'Euskal Elkargoa' proposatu dute Ipar Euskal Herriko egitura berriaren izentzat

Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak erabaki dute euskarazko izena. Azaroaren 19an Jagon jardunaldiak egingo dituzte, «biharko» hizkuntza politika antolatzeko

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2016ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Azken hitza Ipar Euskal Herriko hirigune elkargoko kontseiluak izanen badu ere, Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak erabaki dute: Euskal Elkargoa da urtarrilaren 1ean sortuko den egitura publikoaren euskarazko izen zuzena. Elkargo bakarra sortzeko prozesua abiatu zenetik, zernahi izen erabili da egitura izendatzeko; nork bere irizpideak erabili ditu. Hala, Euskal Herri Elkargoa edo frantsesezko EPCI nagusitu dira antolakunde gehienen agiri eta adierazpenetan. Ipar Euskal Herriko lehen instituzio propioa sortzear dela, euskalgintzak Euskal Elkargoa hobetsi du egituraren izen ofizial gisa, eta hala proposatuko diete hautetsiei. «Horrelako administrazio bat sortzen denean, zerbait berria, izena beti hizkuntza hegemonikoan pentsatzen da lehenik, eta euskarazko itzulpenaz ardura guti izaten dute», esplikatu du Sagrario Aleman Euskaltzaindiko Sustapen arduradunak. Hala, Jagon jardunaldiak antolatzeko orduan, euskarazko izenaren hautaketa beren gain hartzea erabaki zuten.

Euskal Elkargoko Kontseiluak erabaki beharko du zer izen ofizial hautatu. Halakoetan, Euskaltzaindiarengana jotzea izaten da ohikoena; egingo ez balute, haiek joanen lirateke hautetsiengana. «Bestela ere, guk hala deitzea erabakitzen badugu, praktikak ezarriko du bere lekuan euskarazko izena», gaineratu du Aines Dufau Ikas-eko arduradun eta Euskal Konfederazioko kideak.

«Biharkoaz» gogoeta

Euskal Elkargoaren sortzea eta euskararen geroa izenburupean antolatu dituzte aurtengo Jagon jardunaldiak; azaroaren 19an egingo dituzte, Baionako Euskal Museoan. Egun osoan hitzaldiak eta eztabaidak izanen dira, orain arte izan diren hizkuntza politika publikoen balorazioa egiteko eta hemendik aitzina egin beharrekoaz gogoetatzeko. Inkesta soziolinguistikoek erakusten dute hizkuntza ez dela biziberritu, eta «zer eta nola» egin gogoetatu behar dela azpimarratu dute. Jardunaldien bukaeran, erakundeentzako aldarrikapen testu bateratu bat aurkeztuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.