Zaborrik gabeko bidean

Hondakinen bolumena nabarmen jaitsi dute Martin Ugalde kultur parkean, Aranzadi Zientzia Elkartean eta Ibarrako Uzturpe ikastolan. Katilu berrerabilgarriak erabiltzeak ekarri du aldaketarik handiena enpresetara.
Ibarrako Uzturpe ikastolako haurrek eskolan eta jangelan sortzen dituzten hondakinak kudeatzen dituzte egunero-egunero.
Ibarrako Uzturpe ikastolako haurrek eskolan eta jangelan sortzen dituzten hondakinak kudeatzen dituzte egunero-egunero. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Araitz Muguruza -

2015eko otsailak 11
Kultura ez baita botatzekoa. Lelo hori birziklapenaren aldarri erabili zuten iaz Andoaingo Martin Ugalde parkean (Gipuzkoa). Kafe makinetako plastikozko edalontzia kentzea izan zen lehendabiziko urratsa, eta, harekin batera, parkeko enpresetako hondakinak gaika biltzeari ekin zioten. Urtebete igaro da plastikozko edalontziaren tokian katilua erabiltzen hasi zirenetik, eta emaitza esanguratsua lortu dute: 59.643 edalontzi gutxiago bota dira. Hartu dituzten kafeen %95 katiluetan atera dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egindako hitzarmenarekin eraman zuten aurrera biriziklatze plana Martin Ugalde parkean. Izan ere, aldundiak hondakin gutxiago sortzeko egitasmoa jarri zuen abian iaz, Gipuzkoako beste hainbat enpresarekin batera. Horietako bi Aranzadi Zientzia Elkartea eta Ibarrako Uzturpe ikastola dira. Katilu zuri bat izan zen aldaketa adierazi zuen keinua, baina, harekin batera, plan oso bat jarri dute martxan enpresetan.

Mikel Ikatzategi BERRIAko langilea aritu da Kultura ez baita botatzekoa egitasmoan buru-belarri lanean. Orain arteko emaitzarekin pozik dago. «Ez genuen helburu garbirik hasieran, ez genekien zenbateraino hobetu zitekeen. Baina, emaitza ikusita, helburua bete dela esango nuke, aurrerapen handia egin dugu». Ikatzategiren ustez, «gauzak beste modu batera» egin daitezkeela erakusten du Martin Ugalde parkeko esperientziak. 250 pertsonak egiten dute lan parkean. Orotara bost kafe makina daude, eta horietatik 62.782 kafe hartu dituzte: edarietatik ia denak, %95.

Plastikozko edalontzia erabiltzeari uzteko ideia langileen eskutik heldu zela dio Ikatzategik. «Kafe makinak plastikozko edalontziak automatikoki ez botatzeko aldatzeko eskaera egin genuen. Hornitzailearekin harremanetan jarri, eta aldatu egin genuen». Makinaren funtzionamendu berriarekin edalontziaren hautua «erabatekoa» izatea lortu zuten. «Jendea bere katiluarekin joatea bultzatu genuen». Horrekin batera, kafearen kontzeptua banatu egin zuten. «Lehen, edalontzia eta kafea biak batera erosten ziren; orain, edalontzia nahi duenak bakarrik ordaintzen du, ez jende guztiak lehen gertatzen zen bezala».

Kafearekin lortutako aldaketa hedatzea erabaki zuten gero. Sustapen kanpaina bat hasi zuten parkeko enpresa guztiekin elkartuta. Orduantxe izan zuten Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekinbidearen berri. «Baliabideen lorpena erraztu zigun Foru Aldundiarekin hitzarmena sinatzeak».

Enpresa barruan ez ezik, parkeko kanpoko lorategian ere gaikako bilketa jarri zuten. «Gabezia bat zegoen lehen, edukiontzi nahasiak zeuden lehen, organikoa eta errefusa botatzen zen horietara». Orain kolore guztietako edukiontziak daude. Bulegoetan ere gaika biltzeko ontziak jarri zituzten. «BERRIA Taldeko emaitza neurtu dugu, eta oso ona da. Garbitzaileak ehun litroko poltsa bat hondakinez betetzen zuen egunero; orain, berriz, zaborra ez du egunero-egunero botatzen». Langileek, berriz, «oso ongi» hartu zutela gogoratu du: «Lehenago egin izan bagenu, pozik hartuko zuten batzuek».

Aranzadi Zientzia Elkarteko garbitzaileak ere nabaritu du aldaketa. Hondakin gutxiago sortzen dute. Hitzarmena «mugarri bat» izan dela dio Rai Mendiburuk, Aranzadiko ingurumen hezitzaileak. «Instituzionalizatu egin zen nolabait, ordura arte etxean egiten zuenak bulegoan mantendu egiten zuen ohitura, baina antolamendua ez zen horren zehatza». Martin Ugalde parkean egin zuten moduan, sentsibilizazio kanpaina bat egin zuten Aranzadin ere. Edukiontziak, katiluak eta ogitartekoak biltzeko oihala eskuratu zituzten aldunditik. Hogei langile ditu Aranzadik, eta, kafea hamar-hamabost lagunek hartzen dute, Mendibururen arabera. Horien erdiek hartu dute katiluak erabiltzeko ohitura.

Baina Aranzadik ez du Donostiako egoitza barruan bakarrik lan egiten; eta hitzarmenean neurtu zuten egoitzatik kanpoko jarduna ere. Mendiburuk, ordea, ez ditu indusketetako emaitzak horren garbi. «Norbanakoaren esku dago gutxi gorabehera. Birziklatzeko ohitura zutenek mantendu egin dute egoitzatik kanpo; zalantzak zituztenek, berriz, ikasteko eta praktikan jartzeko aukera ezin hobea daukate orain».

Bulegoetan eta jangelan, gaikako edukiontziak jartzeaz gain, beste aldaketa bat ere egin zuten: ordenagailuetan kablearekiko sagua ipintzea. «Pila gutxiago kontsumitzen dugu horrela, eta erosotasunean ere irabazi dugu, lehen saguak funtzionatzeko nahikoa lan izaten baikenuen».

Haurrek barneratu dute

Hondakin gutxiago sortzeko lantegiak ematen ditu Aranzadik hainbat eskolatan —foru aldundiarekin laguntzaz—, tartean, Ibarrako (Gipuzkoa) Uzturpe ikastolan. Hain zuzen ere, Ikastolen Elkarteak ere sinatu zuen hitzarmena. Iker Gibelalde Uzturpe ikastolako zuzendariak azaldu du lantegi horien bidez hondakin gutxiago sortzen ikasten dutela haurrek. «Ikasleak gai dira kontsumitzen dutenaren eta horrek sortzen duen hondakinen arteko erlazioa egiteko; hori da zero zabor filosofiaren bidearen hasiera». Ikasleak kontzientziatzeko planarekin duela hiru urte hasi ziren. Uzturpeko ikasgela guztietan dituzte lau edukiontziak, eta hondakinak kudeatzeaz ikasleak arduratzen direla azaldu du. «Jangelako hondakin organikoarekin konposta ere egiten dute». Haurrek zaborraren gaineko ikuspegia aldatu dutela dio Gibelaldek. «Lehen, hondakinak hondakin huts modura ikusten zuten, eta orain, berriz, berrerabil daitekeen zerbait». Ikasgeletako ohiturak, gainera, ez dira ikastolan geratzen, etxean mantendu egiten dituztela nabarmendu du Gibelaldek. Atez atekoaren bidez biltzen dituzte hondakinak Ibarran.

Basque Culinary Centerrekin eta Kristau Eskolekin ere sinatu zuen ituna foru aldundiak. Ez dituzte datu orokorrak eman, baina pozik daude emaitzekin. Ainhoa Iraola Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako zuzendariak dio hiru arrazoigatik izan duela programak bilakaera egokia: «Hainbat hondakin benetan murriztu direlako, sentsibilizazioa areagotu delako eta beste leku batzuetara eraman daitezkeen proiektuak abian jarri ditugulako». Plan guztiak aurretik egindako diagnosien bidez garatu dituzte.

Etorkizun hurbilean egitasmoarekin jarraituko dutela jakinarazi du Iraolak: «Hondakinak modu iraunkorrean kudeatu nahi baditugu, ezinbestekoa da gizarte osoak parte hartzea, eragile sozial eta ekonomikoak barne».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna