Brasilgo Munduko Kopa. Herbehereak 2. Txile 0. Australia 0. Espainia 3

Multzoburu: Arjen Robben

Jokoan Txile nagusi izan den arren, erdilariaren bizitasunari esker lortu dute Herbehereek B multzoko lehen postu preziatua.Australiari irabazita amaitu da Espainiaren kalbarioa

Arjen Robben, Herbehereetako selekzioko erdilaria, pozez zoratzen, atzo, Txileri irabazi eta B multzoko lehen postua lortu berritan. SEBASTIAO MOREIRA / EFE.
unai zubeldia
2014ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Leroy Ferrek (77. min.). 2-0: Depayk (92. min.).

Golak. 0-1: Villak (36. min.). 0-2: F. Torresek (69. min.). 0-3: Matak (82. min.).

Arjen Robbenek erotu zuen Espainiaren atzealdea lehen jardunaldian —bi gol sartu zituen—; Arjen Robbenek berak suspertu zuen Herbehereetako selekzioa Australiaren aurka 2-1 galtzen ari zirela —gol bat sartzeaz gain, partidako jokalari izendatu zuten—; eta Arjen Robbenek desorekatu zuen atzo ere Txile, jokoan dezente sufritzen ari zirela —partidako jokalari izendatu zuten, berriz ere—. Kontraerasoan eta abiaduran, jokalari gutxi dira gai Robbenen desoreka berdintzeko. Herbehereek ez zuten egin partida handirik. Egia da hori. Munduko Kopako lehen bi partidetan bezala, eta berdinketa nahikoa zuela barneratuta, bost jokalariko atzeko lerroa zelairatu zuen Louis Van Gaalek. Egitea baino, desegitea nahiago aukeran, kontraerasoa lehenetsita. Eta jokamolde horretarako artista handi bat dauka Van Gaalek egungo selekzioan.

Lehen ligaxkako hiru partidak irabazita eta sendo arituta, Munduko Kopa irabazteko hautagaiak direla erakutsi dute Herbehereek. Jokoan eta aukeretan Txile gehiago izan zen arren, Robbenek desorekatu zuen lehia Herbehereen aldera. Hori bai, Alexisen eskutik, nagusi ekin zion partidari Txilek. Seina punturekin, A multzoari zeharka begira aritu ziren bi selekzioak. Final-zortzirenetan Brasil saihestea, beste helbururik ez zeukaten atzo Herbehereek eta Txilek. Eta brasildarren balizko garaipen erosoa buruan, argi zegoen egoera: Herbehereek nahikoa zuten berdinketa, eta Txilek garaipena behar zuen.

Baloia batera eta bestera mugituz, eroso zegoen Txile zelaian, eta 0-1ekoa lortzeko aukera polita eduki zuen 23. minutuan, estrategia jokaldian. Alexisek azpi-azpitik ateratako kornerrean, ordea, gora bidali zuen errematea Gutierrezek. Ordu erdia bete berritan, penalti bana eskatu zuten Aranguizek eta Alexisek, baina bietako bakar bat ere ez zen izan. Tarte horretan, baloi luzeekin eta Robbenek bere zelaian hasitako jokaldiekin saiatu ziren Herbehereak Txileri min egiten. Lauzpabost jokalari atzean utzita, 40. minutuan erdilariak egin zuen jokaldia izan zen ikusgarriena.

Gutierrezek oso gutxigatik kanpora bidalitako burukadarekin amaitu zen lehen zatia, eta, lehen zatian gertatu bezala, Txilek erosoago ekin zion bigarrenari ere. Baina Robbenena izan zen lehen abisu argia (66. min.), Kuytena bigarrena (75. min.), Depayrena hirugarrena (76. min.), eta minutu bat geroago iritsi zen Herbehereen gola, motzean ateratako korner batean. Ferrek bidali zuen baloia sareetara, buruz. Eta Txile bultzaka ari zela, Depayk lortu zuen 2-0ekoa, 92. minutuan. Oso serio jokatuta eta Robbenen txinpartarekin, Herbehereak multzoburu; eta selekzio indartsuaren itxura emanda, Txile bigarren. Oso kontuan hartzeko bi selekzio.

Agur kutsuko partida

Punturik gabe ezertxo ere jokoan ez zeukatela, tentsio handirik gabeko partida jokatu zuten Australiak eta Espainiak, B multzoko beste bi selekzioek. Espainiaren kasuan bereziki, agur kutsuko partida izan zen jokalari askorentzat. Villak (36. min.), Torresek (69. min.) eta Matak (82. min.) sartu zituzten hiru golak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.