Brasilgo Munduko Kopa. Italia 0. Costa Rica 1

Borreroak txanoa kendu du

Costa Ricak ezustekoa eman du berriz, eta jada sailkatu da final-zortzirenetarako.Italia baino gehiago izan da, eta ondo merezita irabazi dio.Ingalaterra kanpoan geratu da

Costa Ricako selekzioko jokalariak, elkar besarkatuta eta saltoka, atzoko partidako garaipena ospatzen. KAI FORSTERLING / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Gola. 0-1: Ruizek (44. min.). Epailea. Enrique Osses (Txile). Txartel horiak: Italiako Balotelliri eta Costa Ricako Cuberori. Bestelakoak. 40.285 ikusle Arena Pernambuco estadioan.

Ez da ustekabekoa honezkero. Heriotzaren multzoan, biktima borreroa bilakatu da, eta txanoa kendu du. Costa Ricak Uruguairi irabazi zion lehenbizi (3-1), eta atzo Italiari, bi munduko txapeldun ohi. Ez da zortea izan, ezta kasualitatea ere, bi partidetan Costa Rica aurkaria baino gehiago izan delako. Taldeak nortasuna du, Jorge Luis Pintok dituen baliabideak optimizatu ditu, bospasei jokalari on eta ahal fisiko handia. Argudio on eta sendoak dira, eta jada matematikoki sailkatuta dago final-zortzirenetarako. Ingalaterra, aldiz, kanporatuta dago. Bigarren txartela Italiak eta Uruguairen artean erabakiko da, asteartean. Berdinketak Italiari balio dio, gol aldeari esker.

Costa Ricak ekainaren 20a jai egun nazional bilakatuko du martxa honetan. Duela 20 urte, Italiako Munduko Kopan, egun horretan bertan sailkatu zen aurrenekoz final-zortzirenetarako. Orduan, balentriako egileek taxi bana jaso zuten, bizitza guztirako ogibidea izateko. Oraingoan, aldiz, futbol globalago batean, jokalari askok liga hobeetara jauzi egiteko erakusleiho on bat izan dute.

Costa Ricak begietara begiratu zion Italiari. Hautatzaileak irabaziko zutela esana zuen eta partidaren bila joan ziren. Ukituz jokatu zuen, atzetik jokoa eraikiz. Pase luzerik ez, talde handien antzera. Baloa ez zuenean, aldiz, oso goian presionatu zuen, eta Borges Pirloren itzal bilakatu zen. Lonbardiako jeinuak, baina, bi pintzelada on utzi zituen lehen zatian (30. eta 32. min). Bi pase neurtu Balotelliri, eta honek ez zituen baliatu area barrutik. Aurrenekoan gaizki loratu zuen baloia eta bigarrenean Navasek geldiketa ona egin zuen.

Jokoaren ekimena, dena den, Costa Ricak izan zuen. Zelai erdian baloia ukitzen duten bi jokalari trebe ditu, Bolaños eta Bryan Ruiz, eta haien erritmoan egiten du dantza. Aurrean Campbell da erreferentzia, temosoa, borrokalaria eta zorrotza. 43. minutuan Chielinik penaltia egin zion eta epaileak ez zuen adierazi.

Patuak, baina, hurrengo jokaldian kitatu zuen zorra Costa Ricarekin (44. min). Ertamerikako selekzioak ahal ikusgarria du aire jokoan. Uruguairi min asko egin zion erdiraketetan eta atzo Italia baino gehiago izan zen. Bada zerbait Uruguai eta Italia baino hobea izatea buruz. Bada Junior Diazek ezkerretik erdiraketa luzea egin eta Ruizek, bigarren zatian, buruz gola sartu zuen. Atsedenaldian emaitza justua zen.

Prandellik erreakzionatu zuen bigarren zatian, eta Cassano zelairatu zuen Pirlori oxigenoa emateko. Bata zaindu behar izateak bestea libratu zuen. Hala ere Italiak ez zuen arrisku handirik sortu eta talka egin zuen Costa Ricaren bost atzelariko defentsarekin.

Pintok, aldiz, estrategia aldatu zuen, taldea hamar metro atzeratu eta kontraerasoa bilatuz. Ezkerretik saiatu zen eta Diaz eta Bolañosen artean Abatte ernegatu zuten. Ikusgarria Junior Diaz atzeko lerroko ezker hegalekoak eginiko partida. Bukaera gerturatu ahala Italia baloi zuzenekin saiatu zen baina Balotellik nekea sumatu zuen. Uruguairen aurka egin bezala Costa Ricak ondo kudeatu zituen bukaerako minutuak eta azken jardunaldian lasai egongo da, lehen postua ia ziurtatuta baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.