Brasilgo Munduko Kopa. Italia 0. Uruguai 1. Costa Rica 0. Ingalaterra 0

Brasilek badu zerbait berezia

Uruguaik Italiari irabazi dio, eta Costa Ricarekin batera sailkatu da.Costarricarrak lehenak izan dira, eta Greziaren aurka ariko dira.Uruguaitarrek Kolonbia izango dute aurkari

Italiako eta Uruguaiko zazpi jokalari, lehian, baloia jo nahian. Diego Godinek, eskuinetik lehenak, eman zion buruz, eta partidako gol bakarra sartu. VASSIL DONEV / EFE.
Julen Etxeberria.
2014ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Gola. 0-1: Godinek (81. min.).

Uruguaik oroitzapen ederra zeukan Munduko Kopa Brasilen jokatu zen azken aldiaz. Ez da gutxiagorako, txapeldun izan baitzen, bigarrenez: noren aurka, eta etxeko taldearen aurka; non, eta Maracanan; nola, eta ia 200.000 ikusleren aurrean. Hain izan zen handia Uruguaik egindakoa, ezen gogoangarria dela. Maracanaço deitzen diote egindako balentriari. Ez da harritzekoa, beraz, Brasil eta Munduko Kopa hitzak esaldi berean entzutea, eta halako zoriontasun sentipen batek harrapatzea uruguaitarrak. Berdin dio denbora asko pasatu izana, mende erdi luze, 64 urte. Dena da ederra Brasil eta Munduko Kopa entzundakoan.

Eta sentipen hori indartsuagoa da atzotik. Uruguaik 1-0 irabazi zion Italiari, eta horri esker sailkatu zen final-zortzirenetara. Multzoko bigarren sailkatu gisa egingo du aurrera, multzoko beste partidan, Costa Ricak eta Ingalaterrak hutsean berdindu baitzuten. Erdialdeko Amerikako selekzioa izango da, beraz, lehen sailkatua, ezustean. Greziaren aurka jokatuko du igande honetan, Recifen. Egun bat lehenago ariko da Uruguai, Kolonbiaren aurka, Rio de Janeiron.

Uruguaitarrak pozik, eta italiarrak lur jota. Azzurri-ak bigarren aldiz jarraian geratu dira lehen ligaxka gainditu ezinik. Orain lau urte, Hegoafrikan, Paraguai, Eslovakia eta Zeelanda Berria sailkatu ziren Italiaren aurretik —aurreneko bi selekzioek egin zuten aurrera—. Italiarrak ez ziren gai izan partida bakar bat ere irabazteko. Oraingoan ez da izan hain nabaria ezina. Aitzitik, estreinako partida irabazi egin zuten, Ingalaterraren aurka (2-1). Denak zirudien polita neurketa hori amaituta. Bat baino gehiago ausartu zen esatera Italia urruti iritsi zitekeela Brasilen. Hori entzunda, azkar altxatu zuten gandorra italiarrek, eta, halakoetan gertatu ohi den bezala, kolpe batez jaitsarazi zieten. Costa Ricak egin zuen, bigarren partidan (1-0). Orduan hasi ziren komeriak eta urduritasunak Italian.

Eta, hala, goitik behera eginez ekin zioten italiarrek kontrako bidea zeraman Uruguairen aurkako partidari. Alde polita zuten, hala ere: irabazita edo berdinduta ziren final-zortzirenetan. Uruguaitarrei, ordea, garaipenak bakarrik balio zien. Eta hori egin zuten atzo, irabazi, Godinek 81. minutuan korner batean burugainarekin sartutako gol bati esker. Atletico Madrileko atzelaria espezialista bilakatu da gol erabakigarriak sartzen. Espainiako Ligako azken partidan bat sartu zion Bartzelonari, eta beste bat Real Madrili Txapeldunen Ligako finalean. Aurrenekoak soilik balio izan zuen titulua irabazteko. Atzokoak ez zuen titulurik eman, baina bai sari handia: final-zortzirenetarako sailkapena. Golak justizia egin zuen, aukera garbienak Uruguairenak izan baitziren, baina Buffon bikain aritu zen. Luis Suarez pattal aritu zen, pattal eta zikin, kosk egin baitzion Chielliniri. Ez da hori egiten duen lehen aldia. Epaileak, hala ere, ez zuen kanporatu. Bai, ordea, Marchisio, minutu batzuk lehenago, 60. minutuan. Jokalari bat gutxiagorekin, hala ere, nahiko eroso aritu zen Italia, Godinek gola sartu zuen arte. Akabo Italia, eta Akabo Cesare Prandelli. Partida amaituta dimititu zuen, epaileak «lapurtu» egin ziela esatearekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.