Joxerra Senarri eman diote Argia saria, CANi buruzko gakoak argitaratzeagatik

'CAN: eta hemen ez da ezer gertatu' liburua egin zuen BERRIAko kazetariak.'Loreak' filma, Hiru Damatxo proiektua, Gora Gasteiz, 'Goiz Berri' eta 'Azpitituluak.com' ere saritu dituzte

Argia-k aurten saritu dituen lagunak, atzoko ekitaldiaren ondoren, Usurbilgo Atxega jauregian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Usurbil
2016ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Kazetaritza norbaitek argitaratuta ikusi nahi ez duena argitaratzea dela esan omen zuen George Orwell idazle eta kazetariak. «Gainerakoa, harreman publikoak, besterik ez». Hala ekarri zuen gogora atzo Xabier Letona Argia-ko kazetariak Joxerra Senar BERRIAkoari Argia saria ematean. Senarren CAN: eta hemen ez da ezer gertatu (Pamiela, 2015) liburua nabarmendu dute aurten prentsa idatzian. Letonaren hitzetan, «Nafarroan azken urteetan izandako gertakari lazgarrienetako baten gakoak argitara emateagatik». Senarrek «ikerketa lan eskerga» egin duela oroitarazizuen, «argi eta garbi» azaldu duela zer, nork eta nola.

120 bat lagun bildu ziren Usurbilgo (Gipuzkoa) Atxega jauregian, 2016ko Argia sariak banatzeko ekitaldian; euskalgintzako, erakundeetako eta hedabideetako ordezkari ugari tartean. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrika, Gipuzkoako Diputazioko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Mikel Irizar, Hekimen elkarteko Alberto Barandiaran eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao.

Ikus-entzunezkoetan, Hiru Damatxo proiektuko kideek jaso zuten saria, Gure Bazka elkarrizketa saioagatik: Unai Gaztelumendik, Lander Arretxeak eta Kepa Matxainek. Baita «laugarren damatxoak» ere, Mikel Romanek, kameraren atzekoak. Sari emaileen hitzetan, mahai baten bueltan «ikusle zorrotzena ere asetzeko moduko errezeta prestatzeagatik». Arretxeak azaldu zuen badagoela beharra ikus-entzunezko «kritiko eta mamitsuak» sortzeko: «Badago publiko bat halako edukiak nahi dituena, Gu ta gutarrak saioak hain audientzia ona duen garaiotan».

Iaz eman zuten lehenengo aldiz Sustapeneko Argia saria. Aurten, «mezu xenofoboen» aurka, «bizikidetza sustatzen diharduten pertsonak» saritu zituzten. Pertsonaz osatutako mugimendua: Gora Gasteiz. «Aniztasunaz gozatzeko deia lau haizeetara zabaltzeagatik». Zuriñe Martinez de Antoñanak eta Iban Zalduak jaso zuten Anton Mendizabal eskultorearen oroigarria. «Gizarte justuago bat guztiontzat izan gaitezkeela aldarrikatu nahi genuen».

Euskarazko berriak zabaltzen dituzte lau haizeetara Euskal Irratietako Goiz Berri saiotik. Lan hori ere saritu dute aurten Argia-koek, «goizero munduan kokatzen gaituelako». Arantxa Idieder, Battitt Crouspeyre eta Kriztof Arotzarenak jaso zuten saria, eta azaldu zuten entzuleen parte hartzea indartu nahian ari direla orain.

Interneteko proiektuen artean, berriz, Azpitituluak.com webgunea goraipatu dute. 2008an sortuta, 700 film luze ingururi jarri dizkiote azpidatziak euskaraz, «euskara mundura jalgitzeko ez ezik, mundua euskarara jalgitzeko» lanean. Auzolanean, hobe esanda. Hala egin baitute aurrera. Helburu horretan beste saio batzuk ere izan direla gogorarazi zuen Luistxo Fernandezek, erakunde publikoenak tartean, baina motel dabiltzala oraingoz.

Azpidatzirik gabe ikus dezake euskaldunak Loreak filma, eta egindako ibilbidea ikusita, merezimendu saria eman diote. «Euskal zinemarentzat orain arte ireki gabeko ateak zabaltzea lortu du nazioartean. Baina, batez ere, euskaldunontzako oparia da», azaldu zuten Argia-koek. Joxe Mari Goenaga zuzendariak eta Hirusoin produkzio etxeko Iñaki Gomezek jaso zuten saria, lantalde osoa gogoan. «Sentitu dugu ikusleek bere egin dutela filma, gurekin batera poztu direla».

«Burujabe izateko»

Sariak banatu baino lehen egindako hitzaldian, Argia-n egiten ari diren aldaketak nabarmendu zituen Estitxu Eizagirre zuzendariak: astekaria berritzea, Jakoba Errekondoren Bizi Baratzea lana argitaratu izana... Langileen parte hartzea goraipatu, eta euskal hedabideek eman beharreko «jauzi handiaz» mintzatu zen: «Jauzia emateko beharra sentitzen dugu. Irautea ez zaigu aski, bizi egin nahi dugu, eta eragin». Euskarazko hedabideak «herritar denentzat erreferente» bihurtu beharraz aritu zen, eta «elkarlan zintzorako deia» egin zien herri ekimeneko eragileei, enpresei eta erakunde publikoei. «Burujabetza dugu ardatz. Burujabe izateko, bizitza osoa demokratizatzeko, beharrezko dugu informazio independentea, kritikoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.