Azoka bilakatu zen afaria

Bihar beteko dira 50 urte lagun talde batek Gerediaga Elkartea sortzeko afari bat antolatu zutenetik.Jose Luis Lizundia euskaltzain emeritu eta elkartearen sortzailearekin bildu da BERRIA

Jose Luis Lizundia euskaltzain emeritu eta Gerediaga elkartearen sortzaileetariko bat. Atzean dagoen eraikinean sortu zuten elkartea, lagun batzuen artean, 1965ean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Abadiño-Durango
2015eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
«Ez du epikarako tarte handirik uzten», autoa aparkatu eta Jose Luis Lizundia hizkuntzalari eta euskaltzain emerituak aitorpena. Casa Nueva Astola, s/n, piso 1º Dcha. Abadiano (Vizcaya). Hori da paperetan Gerediaga elkarteak izan zuen lehen egoitza ofiziala. Lizundiaren etxea izandakoa, alegia. Etxe hau. Aurrez aurre du orain berriz; hatzaz seinalatu du. Eta ematen du eraikinak pasatu den denboraren neurria. Landa munduak inguratutako etxe berri zena, egun, pabiloi industrialek osatutako industriagune kanpoaldeko frankismo garaiko eraikin da. Ibai ondoan, etxe gris bat. Balkoia seinalatu du Lizundiak. Lantoki baten izena daramaten jertseak daude eskegita orain, baina orain 50 urtekoa da Lizundiak bertara begira gogoratzen duen giroa. «Auzoko festa zen, baina San Bizente eguna ez zen aitzakia besterik, afariak susmorik piztu ez zezan». Ekainean bilakatuko zen ofizial elkartea, baina urtarrilaren 22ko afari hartan erein zen lehen hazia. Hemen hasi zen dena. «Zazpi ala zortzi lagun bildu ginen egun hartan, eta ekainaren 7an sortu genuen ofizialki Gerediaga elkartea 11 lagunek». Baina hemen abiapuntua. Lotu urratsa urratsari, eta iazko Durangoko Azokak bildu zituen milaka eta milaka pertsonengana heltzen da bidea. Mende erdia da bihar elkartea sortzeko antolatuko lehen afari hartatik.

«Garai hartan, Euskal Herria desertu bat zen». Hori da Lizundiaren argazki orokorra. «Guk egin genuen elkartea kulturarako, ondarerako, hirigintzarako... baina betiere eskualdea aipatuaz: Durangaldea. Baina in mente izanda beti Durangaldea Euskal Herrian dagoela. Ez gara sekula izan elkarte probintzialista bat». 1965eko urtarrilaren 22ko afari hartan ere biak izan zituzten presente: mapa handia eta berta-bertakoa. Horregatik aipatu du datua Lizundiak: Astola auzoko etxetik metro gutxira zegoen Merindadeko auzitegia izan zuten mintzagaietariko bat lehen afari hartan. Bidezain etxe bilakatu nahi zutela aditu, eta horri kontra egiteko ere batu ziren Gerediaga elkartearen sortzaileak. Amestu ere ez orduan, 50 urte geroago euskal kulturgintzaren erdigune izatera helduko zen azoka ere antolatzen hasiko zirenik. Hilabete batzuk geroago helduko zen proposamena. «Leopoldo Zugazarena izan zen ekimen hori. Gerra aurretik, errepublika garaian, Gasteizen egin zen liburu azoka bat. Eta Leopoldok hura azaldu zigun elkartea sortu genuen kideoi. 1965eko azokarena euskalgintzan zebilen jendeak ez zuen espero».

Afari hura izan zen guztiaren genesia. Zazpi-zortzi kide haiek.«Ezinegon handiko jendea ginen». Euskarazko eskolak ematen aritua zen Durangon Lizundia bera, esaterako. Eta haren gisara beste kideak ere dantza taldeekin, irakaskuntzan, kulturgintzan... «Jende batek beste jende bat arrastatzen zuen. Jesus Astigarragak ezagutzen zituen astolatarrak, adibidez». Eta, hizkuntzalariaren hitzetan, funtsezkoak izan ziren Astola ahizpak. Nabarmen lagundu zuen haien presentziak giro estu hartan zirrikituak zabaltzen.

Handia zen frankismoaren mesfidantza. 1965eko zabaltze txikia aipatu du Lizundiak, halere; 24-12-1964 Legea aipatu du zehazki. «Elkarteen lege horrek irekiera eman zion erregimenari. Eta hori baliatuta sortu genuen elkartea». Ofizial izateak ez zuen esan nahi bidea erraza zutenik. Lizundiak gogoan ditu Poliziarekin izandako arazoak, esaterako, eta gogoan, halaber, kontrol estu hari ihes egiteko asmatutako trikimailuak. Elkartea sortzeko eskaera egin eta urtebetera heldu zitzaien onarpena, baina baimena heltzerako martxan ziren Gerediagakoak. Bidean zuten jadanik bigarren azoka.

Euskalgintzaren sorpresa

Gerizpe moduko bat eskaintzen zuen elkarteak giro hartan, hizkuntzalariak dioenez. «Gipuzkoan elizaren pean egon ziren ikastolak, eta Bizkaian Gerediagaren babespean izan ziren. Gauza asko bideratzeko balio izan zuen garai hartan. Kultura, historia, nekazaritza, kultur ondarea, dantza... Horietarako erreminta bat behar zela ikusten genuen, eta horretarako sortu genuen elkartea». Erakusketak antolatu zituzten, ardi-txakur lehiaketak, ezpata dantzari txapelketak, antzerki saioak, alfabetatze programak, euskara batua bultzatzeko idazle biltzarra... eta, noski, azoka. Baina ez zen ziurra hura ere aterako zenik, eta hor aipatu du Lizundiak astolatarren garrantzia. «Kontxi Astola izan zen elkarteko lehen lehendakaria, eta karlista familiakoa zen. Sinatzailea bera izan ez balitz, ez genuen egingo azoka. Susmagarritzat gintuzten han ginenetariko batzuk».

Bigarren heldu zen azoka, halere. Aurrez, pintura erakusketa bat antolatu zuten lau hiribilduetan, Durangon, Ermuan, Elorrion eta Otxandion. Eta gero heldu zen azokarena. Sorpresa gogoratzen du Lizundiak. «Gu geu izan ginen harritu ginen lehenak. Sorpresa bat izan zen euskaldunentzat. Euskal Herrian zegoen desertu kulturala izugarria zen». 1965eko Anaitasuna aldizkariko kronikak ere ematen du berritasun haren neurria. «Jai au ez da izan, gure errietan antolatuten direan beste Euskal Jaien antzekoa. Euskal Jaia esaten danean, folkloreko gauzetan geldituten gara beti: dantza, bertso, kantu... Beti azaleko gauzak. Azoka onek sakonago jokatu gura izan dau. Folklore gauzak ezetsi gura barik, euskal kultura adierazo, indartu ta zabaldu gura izan dau». Eta indartuz eta zabalduz joan zen eskaintza gero urtez urte: «Euskal jaiak garai hartan folklore jaiak izaten ziren, baina oso politizatuak, baina Leopoldo Zugazak esan zuen ezetz, hemen ezetz. Esaldia bota zuen. 'Hemen erregea liburua da, eta erregina diskoa'». Eta elkarteko gainontzeko kideak ados.

Gogoratzen du une kritiko bat ere hizkuntzalariak. Dioenez, Joseba Arregi Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu izan zenean azoka Bilbora eramateko proposamena ere egon zen mahai gainean. Ezetz Lizundiak. «Azoka Bilbora eramatea izango zen azoka bilbotartzea, eta Donostiakoek beste bat antolatuko zuten, eta... Eta hau ez da derbi bat, kontxo! Bizkaiaren eta Gipuzkoaren artean dago Durango, baina Durangok badu harremana Gasteizekin, eta lehenago bazen Nafarroa ere. Hiri ertain batzuek badute beren rola ere; Arrasateren edo Eibarren paper ekonomikoa, esaterako». Eta paper hori ezarri zioten Gerediagakoek Durangori ere. Hasieratik. Urtarrilaren 22ko afaritik.

Asmoak zabal, poltsa estu

11 izen aipatu ditu Lizundiak hasieran: Koldo Altzibar, Kontxita Astola, Rosario Astola, Jesus Astigarraga, Julian Berriozabalgoitia, Bizente Kapanaga, Jose Luis Lizundia, Karmen Miranda, Arrate Salazar, Salvador Solaegi eta Leopoldo Zugaza. Horiek ekainean formalki elkartea sortu zutenak, eta haietariko asko izan ziren urtarrilaren 22ko afarian. Zazpi edo zortzi, ez du gogoan zehazki zenbat Lizundiak, eta ez du gogoan zehazki zein. Argia zen guztien asmoa, halere: eskualdeko kultura, historia eta ondarea bultzatzea. «Liskarrak izaten genituen, baina liskarrak ez ziren izaten intelektualak eta ideologikoak. Diruzaina nintzen, eta, dirurik ez genuen arren, gauza asko egin nahi izaten genituen». Bihar 50 urte jarri zuten lehen platera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.