Kataluniako hauteskundeak. Biharamuna kalean

Arre deiei iso aginduak

Kataluniako gizartea polarizatuta dago. Batzuei ulertezina egiten zaie Madrilen jarrera, eta besteek batez ere ekonomiari heltzen diote batasuna justifikatzeko.

Josefina, Paqui eta Antonia, atzo, Cornellako banku batean eserita. IGOR SUSAETA.
Igor Susaeta.
Bartzelona-Cornella
2017ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Hauteskundeen emaitzez galdetuta, txutxu-mutxu baten berri ematen hasi da Lluis. Bartzelonako Tarragona kaleko kiosko batean dago, Santsen, eta bezperako emaitzak aztertzen ari da Pascual jabearekin eta Juanekin, beste bezero batekin. Kontatu du bere lagun baten semea Albert Riveraren ikaskidea izan zela institutuan. Ciudadanoseko presidenteak «oso gogoko» omen zuen «agintzea». Pascualen susmoa: «Ziur ez duela inoiz lanik egin». Juanena zehaztapena da: «Falangistak dira haren familiakoak, oso dirudunak». Lluis harrituta dago Ciutadansek botoetan lortutako garaipenarekin, eta Pascuali iruditzen zaio Kataluniak independente izateko motibo nagusi bat duela: «Madrilgo gobernu ergeletik banatzea». Bezeroak bat datoz kioskoaren jabearekin. Katalunia subiranista bat ordezkatzen dute, eta arre egiteko deia egiten diote Kataluniako Gobernuari.

Kontuz, baina, beste Kataluniakoek eskaera horri iso egiteko agintzen baitiote Madrili. Paquik, esaterako. 70 bat urte ditu, Andaluzian jaio zen, baina 17 urte zituenetik Cornellan bizi da, Ciutadansen Katalunian, nolabait esatearren: «Ez dut independentzia nahi, espainiarra izaten jarraitu nahi dut eta». Josefina haren laguna, ordea, ez dago ados. Hura ere Andaluziatik duela mende erdi iritsitako etorkina da, baina independentziaren alde bozkatu du. «Zergaz josten gaituzte. Ez da posible guk lana erruz egitea eta dirua andaluziarrei ematea». Zenbat independentista, hainbat arrazoi. Banku batean eserita daude Antonia lagunarekin, neguko eguerdiko eguzkitan denbora-pasa, eta alboko errepidean dituzte Ciutadansek kanpainan erabilitako kartelak. Juan taxi gidariak horietako baten azpian aparkatzen du haren lanabesa. Kataluniara joandako andaluziarren semea da, eta Cornellako profil nagusiaren ordezkaria. «Kataluniarra eta espainiarra naiz». Aurrean dituen autoekin pazientziarik ez du semaforoetan, klaxona jotzen du, baina tonu apala darabil hizketan. Agian, prozesuarekin «nekatuta» dagoelako. «Ez dago dirurik independente izateko. Milaka enpresak alde egin dute hemendik».

Bartzelona erdialdeko bulego eraikin baten kanpoan zigarreta bat erretzen ari diren lau emakumek ere dirua dute hizpide. Espainiako loteria non tokatu den ari dira begiratzen sakelakoan. Bozen emaitzei ere heldu diete, kazetariak hala eskatuta. «Berdin-berdin jarraitzen dugu», zehaztu du horietako batek. Irtenbide argi bat ikusten dio prozesuari: «Guri ere, zuei euskaldunei bezala, eman diezagutela diru gehiago. Independentzia ekonomikoa da nahi duguna». PSCren alde bozkatu zuen atzo.Haren lankide batek ohartarazi du gizartea «zuria edo beltza» ari dela bihurtzen Katalunian. «Lehen ez zeuden hainbeste faxista, ez eta hainbeste independentista ere». Ez arre eta ez iso, beraz.

Jordi eta Joel 18 urteko ikasleak independentistak dira. Herenegun izan zuten bozetan estreinaldia. Indar subiranistak parlamentuan gehiengoa edukitzeko moduan dira, baina Jordi «apur bat etsita» dago emaitzarekin. «Pentsatzen nuen ERCk eserleku gehiago lortuko zituela». Horri lotuta, Joelek nabarmendu du zapore gozoa bezain gazia utzi diotela hauteskundeek, Ciutadansek irabazi duelako. «Botoetan ez gara %50era iristen, eta ez dakit, bada... Gehiago beharko genuke Espainia estu hartzeko». Ez dakite Madril zeren zain dagoen galdeketa bat baimentzeko. «Ez gara-eta %50era iristen!». Jordiren ustez, zenbat eta gehiago itxaron, orduan eta independentista gehiago loratuko dira.

Montserrat «beti» izan da independentista, eta herenegun, behin emaitzak ikusitakoan, nahiz eta «euforiarik» ez sentitu, «lasaitua» hartu zuela aitortu du. «Inkestak begiratzen nituen, eta urduri nengoen», azpimarratu du, irribarre urduriarekin. Arre egin behar delakoan dago, baina horretarako «erabateko bakezaletasunez» jokatu behar dela pentsatzen du. «Luze joko du honek». Beste kataluniar askok azken hilabeteotan adierazi moduan, hark ere ez zuen espero Espainiaren erantzun «amorratua». Gauza bat eskatu dio Moncloari: «Guk ez dugu, inondik ere, ezer espainiarren kontra, baina errespetatu ditzatela gure erabakiak». Atzo kalean ikusitako beste askok ez bezala, ez darama xingola horirik presoen askatasuna aldarrikatzeko, baina «lasai asko» eraman zezakeen bat aldean. «1980ko arazo berak ditugu. Irakaslea naiz, eta badakit Madrilek nola eragiten digun hezkuntzan bertan».

«Unionistek irabazi arte»

Juan kioskoko bezeroa ez da oso baikorra etorkizunera begira, eta berriro hauteskundeak egingo dituztela iragarri du. «Harik eta unionistek irabazten duten arte. Hori da Madrilen estrategia». Lluisi ulertezina egiten zaio Madrilen jarrera... «Kanadan egin zuten erreferendum bat, baita Eskozian ere. Zergatik ez hemen?». Erdiek arre egiteko eskatzen dute Katalunian, eta beste erdiek, ordea, iso egiteko agintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.