Brasilgo Munduko Kopa. Frantzia 0. Alemania 1

Fidatzeko moduko jendea

Alemania laugarren aldiz jarraian sailkatu da Munduko Kopako finalerdietarako.13. minutuan sartu du gola, eta ia partida osoan kudeatu du abantaila.Frantziak, kamuts, ez du joko alaia egiterik izan

Hummels Alemaniako atzelaria, atzoko partidako goleko burukada jotzen, Varane Frantziako atzelariaren aurrean. Lloris atezaina adi zegoen, baina ezin izan zuen baloia gelditu. ANDREAS GEBERT / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Golak: 0-1. Hummelsek (13. min.). Epailea: Nestor Pitana (Argentina). Txartel horiak: Alemaniako Khedira eta Schweinsteigerri. Bestelakoak: 74.240 Maracana estadioan (Rio de Janeiro). Jokalariek 30 graduko beroa jasan zuten.

Apustu segurua da Alemania. Munduko Kopa hasi aurretik lagun giroan futbol adituaren plantak egin nahi dituen orok erabili beharreko leloa. Beti hor dago, finaletik gertu. Fidatzeko moduko jendea da, errepidean botata utziko ez zaituen auto bat. Munduko azken lau kopetan finalerdietara iritsi da gutxienez, eta inertzia horren gainean irteten da zelaira. Atzo ez zen Frantzia baino askoz gehiago izan, baina, aurkariak ez bezala, gola sartzea lortu zuen. Hummelsek sartu zuen, buruz, partida hasi eta gutxira, eta gero 80 minutuz kudeatu zuen abantaila. Frantzia saiatu zen, baina ez zuen zirrikiturik aurkitu eta Alemaniako zaleek ez zuten askorik sufritu.

Alemaniaren eta Frantziaren arteko partidak guda baten antzekoak direla esan zuen Joachim Loewek bezperan. Metafora belikoari eutsi behar bazaio, atzokoa ez zen bataila odoltsua izan, taktikoa baizik, lubakitik lubakira. Partida bainoago, buru hausgarri edo asmakizun joko bat. Alemaniak bat asmatu zuen, eta Frantziak ez.

Aljeriaren aurkako sufrikarioaren ondoren, Loewek hobekien dominatzen duen eskemaren alde egin zuen. Klose beteranoa aurrean eta Lahm eskuineko hegalera. 2010eko sistema bera da, magia gutxiago baina eraginkortasun handiagoa. Eta horri esker irabazi zuen Alemaniak, eraginkorragoa izan zelako. 13. minutuan sartu zuen gola, Kroosek berari eginiko falta bikain jo zuenean. Area barruan atzeko erdilarien arteko borroka egon zen, eta Hummelsek lezioa eman zion Varaneri. Frantziako atzelari gaztea dotorea da, baina biguna ere bai, eta Hummelsek jarrera ikusgarrian errematatu zuen buruz.

Zailena egina zuen Alemaniak, hortik aurrerako guztia Frantziaren oinetan zegoen. Didier Deschampsen taldeari, baina, orain arte pilaturiko irudimen eta magia desagertu zitzaion. Aurkariak nagusi ziren zelai erdian eta, konbinatu ezinik, baloi luzeen bila jo zuten etengabe. Benzemak ondo kontrolatu zituen, eta Valbuena aurkitu zuen behin baino gehiagotan, baina benetako arriskurik sortu gabe. Aukera oso ona bat izan zuten, Valbuenaren oinetan (33. min), eta gero Benzemaren aldaratzean. Bitan, baina, Neurrek geldiketa onak egin zituen; hura ere fidatzeko modukoa da.

Bigarren zatian ere Frantziak ez zuen argirik izan, jokalari gaztez jositako selekzioari bide berriak aurkitzea kosta zitzaion. Evrak, hegaletik eta Matuidi konplize hartuta, hartu zuen erasoko ardura, zentzu baino bihotz gehiagorekin baina. Pogba eta Griezmann desagertu egin zen, ziren. Bitartean, Kroosek —normalean baino aurrerago— partidaren agintea hartu zuen. Bera izan zen negozioko nagusia Maracanan. Partida motel zihoan, eta denbora pasa hala, Alemaniak gertuago zituen finalerdiak.

Remy, iraultzaile

Frantziak aldaketak behar zituen, eta Deschampsek arriskatu egin zuen. Remy zelairatu eta Debuchy gora bidali zuen (74. min). Taldearen minuturik onenak izan ziren, erasoan jardun zuen, bere buruari egiten ari zen traizioa ahaztuz. Ez zuen behar adinako etekinik atera, ordea. Area ertzera iritsi zen, baita erdiraketa onak egin era, baina Alemaniak ondo urrundu zuen arriskua.

Are gehiago, aukerarik onena Alemaniak izan zuen (81. min), Schurrlek, Muellerrek ondo gidaturiko kontraeraso batean, eta Llorisek edozein eskubaloi atezainek sinatuko zuen geldiketa egin zuen. Azken bala, dena den, Frantziarena izan zen (94. min). Benzemak, kamuts partida osoan, Neuerri erreflexu onak dituela erakusteko aukera eman zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.