Brasilgo Munduko Kopa. AEB 0. Alemania 1. Portugal 2. Ghana 0

Handiegia zen pilatutako zama

Alemaniak AEBei irabazi die, baina emaitzak ez du izan ondoriorik estatubatuarrengan, Portugalek gol bakar baten aldeaz irabazi baitio Ghanari.Muellerrek lau gol daramatza

Jonathan Mensah, Cristiano Ronaldori altxatzen laguntzen. SHAWN THEW / EFE.
Julen Etxeberria.
2014ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Muellerrek (55. min.).

Golak. 1-0: Boyek bere atean (30. min.). 1-1: Asamoah Gyanek (57. min.). 2-1: Cristiano Ronaldok (80. min.).

Ez zen egon itunik, ezta horren beharrik ere. Azken jardunaldia ere ia sobera egon da G multzoan. Lehen bi jardunaldietan gertatutakoak zehaztu du erabat zein bi selekzio ariko diren final-zortzirenetan. Alemania eta AEBak pasatu dira. Lehen eta bigarren izan dira, eta Aljeria eta Belgikaren aurka jokatuko dute. Portugal eta Ghana, ordea, hasiak dira itzulerako maleta prestatzen. Haientzat amaitu da Munduko Kopa.

Berdinduta, sailkatuta zeuden Alemania eta AEBak. Askok ziurtzat eman zuten bi selekzioak ados jarriko zirela. Juergen Klinsmann Alemaniako jokalari historikoa estatubatuarren aulkian eserita egotea nahikoa arrazoi zen bat baino gehiago mesfidati egon zedin. Mesfidantza hori, ordea, desagertu egin zen partida hastearekin batera. Berehala ikusi zen itunik ez zegoela. Alemania hasiera-hasieratik zelairatu zen irabaztera. Bat, bi, hiru... Aukera mordoa izan zuen. Azkenean, 55. minutuan lortu zuen helburua. Nork sartuko, eta Thomas Muellerrek; nork, bestela? Laugarren gola du ekitaldi honetan, Lionel Messik eta Neymarrek adina.

Muellerrek gola sartu zuenerako, Portugalek egina zuen berea. John Boye atzelari ghanatarrak sartu zuen bere atean, 30. minutuan. Gol horrek itxaropena eman zion Portugali. Hala ere, gutxi ziren mirariarekin amets egiten zutenak. Ez zen harritzekoa, portugaldarrek beste hiru gol behar baitzituzten. Alemaniak lehen jardunaldian emandako astindua (4-0) zama handiegia zen, baita bigarren jardunaldian AEBekin berdindu izana ere (2-2). Final-zortzirenekin amets egiten hasi edo ez pentsatzen ari zirenean, gainera, Ghanak berdindu egin zuen neurketa. Asamoah Gyanek sartu zuen gol gogoangarria, 57. minutuan. Izan ere, hura da munduko kopetan gol gehien sartu duen jokalari afrikarra, sei golekin. Roger Milla kamerundarrarekin zegoen berdinduta atzo arte.

Gyanen golak errematea eman zion Portugali, eta egoera irauli. Ghana zen orain balentria egiteko zorian zegoena. Nahikoa zuen beste gol bat sartzea sailkatzeko. Gola, ordea, Portugalek sartu zuen, Cristiano Ronaldok, 80. minutuan. Apenas ospatu zuen ekitaldi honetan sartutako lehen gola. Bazekien ez zuela ezertarako balio. Hamar minutu besterik ez zen falta, eta ia ezinezkoa zen beste hiru gol sartzea. Izan zituen bizpahiru aukera, baina alferrik; ez zen izan gol gehiago. Azkenean, etsipena bi taldeen artean. Biek zain dituzte maletak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.