Jokin Aranalde. EIPK-ko mintzaidea

«Kontakizun osoa egin behar da, oinarri politikoak mahaian jarrita»

Sorterrira itzulita, estatuek trabak jarri arren, iheslariek pauso gehiago emateko konpromisoa dutela nabarmendu du Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko mintzaideak: «Herritar sektore zabalek ikus dezatela gure borondate eraikitzailea».

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Gaztelu
2014ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
2002an alde egin behar izan zuen Jokin Aranaldek (Gaztelu, Gipuzkoa, 1946) Ipar Euskal Herrira. Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko mintzaideetakoa da, eta euroagindu baten ondorioz itzuli da orain sorterrira. Laino daude bazterrak, baina pozik erakutsi du paisaia , etxeko leihotik. «Han Aralar, han Aizkorri...».

Iazko ekainean aurkeztu zenuten kolektiboaren proposamena, Miarritzen. Nolako lana izan zen ordura arte egindakoa?

Bi urte generamatzan eztabaidan, egoera berri batean sartzen ginelako eta ohartu ginelako bi estatuen aldetik ez zegoela inolako borondaterik gatazkari konponbide sakon bat emateko. Harreman asko egin genituen, oso zabalak, maila guztietakoak. Uste dugu proposamen horrek oihartzun handia izan zuela Euskal Herrian, ez bakarrik ekitaldiagatik, baita bide orri bat delako ere.

Mintzaidetza ere hautatu zenuten garai hartan.

Mintzaidetza ez da aukeratzen estatuekin ez dakit zer negoziatzeko; harremanak egiteko da, gure herriko indar politiko, sozial, sindikal, kultural zabalekin, gure proposamenaren inguruan. Hau ez baita iheslarien arazo bat: herri honen arazoa baita. Gero, Iparraldeari begiratzen diogu, baina iheslariak munduan zehar dira. Iparraldean %30 inguru bizi gara, eta %70 Euskal Herritik kanpo, kontinente batean eta bestean. Perspetiba osoa landu behar da, eta haiek ere badira mintzaideen artean.

Nolako harrera izan zenuten harreman horietan?

Eragile guztien harrera oso ona izan da. Gure bide orria eta gure eskakizunak gatazkaren konponbidearen parte dira, eta, beste arazo guztiekin batera, agendan da gure gaia ere.

Iheslarien errealitatea konplexua dela nabarmendu izan duzue. Nola landu guztia?

Guk proposamenean bildu ditugu eskakizun nagusiak, egoera orokorra, nahiz eta oso konplexua izan. Bai baita jendea isilean, sasian bizi dena ere; eta oso baldintza zailetan, marjinalitatean bizi dena munduan zehar. Jaso ditugu nagusiki zein urrats beharko liratekeen; batzuk politikoak, besteak humanitarioak. Gaixo direnenen egoeran, adibidez: badira dauden herrialdeetan ez dutenak sendatzeko gutxieneko baldintzarik ere. Horiek beste herrialde batzuetara eraman eta han tratatzea, edo mugitzeko gutxieneko askatasuna izatea beste herrialdeetan bizi direnek. Asko dira legez kanpo deportatuak. Frantziak egin zuen hori; hegazkinetik itsasora botatzea falta zitzaien bakarrik. Dokumentaziorik gabe utzi zituzten, botata.

Oraintsu arte ez da asko hitz egin izan egoera horietaz. Bi urteotan aurreratu al da gizartea kontzientziatzeko bidean?

Ez da preseski errazten den gauza bat, oro har, komunikabideen aldetik, salbuespenak salbuespen. Guk lan eskerga egin behar dugu, baina nik uste gero eta kontzienteago dela gizartea kolektibo honen ondorioen larritasunaz. Bestetik, ari gara urratsak egiten bata bestearen atzetik: egoera berrian kokatu eta ekarpena egitea, Miarritzeko ekitaldia, pasaporte bila joatea... Azken urrats publikoa batzuk herri eta etxeetara itzultzea izan da. Horrek hausnarketa eta eztabaida asko eskatu du.

Estatuak ez daude gauzak errazteko prest. Zein izan daitezke hurrengo urratsak?

Etorriko dira, ari dira pentsatzen. Maila guztietakoak izango dira. Adibidez, planteatzen dugu torturari lotutako dosier guztiak itxi behar direla. Horren inguruan lanketa handi bat egiten ari dira. Lan asko diskrezioan egiten da, baina izango du publikotasuna. Beste bat da, legedi arrunta aplikatuz gero, hainbat dosier itxiko liratekeela. Horrek gogoeta eginarazten digu justizia trantsizionalaz. Badakigu estatuek ez dutela borondaterik, baina joango gara urratsez urrats, nahiz eta, globalki, hori ez den nahikoa izango. Herritar sektore zabalek ikus dezatela gure borondate baikor eta eraikitzailea. Nahi ez duenak horma handi batekin egin dezala topo. Bota nahi duten zepoan haiek eror daitezela, eta ez gu.

Torturaren inguruan, Jaurlaritzak asmoa agertu dulan bat egiteko. Zer iruditzen zaizu?

Kontakizunaren inguruan eta gatazkaren konponbidearen inguruan egiten diren urrats guztiak ontzat hartu behar dira. Niri, hala ere, iruditzen zait determinazio gutxi dagoela. Ezin dugula jokatu era horretan gatazka politiko batean hain ondorio latzak izan dituen herri batekin. Askoz seriotasun eta sakontasun handiagoa behar dela. Eta Jaurlaritza daukagu, baina Nafarroa daukagu, Iparraldea daukagu. Kontakizuna ez da Baskongadetakoa. Prozesu luze bat izango da; herri honek irabazi behar duen gai bat da. Eta herri diodanean, ez naiz ari herri sektore batez, sektore zabal batez baizik, pentsaerak pentsaera, sentsibilitateak sentsibilitate. Horrek esan nahi du gehiago aktibatu behar duela, behingoz gatazkaren oinarrietara jo eta irabazi behar duela burujabetza.

Zer garrantzi du kontakizunak? Nola landu behar da?

Parte guztiek egon behar dute. 1978ko amnistiak erakusten digu argi zer ez dugun egin behar, eta zer egin beharko genukeen. Herri bati memoria kentzea nora ezean uztea da, injustiziarik handiena haren duintasunaren kontra. Ikusi dugu Espainian zer gertatu den, desastre ikaragarria. Amnistiaren Legea nazioarteko lege guztien aurkakoa izan zen, eta, ezker abertzaleak eta beste sektoreren batek salbu, den-denek onartu zuten, ezkerreko izenekoek ere bai. Hori herri bati ezin zaio egin: krimen politiko, kultural eta moral bat da. Euskal Herriak, borroka latza egin duelako, memoria sakona izan du, du eta izango du. Irabaziko du bere memoria izatea. Eta horrek ez du esan nahi era batera pentsatzen dugunona soilik. Gatazkaren kontakizun osoa egin behar da, oinarri politikoak mahai gainean jarrita.

Amnistiak zer esan nahi du gaur egun zuentzat?

Amnistiak ez du esan nahi inondik inora gatazka politiko baten aitortza argia egiten denik, ezta herri baten askatasuna ekartzen duenik ere. Kontrakoa ere izan daiteke. Guk planteatzen duguberriz preso eta iheslaririk egon behar ez den egoera bat. Eta bitartean, borrokatzea, parte hartzea eta urrats garrantzitsuak egitea. Presoekin baldin bada gaixoak etxeratzea, baldintzapeko askatzea aplikatzea eta sakabanaketa bukatzea, iheslariekin beste pauso batzuk. Guztiak etxeratu arte. Hori da guretzat benetako amnistia eta benetako bidea. Izan ere, hor ezker abertzaleari eta sektore batzuei aurpegiratzen zaie presoei traizio egin dietela, ez dutela nahikoa egiten... Halako nahasmen bat sortu nahi dute, kontzienteki, eta irudipena dut badagoela jende bat zepo horretan erortzen ari dena. Baina gure benetako ildoa hori da: borroka bide bat, eta herri honi parte hartzeko aukera zabalak eskaintzea. Ez bakoitzak nahi genukeen bezala, sektore zabalak direlako bat egiten dutenak. Ez dugu pentsatu behar soilik bakoitzaren sentimenduetan, edo etsaiak sortzen digun gorrotoan oinarritu. Herri honen arazoa da, herri honek konpondu behar du.

Espainia ari da, adibidez, GALen eta beste talde batzuen biktimei izaera hori ukatzen.

Noski, horrek benetako kontakizunera daramalako. Hor dago Espainiako Estatuaren drama, baina guk ezin dugu konpondu. Benetan behartuta sentitzen direnean bakarrik sartuko dira prozesuan. Bitartean, gure bideari jarraitu behar diogu, luzea izan edo motzagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.