Garbiñe Ubeda. Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria

«Elkartearen erronkak euskararenak ere badira»

Idazlearen figura nobelari edo ipuinari lotuegi ez ote dagoen gogoeta egin du Ubedak. Idazlea, kazetaria eta diseinatzailea da, eta aniztasun hori islatu nahi du Euskal Idazleen Elkartean.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
Maider Galardi
Andoain
2018ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Orain bi hilabete hartu zuen EIE Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaritza Garbiñe Ubedak (Ibarra, Gipuzkoa, 1967). Pixkanaka ari da elkartearen egunerokora moldatzen, baina finkatu ditu helburu batzuk jadanik. Euskal idazleen egoera euskararen egoeraren parekoa dela dio, eta gogoeta egin du eraldaketarako egin beharreko urratsez. Autokritika egin du: «Gauza gehiegi utzi ditugu instituzioen esku». Aukera berriak ere proposatu ditu.

Badira bi hilabete kargua hartu zenuela. Ongi hasi duzu bidea?

Hasi gara, eta ez da gutxi. Geure eguneroko martxa ez da ohiko lantoki batekoa. Zuzendaritza batzordean gabiltzanok mantsoago goaz, hilean behin biltzen gara, baina kokatu naiz, eta jadanik ikusi ditugu erronka batzuk. Nahiko nabarmenak ziren. Elkarteak baditu bi helburu nagusi: batetik, idazleari sustengu morala, fiskala eta nahi bestekoa ematea, eta, bestetik, literaturazaletasuna bultzatzea. Baina helburu horiek ezin dira bete bi gauza isolatu izango balira bezala. Idazleak ez dira beste unibertso batekoak. Idazleen Elkartearen erronkak euskararenak berarenak dira, eta hor gabiltza, ur handitan.

Lehenago ere bazinen zuzendaritza batzordeko kidea, eta izango dituzu lehentasunak.

Gauza bat da elkarte baten barruan egotea, eta bestea funtzionamendua ezagutzea. Elkarteak ikusten ez diren gauza asko egiten ditu barrutik, eta nik horixe ikusi dut zuzendaritzan pasatu ditudan bi urteetan; eguneroko praktika ulertzeko beta izan dut. Orain etorri da erronka pertsonala. Zuzendaritza taldeak nondik eraman nahi du taldea? Nora jo nahi dugu elkarte moduan? Eta hor ikusi ditugu lehentasun batzuk.

Zein dira, bada, ildo horiek?

Batetik, ikusi dugu, nekeagatik eta legeak aurrera egiten uzten ez digulako, agian inertzia batean erori garela. Gipuzkoara eta Bizkaira gehiegi mugatzen hasi ginen. Pixkanaka, Nafarroan gobernua aldatu denetik, lortu dugu zenbait idazle eskoletara eramatea. Hori oso positiboa izan da. Orain, gure erronka bada Lapurdira, Nafarroa Beherera eta Zuberoara ere hedatzea, eta proiektu batzuk abian jartzea. Bestetik, gutxi dira idaztetik bizi diren idazleak. Gehienak beste ofizio batean aritzen dira, eta liburua ateratzen dutenean arazo fiskalak sortzen zaizkie, bereziki Hego Euskal Herrian.

Zein dira idazlearen eguneroko arazoak, eta nola egin aurre?

Liburua argitaratu ostean, idazleek sustapen lana egin behar dute, eta arazo fiskal ikaragarriak sortzen dira, pertsona horri eskatzen zaiolako enpresa batek bezala funtziona dezan. Askotan, dirua galtzen ere ateratzen dira. Hor badago zeregin handia. Idazlearentzat, eta, areago, euskara lan tresna duenarentzat, estatus berri bat eskatu behar dugu. Frantzian, esaterako, kazetariek badute estatus berezi bat, aitortzen zaielako lan soziala egiten dutela. Gure hiru administrazioek hori bera aitortzea da nire ametsa, guk egiten duguna onura sozial bat baita. Gure altxorra, gure kultura, alegia, zaintzen eta eguneratzen laguntzen dugu.

Lurraldetasuna ardatz bat dela aipatu duzu, eta, horren adibide, zuzendaritza batzordean nazio ikuspegia txertatu duzue, ezta?

Ez da berria lurralde osoko kideak izatea zuzendaritza batzordean. Bereziagoa da idazlearen profil asko kontuan hartu izana, ez bakarrik fikzioa idazten dutenenak. Hala, taldea osatzen dugu Nora Arbelbidek, Peru Iparragirrek, Ana Galarragak eta lauok.

Idazlearen figura eraberritu beharra azpimarratu duzu.

Idazlea ez da liburuak idazten dituena soilik; areago, gaur egun liburu kontzeptua bera ere lausotzen ari da. Gure elkartean bertan badaude gidoilariak, era askotako idazleak... Ana Galarragak aniztasuna ematen dio zuzendaritza batzordeari. Berak ez du literatur idazle profila, baina idazlea da, idazten duelako. Idazlea liburuari eta fikzioari lotuegi ikusten dut nik. Idazteko eta argitaratzeko moldeak aldatzen ari dira, eta hori berreskuratu behar dugu.

Mota askotako 350 idazletik gora zarete elkartean. Nola bermatu babesa horiei guztiei?

Oro har, sostengua ematea da xedea, baina egia da batez ere literatur produkzioari eman zaiola garrantzia; eskoletako irakurzaletasuna sustatzeko programetara literatur idazleak joaten dira soilik. Horregatik, aro berri honetan garrantzitsua izango da bestelako idazleak ere indartzea. Ikusiko dugu bide horretan zer gehiago egin dezakegun, baina aukerak zabaldu behar ditugu.

Beste helburu bat ere nabarmendu duzu: idazleen eta euskara lan tresna dutenen lan baldintzak hobetzea. Prekarioa da egoera, beraz.

Prekarioa baino okerragoa da idazlearen egoera, profesionala ere ez delako. Ezin du hortaz bakarrik bizi. Esango nuke soilik idazteaz ez dela inor bizi. Profesionalak, liburua idatzi ondoren, irakurle klubetara joaten dira, eskoletan hitzaldiak ematen dituzte... Baina horiek oso gutxi dira. Horregatik, idazlearen egoera prekarioa baino okerragoa da.

Azken hilabeteetan, hainbat ikerketak eztabaida piztu dute, euskal kultura gutxi kontsumitzen dela eta. Horrek badu eraginik idazlearen egoera kaxkarrean?

Niretzat tranpa ikaragarria da baloratzea zenbat irakurtzen den baloratu gabe euskararen panorama zein den.

Nolakoa da egoera, bada, zure ustez?

Goizetik hasi eta gauera arte eskuartean ditugun elementu guztiek, elikagaiek, etxetresnek, iragarkiek-eta erdaraz ematen dute informazioa, eta etengabean ari gara horrelakoak irakurtzen. Euskaldunak ahalegin eternoan aritu behar du, baldin eta euskaraz biziko bada. Hori da gure errealitatea, eta ez zenbat liburu argitaratzen ditugun eta irakurtzen diren euskaraz. Euskarazko liburu bat hartzea ekintza ikaragarri politiko bat da, ez baitago ez erraztasunik, ez ezer. Guri zer gustatuko zaigun eta non erosiko dugun kanpotik ezarri zaigun zerbait da. Ahalegin handia egin behar da, eta, gainera, ez dugu ikusgarritasunik ere.

Hortaz, beste ikuspegi bat behar da halako analisiak egiterakoan.

Ikerketa horrek jendea errudun bilakatzen du. Ematen du irakurleen arazoa dela gehiago ez kontsumitzea. Baina ez da hala. Irakurtzea ez da sekula zerbait masifikatua izan, futbolaren moduan, eta, hortaz, ez da sustatzen futbola izango balitz bezala. Zenbat milioi gastatzen dituzte gobernuek futboleko azpiegiturak egiten? Eta zenbat kultura sustatzeko? Altzairua bera Eusko Jaurlaritzak diruz babesten du, eta gero kexu dira euskarazko ekoizpena ekonomikoki babestu behar dela esaten dugunean. Oso tranpa itsusietan erori gara. Beraz, sekulako ahalegina eskatzen du euskarazko liburu bat ikusteak eta ondoren eskuratzeak.

Lehenago ere aipatu duzu; euskal idazleek ez duzue ikusgaitasunik?

Gizartea aldatu egin da, eta ohiturak ere bai. Gaur egun, kultura saltoki handietara eraman dute. Non dago hor euskal literatura? Txoko batean dago, batere sailkatu gabe, eta, gainera, erregionalismo kutsu nabarmenarekin. Batetik, erregionala txarragoa delakoan, eta, bestetik, bertakoa delako. Aldiz, gainontzeko literatura guztiak banatuta daude autoreka eta generoka.

Ikusgaitasunik ez, baina Jakin-ek antolatutako Zenbat gara? Nondik jo? mahai inguruan aipatu zuten inoizko euskal literatur ekoizpen oparoena dagoela.

Esango nuke irakurlea bera sortzailea dela, eta horregatik badugula sortzeko halako joera bat. Gainera, baliabide minimo batzuk baditugu ekoizpenerako. Baina hori ez da nahikoa. Testuingurua aldatu behar da. Euskara irakasteko helburua nolabait bete da, baina erabilera sustatzeko plan handirik ez dago, ez eta hizkuntzaren kalitatea bera hobetzeko ere.

Badirudi euskal kulturaren eta oro har euskararen egoera hobetzeko eztabaidak plaza hartu duela. Sortzaile gisa, sentitzen al zara —eta sentitzen al da idazleen elkartea— eztabaidaren parte?

Eztabaida horiek gehiegi bideratzen dira instituzioetatik, eta, era berean, sortzaileok ez gara gauza izan elkartzeko eta irizpide batzuk zehazteko. Hori ez dugu egin. Egon dira saioak, baina ez gara gauza izan indar bat egiteko edo lobby bat osatzeko. Hori behar dugula iruditzen zait; presio talde bat, guztiok bilduko gaituena, ez bakarrik arduratuta gauden elkarteak. Sortzaile guztiak, eta baita euskararen munduan dabiltzan guztiak ere. Talde horrek balio beharko luke euskararen egoera hobetzeko eta gutxiengo baldintza batzuk eskatzeko. Azken finean, indarra egiteko. Ez badira gauzak aldatzen, euskarak nekez emango digu jaten.

Eta instituzioek zer erantzukizun dute?

Instituzioak beti daude harrapatuta. Beraz, erakunde batek euskal idazleak lagundu nahi baditu,erdal idazleak berehala etorriko zaizkio gutxietsi egiten dituztela esaten. Izan ere, legeak behartzen ditu guztiei tratu bera ematera. Nire ustez, ordea, ezin dute guk eskatzen duguna eskatu. Instituzioek egiten dute bientzako baliagarria dena, baina guri horrek dagoeneko ez digu balio. Guk estatus berezi bat behar dugu, baina hori ez dugu instituzioen bidez lortuko; guk geuk elkartu behar dugu. Euskara ez da lege horietan kabitzen, eta geuk egin behar dugu geurea; instituzioek babesa eman beharko digute. Baina, lehenik, geu elkartu behar gara. Horregatik, Euskal Idazleen Elkarteaz edo bestelako elkarteez hitz egitea, finean, euskararen egoeraz hitz egitea da.

Euskal Idazleen Elkartea bada elkargune horietako bat, baina azken plan estrategikoa 2008. urtekoa da.

Egia da hori. Oraindik ez diogu gai horri heldu, baina egin beharko dugu beste bat. Ezinbestean egin behar diogu aurre horri. Hamar urte pasatu dira ordutik, eta berritu egin behar dugu. EIEk plan estrategiko bat egin behar du, eta, era berean, plan estrategiko bat egin behar zaie euskarari eta euskararen langileei. Hori guztiok batera osatuko dugu.

Beraz, Euskal Idazleen Elkartea pieza garrantzitsuetako bat da euskararen normalizaziorako bidean?

Garrantzitsua ez dakit, baina pieza bat bai, behintzat. Idaztea kulturaren oinarri-oinarrian dago, baina, lehen esan dudan bezala, gauza asko idazten dira, eta ez soilik literatura. Nire ikuspegia da idazleen aniztasun hori kontuan hartuta gure lana are aberatsagoa izango dela. Idazlearen lana oso garrantzitsua da arlo askotan; gidoilaria delako, dibulgatzailea delako, musika kantuak idazten dituelako... Horiek ere ari dira hizkuntzaren normalizaziorako lanean.

Zuk zeuk ere askotariko lanak egin dituzu, eta orain gazte literatura egiten ari zara, ezta?

Ez zaizkit etiketak gustatzen, eta horregatik egin izan ditut era askotako lanak. Horrek ez du esan nahi nire erabakia onena denik. Hala ere, nik askatasun hori behar dut; bestela, ito egiten naiz.

Gainera, orain EIEko lehendakari izango zara lau urtez.

Ikasketa prozesu bat izango da, gauza berriak kudeatzeko. Modu honetan zuzendaritza baten barruan nagoen lehen aldia da; beraz, posible da hanka sartzea, baina ez naiz lotsatuko horregatik. Espero dudana da aipatutako helburuak bidean ez ahaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.