Brasilgo Munduko Kopa. Nigeria 2. Argentina 3. Bosnia 3. Iran 1

165 milioi bosniar gehiago

Galdu arren, Nigeria final-zortzirenetako sailkatu da.Bosniaren garaipenari esker egin du aurrera Afrikako lehen selekzioak.Argentinak berriz ere Messiri esker irabazi du: bi gol

Emmanuel Emenike Nigeriako selekzioko jokalaria Porto Alegreko estadioan bildutako zaleei txalo egiten, atzoko partidaren ondoren. ARMANDO BABANI / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Messik (3. min.); 1-1: Musak (4. min.); 1-2: Messik (46. min.); 2-2: Musak (Musak, 48. min); 2-3: Rojok (50. min.).

Golak. 1-0: Dzekok (23. min); 2-0: Pjanicek (58. min.); 2-1: Ghootxannekhadek (82. min.): 3-1: Vrsajevic (83. min).

«Eskerrik asko Bosnia». Hala laburbildu daiteke Nigeriak atzo sentitu zuena. Nigerian modu oso sutsuan bizi da futbola, eta euren selekzioa Argentina baino gutxiago zela ikusita, herrialdeko 165 milioi biztanleak Bosnia animatzen hasi ziren bat-batean. Nigeriak, aurrera egiteko, ez galtzea edota Iranek ez irabaztea behar zuen. Ez zituen etxeko lanak egin, baina ezta Iranek ere, hein handi batean Bosniak utzi ez ziolako. Ondorioz, gutxienez Afrikako talde bat egongo da final-zortzirenetan. Bigarren sailkatu bezala egin du aurrera, Argentinak, berriz, lehen postuan.

Argentina eta Nigeriaren arteko partidak susmoak piztu zituen. Berdinketarekin bi taldeak sailkatzen ziren, Iranen ezusteko aukera guztiak zapuztuz. Nigeriak traturako prest zirudien, ez ordea Argentinak, eta are gutxiago Messik. Argentinak ez du lehen fase ona egin eta zalantzak uxatzeko aukera zuen. Gutxi aldendu zituen, batez ere erasoari dagozkionak. Messiri esker izan zen, bi gol sartu baitzituen —guztira lau daramatza—. Partida hasi eta berehala lehenbizikoa (4. min), aldaratze batean. «Traturik ez», zen mezua Nigeriarentzat. Dena den, minutu bat geroago berdindu zuen Musak.

Banakoa ageri zen markagailuan Bosnia 1-0 aurreratu zenean. Dzekok ezkerkada bikainez sartu zuen gola, areaz kanpotik (23. min). Iranek oso aldapa gora zuen sailkatzeko bidea eta gol horrek Nigeria lasaitu zuen. Aurkari zuzenak bi gol behar zituen. Zelai gainean ikusitakoaren arabera, Bosniak, oro har, Nigeriak baino hobeto jokatu du, eta gehiago merezi izan du sailkatzea. Baina galdu ezin zen partidan egin zuen kale. Luzaroan gogoratuko dute Nigeriaren aurka Dzekori ontzat eman ez zioten gol hura.

Bosniak ez zuen sufritu Iranen aurka. Askoz gehiago izan zen eta aukera hobeak izan zituen. Nigeriako aulkian irratia ondo zebilen eta lasai zeuden Argentinak atsedenaldiaren aurretik bigarrena sartu zuenean (46. min). Messik sartu zuen, falta jaurtiketa batean. Enyeama Nigeriako atezainak, oso motel erreakzioan, askoz gehiago egin zezakeen.

Nigeriak bigarren zatia hasi eta berehala sartu zuen binakoa, Musak berriz ere (46. min). Gutxi egin zuen erasoan eta bi gol sartu zituen. Argentinako atzeko lerroa oso bigun egon zen, kontzentrazio eta intentsitaterik gabe. Eurengan nabaritu zen gehien ordurako gutxi zutela jokoan. Hala ere, hirugarrena erdiko atzelari batek sartu zuen, Rojok (50. min), korner batean.

Nigeria galtzen ari zen, baina handik gutxira sartu zuen 2-0ekoa Bosniak, Pjanici esker (58. min). Gol horrek Nigeria lasaitu zuen eta hobeto jokatzen hasi zen, hirunako berdinketaren bila. Partida hautsi egin zen, eta Argentinak ere izan zuen laugarrena sartzeko aukera. Iranen gola 82. minutuan iritsi zen, baina ilusioak oso gutxi iraun zion, Bosniak minutu bat geroago sartu baitzuen 3-1ekoa kontraeraso on batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.