Brasilgo Munduko Kopa. Alemania 4. Portugal 0

Hautagaitza aurkeztu du

Alemaniak lehen zati ikusgarria egin du, eta nagusitasun handiz irabaziz ekin dio Munduko Kopari.Muellerrek hiru gol sartu ditu.Portugalek ezer gutxi egin du

Thomas Mueller eta Sami Khedira, elkar besarkatuta, Alemaniak atzoko partidan sarturiko lehen gola ospatzen. MARCUS BRANDT / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Muellerrek penaltiz (10. min); 2-0: Hummelsek (32. min); 3-0: Muellerrek (46. min.); 4-0: Muellerrek (78. min.). Epailea. Milorad Mazic (Serbia). Txartel horiak: Portugalgo Pereirari. Txartel gorria: Portugalgo Peperi (37. min). Bestelakoak. 51.081 ikusle Salvador de Bahiako Fonte Nova estadioan.

Munduko Kopako txapeldun izateko curriculuma aurkeztu zuen atzo Alemaniak. Salvador de Bahian utzi zuen, estadioan elkarturiko zale guztien harridurarako. Ustez, lehen ligaxkako gogorrena behar zuen norgehiagokan, —Ghana eta AEBak dira multzoko beste bi taldeak— Joachim Loewen taldeak zalantza guztiak uxatu zituen. Eta nola gainera. Orain arte ikusiriko indar erakustaldi handiena egin zuen. Portugalek, gainera, luzimendua erraztu zion. Atsedenaldirako 3-0 irabazten ari zen Alemania, eta aurkaria ernegatuta zuen. Ondo bidean dagoeneko ia ziurtatuta du multzoko lehen postua. Portugalek, aldiz, hortzak estutu beharko ditu aurrera egiteko.

Txanponaren bi aldeek bat egin zuten zelaian. Alemaniak erakustaldi ikusgarria eman, eta zortea lagun izan zuen. Portugalek, aldiz, 90 minutuko amesgaiztoa eduki zuen. Frustrazioak irentsi zuen, eta bizkarreko latza jaso. Portugalek talentu handiko jokalariak ditu, baina ez dirudite animikoki oso gogorrak. Paulo Bentok lan psikologiko handia egin beharko du multzoa pizteko. Eta hori gutxi ez balitz, zorigaitza: Hugo Almeidak eta Coentraok min hartuta utzi behar izan zuten zelaia, eta Pepek txartel gorria ikusi zuen. Ergelkeria egin zuen, eta ezingo du jokatu gutxienez hurrengo partida.

Alemaniak serio ekin zion partidari, baloia oinetan edukitzeko asmo sendoarekin. Toni Kroos da makineriaren gidari, eta erdiko aurrelari petorik gabe, Goetze izan zen jokalaririk aurreratuena, Portugalen atea setiatu zuen. Lehen aukera ona Khedirak izan zuen, baina gola Muellerrek sartu zuen, penaltiz. Pereirak Goetzeri egin zion, ez bereziki garbia. Bigarren gola korner batean iritsi zen, Hummelsek, atzetik indartsu sartuz baloia sareetara bidali zuenean. Garbi irabazi zion Peperi erdiko atzelarien arteko lehian.

Alemania gehiago zen, patrikan zuen garaipena, eta epaileak lagundu egin zion. Muellerrek baloia lapurtu zion Peperi area ertzean eta honek falta egin zion. Aurrelaria lurrean eserita zegoela Pepe makurtu eta buruarekin ukitu zuen. Epaileak ez zuen zalantzarik izan, eta egotzi egin zuen Pepe. Gehiegizko zigorra izan zen. Portugal balantzaka zebilen ordurako eta hamar jokalarirekin gehiago ahuldu zen. Muellerrek atsedenaldiaren aurretik sartu zuen 3-0ekoa, jokaldi nahasi batean. Portugal K.O. utzi zuen, ezinezkoa zen altxatzea.

Bigarren zatian erritmoak asko egin zuen behera. Alemania lasaitu egin zen, eta Portugalek ez zuen indarrik izan kolpea bueltatzeko. Jokalari onak ditu, eta partida osoan hiru atzaparkada jo zituen buruz buruko hiru jokalditan: bi Cristiano Ronaldok eta bestea Nanik, bada hiruetan Neuer sendo aritu zen.

4-0ekoa Muellerrek sartu zuen, atezainaren huts bat baliatuz. Rui Patriciok ere ez zuen segurtasun itxurarik eman, eta hiruzpalau huts larri egin zituen. Alemaniak kontraerasoa bilatu zuen, baina ez zuen aurkariaren zauria handitzeko ahalegin askorik egin. Errukitu egin zela zirudien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.