hasi dira hizketan. 3.000 bat enpresak alde egin dutela independentisten jokabidearengatik. 56 urte daramatzate Nou Barrisen, Bartzelonako distrito txiro bezain borrokalarian —hirigunetik, metroz, 20 bat minutura—, baina azentu andaluziar itxia dute oraindik. Ciutadansi emango diote botoa gaur, alderdi laranja ez omen dago-eta ustelduta. Haien botoa esplikatzeko orduan, argudio horri heltzen diote 1950eko, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Espainiatik distrituko hamahiru auzoetako batera heldutako milaka etorkinetako batzuek. «Ni ez naiz ez ezkerrekoa, ez eskuinekoa; errealista baizik», dio Ramon jatorriz galiziarrak. Kanpainan, Ines Arrimadas buru duen alderdiak gastatu du diru gehien 2,1 milioi euro, eta nabari da, bai, Nou Barriseko Verdum auzoko kaleetako propaganda karteletan. Historikoki Bartzelonako borroka sozialen habia izan zen tokian, hirian auzo elkarte gehien duen lekuan —PSCren gotorlekua izan zen urteetan—, nagusitu zen 2015eko hauteskundeetan. «Ez da asmatu borroka haien memoria transmititzen», nabarmendu du Aurora Alvarez Nou Barriseko Ateneuko kideak, joera aldaketa hori azaltzeko. Miquel CUPeko bozkatzailearentzat —errepublikanoa da, baina ez independentea—, Ciudatansek distrituan ez du botererik, eta «inkulturaren» botoa jasotzen du. «Ciutadansi bozkatzen dion jende hori auzotik atera ere ez da egin inoiz». Baina ugari dira.

Carpe Diem izeneko tabernan ere dezente dira, Miquelen esanetan; aspalditik langabezian daudenak biltzen dira han. Walter 50 bat urteko uruguaitarra da horietako bat. «Goazen kanpora». Astelehen goiz buruzuri bateko 12:30ak dira, eta basoerdi batzuk hartu ditu dagoeneko. 31 urte daramatza Nou Barrisen. Ez du espainiar herritartasuna nahi, katalana baizik. «Egin duten guztiaren ondoren, ezin naiz espainiarra sentitu». Tabernatik atera nahi izan du, barruan ezin delako «aske» mintzatu. Faxistak «hazita» dabiltzala dio Miquelek; hurbiltzen direla Nou Barrisera, «ehizatzera». Baina, berez, «nomenklaturari dagokionez», leku «antifaxista» da: Karl Marx plaza, Pablo Iglesias PSOEren sortzailearen omenezko kalea... Han, ordea, ez dira «eroso» sentitzen independentziaren gaiarekin, Alvarez aktibistak dioenez.

Eta eraikinetako balkoietan zintzilikatuta daude esteladak, bai, baina, Miquelen dioenez, baita «armairutik ateratakoen» Espainiako banderak ere; batzuetan, bata balkoi batean eta bestea ondokoan edo gainean. Duela 40-50 urteko etxeak dira, langile uholdeak aterpetzeko eraikitakoak, eta horietako bateko ataria garbitzen ari da Sandra 44 urtekoa, La Mala Rodriguezen kantu bat aditzen eta kantatzen duen bitartean. Ez du banderez ezer jakin nahi, eta prozesu subiranistaz galdetuta, onomatopeia batekin erantzun du: «Uf..». Ez daki zer esan independentismoaz. «Nik nahikoa daukat nire egunerokoarekin», errematatu du, umorez.

Azkenaldian iritsitakoak

Atari horren parean pakistandar batzuen fruta denda bat dago, Punjab deitutakoa, espainiarrak ez diren etorkinek osatzen baitute distrituko biztanleen %15 inguru auzo batzuetan %30, eta katalana ez bezala, hainbat hizkuntza entzuten dira espainolaz gain. Percy hondurastarra espainolez mintzo da, seme txikiarekin ari da jolasean plaza batean, baina argazkilaria katalanez hasi zaionean ez dio eskatu espainolez egin dezala. Bederatzi urte daramatza Bartzelonan. Ulertezina egiten zaio Espainiako Gobernuaren jarrera. Ea zergatik ez duen erreferendum bat egitea ahalbidetzen. «Herriari ahotsa ematea da demokrazia, ezta?». Badaki Nou Barrisen Ciutadansek irabazi zuela, eta uste du gaur gauza bera gertatuko dela. Katalanak, «orokorrean», kritikatzen ditu, kanpotartzak jotzen dituztelako Nou Barrisekoak, «ez-katalantzat». Independentistei ere tira egin die belarrietatik, ez baitiete argitu Katalunia independente batean izango luketen estatusa.

Horri buruz ez dio ezer Vicente PPren bozkatzaileak. Nou Barrisen jaiotakoa, 35 bat urte, eta, «betidanik», eskuinekoa. «Politikari guztiek lapurtzen digute, baina nahiago dut gauden bezala jarraitzen badugu». Eta Alvarez ekintzailearen hitzetan, Moncloak Katalunian 155. artikulua aplikatu zuenetik, Nou Barrisen errepresioa pairatzen ari dira elkarte asko, eta haien jarduna blokeatzen ari da Madrilek gidatutako Generalitatea. «Independentismoak irabazten badu eta Madrilek bereari eusten badio, guretzako hondamendia litzateke».

Udalerako, En Comu

Ada Colauren Barcelona En Comuk Nou Barrisen erraz irabazi zuen 2015eko udal bozetan, eta baita Espainiakoetan ere, iazko ekainean. Kataluniako hauteskundeetan, ordea, «bihotzarekin» bozkatzen da, Alvarezen iritziz. «Eta bihotza erdibituta edukitzen du jendeak: katalana bezala espainiarra sentitzen baita». Joan den urriaren 1eko erreferendumean, memoria gorria berreskuratu eta bihotzarekin eta irudimenarekin defendatu zituzten bozkalekuak. Polizia bera engainatu zuten borroka sozialen bueltan hazitako auzotarrek. Botoz betetako hautetsontziak ezkutatu eta paperez betetakoak eman zizkieten segurtasun indarrei, bila joan zirenean. «Hau Francorekin ez zen gertatzen!» gazteleraz oihu egin zietela gogoratu du Miquelek. Baina Ciudatansek badaki han botoak arrantzatuko dituela, eta, 2015eko bozetan bezala, orain ere Nou Barrisen itxi du kanpaina: katalunia espainiarrenean. Hala dio, ordea, Ciutadansen propaganda tipografia imitatuz eta alderdiaz trufatzeko seinale batean jarritako itsasgarri batek: «Ez zaitzatela engainatu. Eskuinekoak gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.