Brasilgo Munduko Kopa. Uruguai 1. Costa Rica 3

Herdoil gehiegi soinean

Costa Ricak ondo merezita eta ezustekoa emanez irabazi du.Uruguai, joko eta argirik gabe, ezinean aritu da aurkariaren ahal fisiko eta ordenaren kontra

Oscar Duarte, bigarrena ezkerretik, atzoko partidan sarturiko gola Costa Ricako selekzioko kideekin ospatzen. PAOLO AGUILAR / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Cavanik (pen, 24. min.); 1-1: Campbellek (54. min); 1-2: Duartek (57. min.); 1-3: Urenak (83. min.). Epailea. Felix Brych (Alemania). Txartel horiak: Uruguaiko Lugano, Caceres eta Garganori; eta Costa Ricako Gamboari. Txartel gorriak: Uruguaiko Pereirari (93. min). Bestelakoak. 60.000 ikusle inguru Fortalezako Castelao estadioan.

Herdoila soinean eta lokatza zapatetan balu jokatu zuen. Uruguai, atzo, ez zen izan duela lau urte ezustekoa eman zuen selekzio oldarkor eta indartsu hura. Costa Ricaren aurka ezinean aritu zen eta ez dirudi urrun iristeko hautagai denik. Are gehiago, ondo kostata pasako du lehen faseko langa. Irudi kaskarra eman zuen, eta hein handi batean Costa Ricaren erruz izan zen. Costa Ricak ez du konpartsa hutsa izan nahi eta bere argudioak zeintzuk diren erakutsi zuen: ahal fisiko handia, geldikako baloietan zein zaintza lanean, eta ordena.

Costa Ricak bere armekin irabazi zion Uruguairi eta Munduko Kopako lehen ezusteko handia eman zuen. Italiako eta Ingalaterrako hautatzaileek atzoko partida ikusi eta ondo aztertu beharko dute, multzoko talde ahulena zirudiena ez delako ahula. Defentsa lanean zorrotza dela jakina zen, ordenatua eta sakrifizio ahalmen handiarekin. Erasoan, aldiz, talentu handirik izan ez arren, hegaleko biziak ditu, eta buruz oso ondo doazen jokalariak. Ikustekoa izan zen geldikako jokaldietan nola hartu zion gaina Lugano, Godin eta enparauei. Talde gutxik izango dute Uruguaik adina ahal buruz jokatzeko, bada Costa Rica gehiago izan zen.

Geldikako jokaldietan eman zion buelta partidari bigarren zatiko lehen ordu laurdenean. Erdiraketa eta falta bana, bi gol erdiko atzelarien bizkarrean. Hirugarren gola, aldiz, partida erabaki zuena (83. min), Campbell aurrelariaren pase bikain baten ondoren iritsi zen. Aurrelari biziak gol bat sartzeaz gain erabat erotu zuen Uruguaiko atzeko lerroa. Partida bikaina egin zuen. Costa Ricak, baina, bi izar ditu, aurrelaria eta atezaina. Uruguaik izandako aukera on eta urrietan, Keylor Navasek meritu handiko bi geldialdi egin zituelako.

Uruguai, aldiz, guztiz kontrakoa izan zen. Lehen zatian Luganori eginiko zalantzazko penalti bati esker aurreratu zen (24. min.), eta zailena egina zegoela zirudienean ez zuen abantaila kudeatu. Eskarmentua kiloka du, baina hankek lagundu ezean frustrazio bilaka daiteke. Eredu garbiena Pereira izan zen, 93. minutuan Campbelli eginiko falta bortitzean. Jokoa sortzeko arazo handiak ditu eta atzean itxoiten dioten taldeen aurka asko sufritzen du. Tabarezek lan handia du jokalariak pizten, eta itxaropen guztia izen batengan jarria du: Luis Suarez. Aurrelariak ez zuen jokatu, eta lesio batetik irten berritan ardura handiegia bota diote gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.