Lesbos, aire zabaleko kartzela

5.000 iheslari, 800 har ditzakeen eremu batean. Plastikoekin eta egur zatiekin egindako aterpeak, bizitzeko eta hotzari aurre egiteko. Burdinazko eta txarrantxazko hesiak eta polizien zaintza, ihesaldiak saihesteko. Etsipenezko egun amaigabeak. Moriako kanpalekua da, Lesbos uhartean.

Iheslariak, hesiek eta txarrantxak inguratuta, suaren ondoan berotu nahian, Moriako kanpalekuan. Elurteak asko gogortu ditu haien bizi baldintzak. STRATIS BALASKAS / EFE.
Moria
2017ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Nola bizi gaitezke Morian, egun gutxiren buruan norbait hiltzen baldin bada?». Osmanek egin du galdera, haserre, bere sakelako telefonoaren pantailan argazki batzuk pasatzen dituen bitartean. Lokatza eta ur putzuak lurrean. Gorozkiek eta zaborrak gainezka egindako komunzuloak. Etxezuloak baino ez dituzte, egurrekin eta garai batean UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariarenak izandako kanpadenden zatiekin. «Begira, horrela bizi gara, animaliak baino okerrago».

Irudiek etorkizun distopikoari buruzko film batekoak dirudite, baina Moriakoak dira, Greziako Lesbos uhartean. Militarren basea izan zen lehen; atzerritarrentzako zentro itxi bat da orain. Europako eta Greziako agintariek, temati, ordea, Errefuxiatuen kanpalekua deitzen diote.

Halako leku batean egonda, Osmani hobea iruditzen zaio bederatzi egunez atxilotuta eduki zuten Turkiako espetxea. Egeo itsasoa zeharkatzen ari zela atzeman zuten, bere lehen ahaleginean, ontzi txiki batean zihoala, 50 pertsona gehiagorekin.

Moriako eremua ikusita, argi geratzen da Greziako Gobernuak zergatik itotzen dituen bisita eskaerak labirinto burokratiko batean, eta zergatik ez dion baimenik ematen prentsari barruan gertatzen dena ikusteko. Moriakoa izan daiteke Europako migrazio politiken ondorioen adibiderik onena: 5.000 pertsona baino gehiago atxikita, familiak eta haurrak barne, ez aurrera ez atzera, berez 800 pertsona har ditzakeen eremu batean, Lorraine Leete abokatuaren esanetan. Lesbosko Legal Centren lan egiten du Leetek, beste hainbat abokaturekin batera. 250 asilo eskaera baino gehiago dituzte esku artean.

Legal Centrek Calaisko kanpalekuan (Frantzia) lan egiten zuen lehen, baina hura desegin zutenean Lesbosera joatea erabaki zuten, Lesbosen ez baitzegoen iheslariei lege babesa eskaintzeko bulegorik. Han jarraituko dute, denbora mugarik gabe, auzien jarraipena egiteko. Luze jotzen baitute, batzuetan hilabeteak.

Morian bizi direnetako asko irlatik ihes egiten saiatzen dira, iristen ez den erantzun baten zain bizitzeak eragindako atsekabeagatik. Mafiei eta kontrabandistei ordaintzeko dirurik ez daukatenek beste bide batzuk hartzen dituzte. Ahmed —ez da benetako izena— aljeriarra da, eta 28 urte ditu. Bost hilabete daramatza uhartean harrapatuta. Bost aldiz saiatu da ihes egiten. Azkeneko ihesaldiaren ondorioz erdi itsu geratu da: Poliziak piper gas pote bat hustu zion aurpegian, Ahmed kamioi baten azpian ezkutatuta zegoela, Mitilene —Lesbosko hiriburua— etaAtenas arteko bidea egiten duen ferryan. Gero, lurrean zegoela, konortea galdu arte kolpatu zuten. Irlako polizia etxe bateko ziegan giltzapetu zuten. «Egun batzuetara askatu ninduten, eta esan zidaten itzultzeko Moriara. Irla zeharkatu behar izan nuen hona iristeko». Egona da Moriako kanpalekuaren barruko kartzelan ere.

Ur hotza eta su arriskutsua

Brahim —ez da haren benetako izena—, siriarra da, Alepokoa. Ahmeden ondoan eserita dago. Bera ez da saiatu ihes egiten. Sarritan entzun du zer gertatzen zaien atxilotzen dituztenei. «Ihes egiten saiatu, eta Poliziak harrapatzeko beldurrak nago, Poliziak ni jotzeko beldurrez nago...», dio, burumakur. «Hemengoa ez da bizitza. Egunotan uraren hotzak min egiten du. Ur honekin dutxa hartzen badugu, askotan gaixotzen gara. Hemen dutxatu nintzen azken aldian, eta gero egunak pasatu nituen ohean». Ohea deitu die lozakuaren azpian jarritako kartoiei.

Hotzari aurre egiteko egurra biltzen dute kanpalekuaren ondoko baso batean, eta suak egiten dituzte. Brahim argazki bat erakusten tematu da. Duela hilabete baino gutxiago ama-semeak hil ziren kanpadenda batean, kiskalita. Brahimen sakelakoaren pantailan haur bat ageri da, gorputz guztian erredurak dituela, ospitale bateko ohean. «Familia galdu du. Hil egin dira, eta ez da ezer aldatu. Ez diegu axola, berdin zaie», esan du, amorratuta.

Ordutik, bereizi egin dituzte, batetik, haurrak dituzten familiak, eta, bestetik, bakarrik dauden gizon eta emakume helduak. Familiak plastikozko kanpadendatan bizi dira, Moriako kanpalekuaren barruan egindako kanpaleku batean, hiru metroko hesi batek eta txarrantxak bereizita. Haurrek hesitik kanpora begiratzen dute, geldirik. Ez dute barre egiten. Ez dira jolasten. Haien ondoan, istiluen aurkako poliziak elkarrekin hitz egiten ari dira.

Urtarrileko azken egunetan zero gradukoa izan da batez besteko tenperatura kanpalekuan. Urtarrilaren 10ean, 11n eta 12an elurrak zuritu zuen. Elurraren pisuak zenbait kanpadenda bota zituen. «Jendea hotzez hiltzen ari da», dio Brahimek. Ondo daki: urtarrilaren 24an, 21 urteko mutil egiptoar bat hil zen ondoko kanpadendan; egun batzuk geroago, 41 urteko siriar bat, kanpadenda berean. «Hori guztia gertatuta ere, ez da ezer aldatu. Gure egoera atzokoaren parekoa da, herenegungoaren parekoa. Berdin-berdin gaude». Sakelako telefonoetan jarri dute arreta, berriro. Orain, asteburuan Twitterren bidez zabaldu zen irudi bat erakutsi dute: bi mediku ageri dira, larunbat goizean hildako errefuxiatu siriarraren gorpua suspertu nahian. Astelehenean, 20 urteko pakistandar bat hil zen.

Kanpalekuko iparraldeko eta mendebaldeko kanpadendak kendu egin dituzte. Nazioarteko Erreskate Batzordeko kideek babesleku daniar batzuk eraiki dituzte, eta bi solairuko bungalowak ere egingo dituztela agindu du Anzi Karagueli kanpalekuko zuzendariak. Otsailaren amaieran kanpalekua «izan beharko lukeenaren modukoa» izango dela agindu du.

Etsipenak jota

«Nik lozakuaren barruan egiten dut lo, jantzita eta gainean bost tapaki jarrita. Hala ere, hotza pasatzen dut. Egun batzuetan, hotzak ez digu lo egiten uzten». Aljeriako gazte baten testigantza da. Gainerakoek egia dela diote buruarekin. «Ez dugu tapaki gehiago nahi. Hemendik atera nahi dugu».

Argazkia Morian atxikitakoen sakelakoetatik sakelakoetara pasatu zen. Siriar batzuek manifestazio bat antolatu zuten, kanpalekuaren sarrerako ate baten aurrean. Istiluen aurkako poliziek, kanpalekuaren barruan patruilan ibiltzen direnek, errepidea moztu zuten, eta manifestariei oldartu zitzaizkien. Ez zegoen kazetaririk gertatutakoa kontatzeko. Manifestarien telefonoetako kamerak baino ez. Han izan zituzten tentsio momentuak eta polizien ukaldiak.

«Lesbos kartzela bat da aire zabalean. Moria ere kartzela bat da. Moriaren barruan ere beste kartzela bat dago». Mohtar siriarrak —ez da haren benetako izena— esana da. Damaskokoa da. «Leku honek, etsipenak, jende ona jende txar bihurtzen du. Leku hau presio eltze bat da».

Elurra egin eta gero, Greziako Gobernuak, premiazko neurri gisa, familiak eta ahulenak Lesvos itsasontzi militarrera eraman nahi izan zituen. Mitileneko portuan dago amarratua. Berez 450 lagunentzako lekua zuen, baina askok uko egin zioten hara joateari, ontzian sartu eta Turkiara kanporatuko zituzten beldur.

Osman, Hasan eta Ibrahim Sierra Leonako gazteek Morian ezagutu dute elurra. Itsasontzira joan ziren. Uste dute ez zeukatela galtzeko ezer. «Zer egin genezakeen? Moriako kanpalekua elurrak estalita zegoen eta hotz handia egiten zuen. Guretzat irtenbide bat zen. Turkiara kanporatuz gero, berriro bueltatuko ginateke».

Orain, 150 bat lagunek lo egiten dute Lesvos-en. Gehienak Saharaz hegoaldekoak dira. Hala ere, Morian egoera hobetu da. Lehen baino hotz gutxiago egiten du. Orain, janariaz eta militarren tratuaz kexatzen dira. «Gehienek arrazoirik gabe jotzen digute. Ez gaituzte gustuko», Hasanen esanetan. «Kolpeak eta oihuak. Ez dute besterik. Militar guztiek ez gaituzte berdin tratatzen, baina gehienek bai».

Lesvos-en daudenek bertan lo egiten dute, baina debekatu egin diete hango dutxak erabiltzea. Autobusa hartu, eta kanpalekura joan behar izaten dute dutxatzera. Eta beti ez dute ura edukitzen. «Batzuetan, ura mozten dute bi edo hiru orduz. Gero, berriro jartzen dute bi ordutan. Eta horrela etengabe. Inoiz ez dago guztiontzako urik».

Tenperatura gradu bat eta bi artekoa da Lesbosen. Itsasontziak arindu du iheslari batzuen egoera, baina ez dakite adabakiak zenbat iraungo duen. «Berez, bi aste pasatu behar genituen, baina jada hiru daramatzagu, eta inork ez digu ezer esan. Ez dakigu zer gertatuko den».

Boluntarioak NBEren pare

Kontraesana dirudi: Moriako polizietan eta segurtasun neurrietan milaka euro gastatu dituzte, baina tokiko iheslari gehienak europarrek elkartasunez emandako kanpadendetan eta lozakuetan bizi dira.

Halako materiala banatzen ari dira Atticako Warehousen. Biltegi erraldoi bat da. Europa guztitik iristen da materiala hara, eta boluntarioek eta Lesbosko herritar batzuek ordenatzen dute. Alemanez, ingelesez eta katalanez idatzitako kaxak, arropaz beteta, banatzeko zain. «Guk ezin dugu Morian sartu, Poliziak ez digu uzten». Arisen hitzak dira, biltegiaren arduradunetako batenak. Biltegiaren hondoan boluntarioak ehunka lozakurekin zamatzen ari dira Suitzako elkarte batek emandako furgoneta bat. Kanpoan euriak ez du etenik.

«Elurra egin zuen egunetan», jarraitu du Arisek, «UNHCRek 6.000 tapaki banatu zituen Morian daudenen artean; guk, berriz, 5.000». Alegia, pareko lana egin zuten nazioarteko lankidetzan bestelako eskarmenturik ez zuen boluntario talde batek, eta errefuxiatuen eskubideak zaindu eta errefuxiatuak babestu behar dituen Nazio Batuen Erakundearen agentziak.

Portuaren sarreran, Osmanek sakelako telefonoa begiratu du. Laster izango dira 22:00ak, Lesvos-en sartzeko muga. «Europarrok ulertu behar duzue ezin duzuela urteetan Afrika suntsitu eta gero guri Europan sartzea debekatu. Ez ditut emaztea eta bi alabak nire borondatez utzi. Atzo ezin izan nion negarrari eutsi haiekin hitz egin nuenean. Baina zutik jarraitu behar dut, indartsua izan behar dut». Itsasontzira abiatu da, baina buelta eman eta agurtu egin da: «Asko sufritzen ari gara, gehiegijasaten ari gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.