Brasilgo Munduko Kopa. Brasil 0. Mexiko 0

Brasil eta bere zalantzak

Mexikok ondo estali du Neymar eta etxeko taldea trabatu egin da erasoan.Hala ere, aurkariak baino aukera gehiago izan ditu.Bi taldeek ez dute sailkapena ziurtatu oraindik

Joao Alves 'Jo' Brasilgo selekzioko aurrelaria, maldizioka aukera on bat huts egin ondoren, atzoko partidan. CHEMA MOYA / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Epailea. Cuneyt Cakir (Turkia). Txartel horiak Brasilgo Ramires eta Silvari eta Mexikoko Aguilarri. Bestelakoak. 67.000 ikusle Fortalezako Castelao estadioan.

Ez dago Brasil lore jokotarako. Munduko Kopa kontu serioa da, eta atzo bere zalantzak onartu zituen. Txapeldun izateko hautagai da, baina ez jokoarengatik. Sormena ez da indargunea, bai ordea, lana, atzeko lerroa... Jakina zen gola egiteko sufrituko zuela eta Mexikok gabezia hori azaleratu zuen. Brasilek irabazteko aukera izan zuen, baina aukera guztiak erdiraketa eta geldikako jokaldietan iritsi ziren. Azkenean, gainera, ontzat eman zuen puntua, Scolariren izaera bere futbola bezain pragmatikoa baita. Azken jardunaldian Kamerun du aurkari, Mexikok, aldiz, Kroazia. Berdinketari esker lehen postuan gelditzeko aukera gehiago ditu.

Bi taldeek ondo asmatu zuten aurkariaren eraso iturria ixten. Mexikok kate oso motzean lortu zuen Neymar, baloia hartzean buelta ematen utzi gabe. Ostikada asko eman zizkion eta aurkariaren irudimen jarioa estali zuen. Aurrelari trebea trabatuz gero, Brasil asko kamusten da erasoan. Defentsa lanean, aldiz, hozka egin zuen presioan. Hor bai txukun. Ez zion Mexikori eroso jokatzen utzi eta baloi asko lapurtu zituen zelai erdian. Giovanni zen mexikarren erreferentzia eta hura ere oso gertutik zaindu zuten.

Presioa nahikoa izan zuen Brasilek lehen zatia kontrolatzeko. Mexikok itxaron egin zion, eta aukera batzuk izan zituen areaz kanpotik, baina ez zuen lortu aurrerago sartzerik. Brasilek, aldiz, bai. Bi aukera oso on izan zituen lehen zatian, eginiko jokoarengatik merezi baino gehiago. Aurrenekoa Neymarrek (23. min.), buruz, erdiraketa baten ondoren; eta bigarrena, atsedenaldiaren aurretik, Paulinhok (43. min.). Ikustekoa nola pasa zion baloia bularrez Thiago Silvak. Bada bietan Ochoak geldiketa oso onak egin zituen.

Bigarren zatian komeriak iritsi ziren Brasilentzat. Erasoan lerro artean jokatu ezinik jarraitu zuen eta Mexiko hazi egin zen. Atsedenaldiaren osteko lehen ordu laurdena sufrikarioa izan zen harmailetako zaleentzat. Guardadok hartu zuen Mexikoren lema eta lau jaurtiketa on izan zituen areaz kanpotik. Ez zen gehiago gerturatu baina aukera onak izan ziren.

Brasilek boladaka jokatu zuen, eta apurka baloia berreskuratu zuen. Mexiko berdinketa ona izan zitekeela pentsatzen hasi zen eta pausotxo bat eman zuen atzerantz. Brasilek arnas hartu zuen eta jokoa gehiago landu zuen. Etxekoek ez dute erreferentziazko aurrelari petorik eta hori gabezia handia da. Hala ere, inertzia kontu bategatik aukerak sortzen dituzte. Berriz ere Neymar izan zen (70. min), erdiraketa bat area barruan kontrolatu eta boleaz jo zuena. Ochoa agertu zen beste behin.

Azken ordu laurdenean Brasilek ere ontzat eman zuen puntua. Mexikok Hernandez zelairatu zuen eta aurrelari trebeak barreiatzen duen izuak are zuhurrago bilakatu zuen Scolari. Hala ere, beste aukera garbi bat izan zuen Brasilek, berriz ere geldikako jokaldi batean (86. min). Neymarrek atera zuen, ezkerretik, eta Thiago Silvak bortitz burukatu zuen atera. Ochoak taldea salbatu zuen. Mexikok, baina, azken sustoa gordea zuen, eta Julio Cesarrek 91. minutuan egin zuen geldiketarik onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.