Brasilgo Munduko Kopa

Ez da lan erraza, Felipao

Brasilek eta Alemaniak Kopako lehen finalerdia jokatuko dute gaur.Dantek eta Willianek dute aukera gehien Thiago Silva eta Neymar ordezkatzeko

Ez da lan erraza, Felipao.
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Lo onekoa dela esaten du Luiz Felipe Scolarik. Tira, Brasilen Felipao gisa da ezagunagoa selekzio hautatzailea. Izan beharko du lo onekoa, hala izan ezean azken egunetan kosta egingo zitzaiolako begia biltzea. Bart ere makina bat buelta emango zuen ohean, nazio osoa suspertzea baitu eskuetan. Futbola egoera mentala dela diote futbol filosofo batzuek; bada, arrazoia badute, Brasilek kostata irabaziko du gaur, iritzi orokorra ezkorra baita gaurko partidarako, Alemaniaren aurka Belo Horizonten jokatu beharreko finalerdirako.

Zerk eragin du, bada, ezkortasun kolektibo hori? Jokalari batzuek jokatu ezinik egoteak. Munduko Kopan gehien nabarmendu diren Brasilgo selekzioko bi jokalariek ez dute jokatuko. Neymar, golegilerik onena eta erasoko mehatxu nagusia, min hartuta dago, eta Thiago Silva, kapitaina eta erdiko atzelaria, zigortuta. Herenegun, ehunka zale Neymar ospitaleratuta zegoen ospitalearen aurrean bildu ziren haren alde otoitz egiteko. Fedeak ez du miraririk egin. Scolarik, dena den, gaur aulkian egoteko eskatu dio.

Ordezkoak zeintzuk izango diren ez du argitu, baina litekeena da Dante eta Willian izatea. Biak ere goi mailako jokalariak. Dante Bayern Munichen ari da, eta Willian, Chelsean. Munduko edozein selekziok sinatuko luke maila horretako ordezkoak izatea, baina ez dira Silva eta Neymar. Dena, halere, ez da txarra, Luiz Gustavo itzuliko baita zigorraren ondoren. Haren hauspoak eta lanerako grinak ziurtatua dute tokia hasieratik.

Felipao odol beroko entrenatzailea da. Sutsua partidetan; Kopa guztia darama imintzioka eta epaileei kexuka, eta prentsa aretoan. Sarjentuak —haren beste goitizena mundu militarrarekin duen afizioarengatik— eman ditu aginduak, eta gaur estadioa labe hutsa izango da, Alemania sutan erretzeko. Haren protestak eta giroa alde izatea erabakigarria izaten ari da. Kolonbiaren aurka balio izan zuten. Brasilek 31 falta egin zituen, eta soilik bi txartel hori atera zizkioten. Bat falta bat ateratzen ez uzteagatik izan zen, Silvarena, eta bestea, Julio Cesar atezainari barkaturiko gorria.

Aurkariak ere sakontzen du ezkortasun uste hori, Alemania sendo ari baita. Frantziari eraginkortasun eta seriotasun erakustaldia emanez irabazi zion, eta ez du gabeziarik. Tira, bat, Mustafi eskuin hegalekoa, eta ia mesede egin dio, Lahm bere ibilbide hasierako postura itzuli baitu. Hala, Frantziaren aurka egin bezala, litekeena da duela lau urteko eskema errepikatzea Loewek. Klose goian ariko da, eta Kroos aurrerago. Alemania laugarren aldiz jarraian iritsi da finalerdietara, eta presioaren faktoreak ez lioke aurkariari bezainbeste eragin beharko.

Kloseren arantza

Brasilgo eta Alemaniako selekzioek jokatu dute partida gehien Munduko Kopan. Bien artean zortzi titulu dituzte, eta sei aldiz izan dira txapeldunorde. Bada, behin bakarrik neurtu dituzte indarrak Kopan: 2002ko finalean, Ronaldok Kanten handiusteak apaldu zituen egunean (2-0). Miroslav Klose da partida hartatik jarraitzen duen jokalari bakarra, eta ordukoan ere hasieratik aritu zen. Konfederazio Kopan ere bi aldiz neurtu dituzte indarrak, eta bietan Brasilek irabazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.