Brasilgo Munduko Kopa. Espainia 0. Txile 2

Izarra, bakarra, eta iheskorra

Sormen jokorik gabe eta huts larriak eginez, hasterako Munduko Kopatik kanpo geratu da Espainia, egungo txapelduna.Vargasek eta Aranguizek sartu dituzte Txileren bi golak

Sergio Ramos eta Casillas, Espainiako atzelaria eta atezaina, lurrean, etsita, Vargasek —eskuinean ageri da— sartu zuen golari begira. OLIVER WEIKEN / EFE.
unai zubeldia
2014ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Vargasek (20. min.). 0-2: Aranguizek (43. min.). Epailea. Mark Geiger (AEB). Txartel horiak: Espainiako Xabi Alonsori, eta Txileko Vidal eta Menari. Bestelakoak. 70.000 ikusle inguru Rio de Janeiroko Maracana estadioan. Txileren aldeko jarraitzaileak izan ziren nagusi harmailetan

180 minutu. Kito. Hortxe egungo munduko txapeldunaren ibilbidea. 1-5 eta 0-2. Izar bakarra agertuko da, beste lau urtez gutxienez, Espainiaren elastikoetan. Jokalariek hainbeste goratu izan duten izar bakar hori. Handia egin zuen Espainiak orain lau urte, Hegoafrikako Munduko Kopan. Mundu guztia txunditu zuen jokoarekin, erabat merezita goratu zuen futbolak. Baina, erabat merezita, hasterako lurperatu du futbolak berak. Brasilera iritsita, Munduko Kopa irabazteko faboritoetako bat zen Espainia, baina iheskorra izan da lau urteko nagusitasuna. Fisikoki erabat lehertuta, egungo munduko txapelduna ez da gai selekzio bakar bati ere aurre egiteko.

Fisiko ezari urduritasuna gehitu diolako Herbehereen aurkako 1-5ekoak. Espainiak egur handia jaso zuen lehen partidako bigarren zatian —1-1 iritsi ziren atsedenaldira, eta lau gol jaso zituen bigarren zatian—, eta non zeuden ere ez zekitela zelairatu ziren atzo. Lehen minutua betetzerako bi aukera argi-argi eduki zituen Txilek. Vargasek egin zuen lehen jaurtiketa, eta Jararena izan zen burukada, lehen korner jaurtiketan. Hasterako, zuri-zuri eginda zegoen egungo munduko txapelduna. Eta ez zen etorri bere onera. Bere ezinagatik, eta Txileren presio lan on-onagatik. Egin behar zuena egin zuen Txilek, Xabi Alonso lotuta, eta Espainiaren sormen lerroari presio handia eginda. Eta Xabi Alonsok 15. minutuan izan zuen aukera ona salbu, orain lau urteko izarra aurkitu ezinik ibili ziren Vicente Del Bosqueren jokalariak.

Herbehereen aurka sarritan egin bezala, zelai erdian baloia galdu zuen Espainiak 20. minutuan —Xabi Alonsok—, Sergio Ramos bere kokapen egokitik urrun zegoen, eta Aranguizen pasea jasota, keinu txiki batekin, Casillas lurrean etzanda utzi zuen Vargasek. Ihesean Munduko Kopa. Ihesean Hegoafrikako izarra. Egiari zor, eta irabazi beste erremediorik ez zeukala jakitun, erreakzio polita eduki zuen Espainiak lehen gola jasota. 23. minutuan Xabi Alonsok bidali zuen jaurtiketa gora, eta 27.ean Diego Costak eduki zuen gola esku-eskura. Baina, hasi bezala, kolpea emanez amaitu zuen Txilek lehen zatia. Alexis Sanchezek falta atera, Casillasek larri antzean baloia lapurtu, eta Espainiako jokalariak begira-begira zirela, Aranguizek, areto futboleko ohiko jaurtiketarekin, baloia sareetara. 0-2.

Busquetsen aukera argia

Zirt edo zart egin beharrean zegoen Espainia, eta, bigarren zatia hastearekin batera, Diego Costak lehenengo eta Busquetsek jarraian, bi aukera argi eduki zituzten amets egiteko. Ezin denean, ezin da, ordea. Espainiari ezer ez zaio ari ondo ateratzen Brasilen. Erabat hautsita, Txilek eduki zuen aukera bikaina emaitza eskandalagarria lortzeko. Islak 68. minutuan, Gutierrezek 70.ean, Alexisek eta Vargasek 75.ean... Emaitza bera izan zen onena Espainiarentzat. Bi partidatan zazpi gol jasota, munduko txapeldunak oso itxura tristea emanda egingo du etxerako bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.