Brasilgo Munduko Kopa. Uruguai 2. Ingalaterra 1

Nola ez zioten itxarongo!

Luis Suarezek bi gol sartu ditu, eta garaipena eman dio Uruguairi Ingalaterraren aurka.Ingelesak gaur bertan gera daitezke final-zortzirenetarako sailkatzeko aukerarik gabe

Luis Suarez aurrelari uruguaitarra, Ingalaterrari atzo sartutako lehen gola ospatzen. SEBASTIAO MOREIRA / EFE.
Julen Etxeberria.
2014ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Luis Suarezek (38. min.). 1-1: Rooneyk (75. min.). 2-1: Luis Suarezek (85. min.). Epailea. Velasco Carballo (Espainia). Txartel horiak: Uruguaiko Godinek, eta Ingalaterrako Gerrardi. Bestelakoak. 60.000 ikusle inguru Sao Pauloko Corinthians Arena estadioan.

Lurrikara batek astindu zuen Uruguai hilabete atzera. Luis Suarezek min hartu zuen ezker belaunean selekzioarekin entrenatzen ari zela. Ez zen bizpahiru eguneko lesio arin bat. Larriagoa zen. Ebakuntza egin behar zioten. Gureak egin du. Uruguain asko eta asko izan ziren hori pentsatu zutenak. Ez zen gutxiagorako, gaur-gaurkoz, munduko aurrelari onenetakoa baita Luis Suarez. Bere estatistikei erreparatu besterik ez dago: 31 gol sartu ditu sasoi honetan Liverpoolekin Ingalaterrako Ligan.

Baina bat-batean zerua argitu zen. Ebakuntza uste baino hobeto joan zen, eta justu-justu izanda ere, Luis Suarezek bazuen aukera osatu eta Munduko Kopa jokatzeko. Oscar Tabarez hautatzaileak aurrelari bikainak zituen zerrendan —Edinson Cavani eta Diego Forlan, besteak beste—, baina ez zegoen prest Luis Suarez gabe Brasilera joateko. Liverpooleko aurrelaria nahi zuen hegazkinean berarekin. Berdin zitzaion lehen partida jokatzeko moduan ez egotea. Zain egoteko prest zegoen. Bazekien hura zelaian egonda, Uruguaik edozeini irabaz ziezaiokeela.

Eta temati izateak saria izan du. Luis Suarezek atzo jokatu zuen lehen aldiz min hartu ondoren. Berdin izan dio hilabeteko etenaldiak. Berak berera jarraitu du, min hartu aurrekora, golak sartzera. Atzo bi gol sartu zituen, Uruguaik Ingalaterrari sartu zizkion biak: bata, buruz, lehen zatian, bere selekzioa aurretik jartzeko; eta bestea, jaurtiketa ikusgarri bati esker, Wayne Rooneyk lortutako berdinketa hausteko, norgehiagoka amaitzear zela. Bi gol, bi gol erabakigarri. Horri esker, Uruguaik final-zortzirenetarako sailkatzeko aukerari eusten dio. Uruguaitarrak gaur Recifen gertatzen denari begira egongo dira. Italiak eta Costa Ricak jokatuko dute elkarren aurka. Bi selekziok irabazi egin zuten lehen jardunaldian.

Ingalaterrak ere adi-adi jarraituko du gaurko neurketa, baina oso bestelako arrazoi batengatik. Costa Ricak irabaziz gero, edo partida berdinketarekin amaituz gero, sailkatzeko aukerarik gabe geratuko da Roy Hogdsonek entrenatutako selekzioa. Isilik iritsi zen Brasilera, eta isilik joatear da Ingalaterra. Jada ez da ezustekoa. Selekzio historikoa izan arren, behin bakarrik irabazi du Munduko Kopa. Aspaldi izan zen gainera, ia mende erdi atzera, 1966an, bertako federazioak antolatutako ekitaldian. 48 urte pasatu dira jadanik, eta tarte horretan inoiz ez da gai izan ordukoa errepikatzeko. 1990ean, Italian, laugarren sailkatu izana; horra ingelesek azken mende erdian lortutako emaitzarik onena. Oso gutxi da futbolaren sehaskatzat jotzen den herrialdearentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.