Mundua mugitzen duten langile ikusezinak

Zaintza lanak egunerokoan ezinbestekoak badira ere, lan merkatutik eta estatistiketatik kanpo daude. Ekonomia feministak pertsonen ongizatea jarri nahi du gizartearen erdigunean, kapitala alde batera utzita.

Zaintza lanetako langileak euskarri afektibogarrantzitsuak dira zaintzen dituztenpertsonentzat. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2015eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Lan produktiboak eta zaintza lanak. Bi errealitate horiek parez pare jarri ditu ekonomia feministak. Lan merkatuak aintzat hartzen ditu lehenak; bigarrenek, berriz, bizitzaren garapenean laguntzen dute, eta produkzio sistema kapitalistatik at daude. Lan produktiboek lan hitzarmenak, sindikatuak eta prestigioa dituzte, hobea ala okerragoa izan; zaintza lanak ez dira estatistiketan sartzen, eta gizartearen langilerik prekarioenak dira.

«Zaintza lanak bizitzaren ugaltzearekin zerikusia duten lan guztiak dira, hala nola bazkaria eta erosketak egitea, arropa garbitzea, gaixoak zaintzea, umeak eskolatik jasotzea eta etxeko lanak egiten dituztela ziurtatzea», azaldu du Paca Robles Arabako Emakumeen Asanbladako kideak. Lan horiek beharrezkoak dira egunerokoan, baina, aldi berean, erabat ikusezinak eta prestigiorik gabeak direla dio Roblesek. «Emakumeek zaintza lanak euren gain hartu dituztenez, estatuak ez dira inoiz arduratu nagusiez, umeez eta gaixoez». Horrenbestez, Roblesek ziurtatu du ezkutuko lan horiek gabe gizarteak ezingo lukeela aurrera egin.

«Sistema kapitalistak produkzioa baino ez du aintzat hartzen. Horregatik, lanerako prest dauden gorputz osasuntsu eta indartsuak bakarrik interesatzen zaizkio». Baina badira sailkapen horretatik kanpo dauden pertsonak, hala nola umeak, nagusiak, gaixoak eta aniztasun funtzionala dutenak. Ekonomia feministak ez du kapitalismoa soilik kritikatzen helburu produkziozaleengatik, baizik eta heteropatriarkala ere badelako. «Banaketa oso argia egiten du sistemak: gizonak erabat burujabeak dira etika produktibistaren barruan, eta ez dute inoren laguntzaren beharrik; emakumeak, berriz, besteentzat lan egiteko hezi dituzte».

Roblesek Amaia Perez Orozko ekonomialariaren ideiak jarraitzen ditu. Perez Orozkoren aburuz, gizartean generoak antzezten dira. Norberaren sexuaren arabera, genero maskulinoa edo femeninoa egokituko zaio. Genero bakoitzak ezaugarri propioak ditu, eta, gizartean onartua egoteko, norberak egokitutako generoaren rolak bete beharko ditu. «Generoaren roletik ateratzen dena zigortua izango da», dio Roblesek.

Banaketa horren arabera, familia mantentzeko ardura feminizatua dago, esparru pribatuan eta emakumeek egiten dutelako. Hori dela eta, Roblesek uste du heteropatriarkatuak ezarritako ordena eta rolak bukatu behar direla. Hala ere, argi utzi du ez dela gauza erraza, eta ohartarazi du sistemak berak gaitasun handia duela gizarte aldaketak bere alde jartzeko: «Kontziliazio politikek huts egiten dute. EAEko jardunaldi murrizketen %82 emakumeek eskatu dituzte». Horrez gain, nork bere rolak oso barneratuak dituela uste du Roblesek: «Emakumeak ez badira zaintzaile onak, kritikatuak izango dira, berengan baino ez dutelako pentsatzen. Gizonen kasuan, berriz, zein lantegitako langilek hartuko du lan jardunaldi erdia? Zeinek hartuko du hori, jakinda ez dagoela ondo ikusia, eta, gainera, enpresan aurrera egiteko zailtasunak sortuko dizkiola?».

Errealitate gogorra

Adriana Rodriguez soziologoa da, eta Cuidadoras Invisibles (Zaintzaile Ikusezinak) taldeko kidea. Kolonbiatik etorritakoa da, eta atentzioa eman dio Gasteizen zenbat atzerritarrek zaintzen duten jende nagusia. «Ni emigrantea naiz. Kalean ikusten nuen Hego Amerikako eta Afrikako emakume mordoa pertsona nagusien gurpil aulkiak bultzatzen. Orduan, ikerketa bat egitea pentsatu nuen, emakume horiek nortzuk diren jakiteko eta zein egoeratan dauden jakiteko». Cuidadoras Invisibles taldea 2009an sortu zuten, zaintza lanetan ari diren emakumeak elkartzeko guneak sortzeko eta norberak bere esperientziak azaltzeko.

Bilkura horietan, zaintza lanetako langileen egoera ezagutu zuen Rodriguezek, baita esklabotza egoerak ere: «Badaude emakumeak asteko zazpi egunetan 24 orduz lan egiten dutenak, eta hilean egun bat baino ez dutenak libre. Lehen, 800 euroren truke egiten zuten lan hori, baina, krisiarekin, 500 euro ordaintzen dituzte zenbait kasutan. Badira, baita ere, lanaren truke etxea eta janaria baino ematen ez dutenak». Rodriguezek azaldu du proiektuarekin hasi eta gutxira konturatu zirela zaintza lanetan ez zeudela bakarrik emakume atzerritarrak; bertakoak ere ari dira.

Lan hori ekonomikoki ez baloratzeaz gain, Rodriguezek azaldu du ez dela aintzat hartzen langileek afektibitatearen aldetik egiten duten ekarpena: «Bakarrik dauden aitona-amonak, herentziek sortutako familia gatazkak, gerrako oroitzapenak dituzten amonak eta tratu txarrak jaso dituztenak... Samin hori guztia langileen gain erortzen da». Gainera, kasu askotan langileak dira pertsona nagusiekin harreman gehien duten pertsonak, eta haiek laguntzen dituztenak hil arte. «Bada emakume bat aitona-amona bikote bat zaintzen zuena. Amona hil ostean langileak egin behar izan du amonaren gauzen inbentarioa haren seme-alabentzat».

Egoera horiei aurre egiteko, Cuidadoras Invisibles elkartean asko landu zuten elkar zaintzea eta nork bere burua zaintzea. «Ezin da imajinatu ere egin zein zaila den etxeko langile bat konbentzitzea astean bi ordu har ditzan. Masajeak egiten genituen, lasaitze ariketak, eta asko laguntzen genion elkarri». Horrez gain, antzerki esketxak prestatu zituzten zahar etxeetan antzezteko eta «gizartea kontzientziatzeko».

Gizarte aldarrikapenak

Etxeetan lan egiten duten emakumeen eskubideak defendatzeko, Bizkaiko Etxeko Langileen Elkartea sortu zuen mugimendu feministarekin loturiko emakume talde batek duela 30 urte. Lan politikoa egiteaz gain, laguntza ematen dute: astean behin aholkularitza zerbitzua ematen dute. Bertan egiten duten lanarekin urtero estatistikak argitaratzen dituzte, sektoreko egoera agerian uzteko. Horrekin batera, helburu politiko zehatzak aldarrikatzen dituzte, hala nola lege aldaketak eta erakundeen konpromisoa lan baldintzak duindu eta kontrolatzeko.

Isabel Otxoa EHUko lan zuzenbideko irakaslea eta Etxeko Langileen Elkarteko kidea da. Haren arabera, egunez lan eginda gaua ere pasatzen duten langileei ez zaizkie ordu horiek ordaintzen. Areago, langileen %77k astean 60 ordu baino gehiago egiten dituzte. Baina are okerragoa deritzona da %35ek ez dutela atsedenik hartzen astean 24 orduz jarraian. Horiek etxeko langileen sektorearen adibide batzuk baino ez dira, baina Otxoarentzat instituzio publikoen kontrolik eza da salagarriena: «Haurdun geratzen diren langileak maiz kaleratzen dituzte, etxeko langileen Gizarte Segurantzako sistema bereziak ez die desenplegu saria onartzen, eta tratu txarrak jasotzen dituztenean lan ikuskaritzak eta auzitegiek ez dute gauza handirik egiten. Etxebizitzaren intimitaterako eskubidea erabat lehenesten delako».

Horren inguruan ez du aterabide errazik ikusten Otxoak: «Horrela ezin da jarraitu. Enplegatzailea pertsona arrunta bada, ezin izango ditu baldintza duinak inoiz bete. Menpeko pertsonen arretak astean hiru edo lau txanda beharko lituzke. Lanbide gisa horrek ez du etorkizunik jendarte justu batean». Egoera hain larria izanik, gaia mahai gainean jartzea da egin beharreko lehenengo gauza. «Ez da lehenago egin, beti norbait dagoelako era bidegabean arazoari aurre egiten diona; emakumeak normalean». Otxoak dio gizonei exijitu behar zaiela euren «zaintza kuota» betetzeko. Haren aburuz, jakina da zerbitzuen bitartez ezinezkoa dela zaintza lanak betetzea, eta gizonengan oraindik badago erabili gabeko zaintza ahalmen handia.

Mugimendu feministak ere urteak daramatza problema hori mahai gainean jarri nahian. Maiatzaren Lehena langileen eguna da berez, baina Amaia Zufia Bilgune Feministako kidearentzat egun horretan langile mota bakarra gogoratzen dute sindikatuek. «Horregatik, langileen egunean amantalekin ateratzen gara kalera. Lan erreproduktiboen garrantzia mahai gainean jartzeko asmoz». Zufiaren aburuz, aldaketa soziala lortzeko beharrezkoa da feminismoa aldaketaren erdigunean egotea. «Aitortu behar dira sexu-genero zapalkuntza eta bazterkeria egoera guztiak».

Ondo bizitzea

Aurreko neurriek egungo egoera hobetzen lagunduko balute ere arazoa askoz ere sakonagoa dela uste du Otxoak. «Jendartearen antolaketan zaintzak behar diren tokian jarri behar dira». Horren harira, ekonomia feministak bat egiten du «ondo bizitzearen» proposamenarekin. «Hegoaldeko proposamena da. Balioen aldaketa bat da; gizartearen fokua lanetik eta produktibitatetik pertsonen ongizatera mugitu behar dugu. Erantzun beharreko galdera da: nola bizi nahi dugu?», azaldu du Rodriguezek.

Hego Amerikako jatorrizko herriek berezkoa dute «ondo bizitzearen» kontzeptua; besteak beste, kitxuaz sumak kawsay eta aimaraz suma qamaña deitu dute mendeetan. Mende berriarekin, jatorrizko herriek aldarrikapen politiko bilakatu dute euren kulturetako ezaugarri hori. Egun, munduko bi estaturen konstituzioan onartua dago «ondo bizitzea»: Bolivian eta Ekuadorren. «Lantegiari lotutako ikuspegi produktibista XIX. mendean ezarri ziguten. Bi mende daramatzagu horrela; bada garaia aldatzeko». Ekonomia feministak ere bere egin du aldarrikapen hori.

Azken urteetako krisiek gizarte aldaketarako aukerak zabaldu dituztela uste du Rodriguezek: «Finantza, zaintza eta lan krisiek gero eta egoera okerragoan utzi dituzte familiak. Hori ikusirik, gizartea behartua dago aldaketa egitera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.